Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

"Jantoki Lakua" proiektuak saria jaso du 2018ko CNIS sarietan

egilea: Juan Luis Ronco, 

"Jantoki Lakua" proiektua, Lakuako jantokiko tiketen bizitza-zikloa digitalizatzeari buruzkoa (tiketen emisioa, kontsumoa eta kontabilizazioa), “Administrazioan eskudirurik gabe ordaintzeko soluziorik onenaren” saria jaso du Berrikuntzaren eta Zerbitzu Publikoen VIII. Kongresu Nazionalean (2018ko CNIS).

Proiektuaren lorpenak

Hauek dira proiektuaren lorpenak:

  • Orain arte, jantokiaren erabiltzaileek paperezko tiketak erosten zituzten, makina saltzaileetan, eskudiruz. Orain, ordea, tiket birtualak erosten dituzte, Interneten, hodeian dagoen “diru-zorro” batean, euskal administrazio publikoen ordainketa-pasabideak erabiliz.
  • Erabiltzaileek beren “diru-zorroa” kudea dezakete, web aplikazio bat edo IOS/Android app mugikorrak erabiliz.
  • Jantoki-zerbitzuko langileek erabiltzaileen tiket birtualak irakurtzeko gailu bat erabiltzen dute, paperezko tiketak bildu ordez. Horrela irakurritako tiketak –paperean edo mugikorrean aurkez daitezke– sistema zentralera bidaltzen dira automatikoki.
  • Sistema zentrala denbora errealean eguneratuta dago, eta horrek zerbitzua kudeatzen laguntzeko aginte-koadro bat edukitzeko aukera ematen du.
  • Diru-sarrerak automatikoki kontabilizatzen dira, eta ez eskuz.

Bost moduluk osatzen dute aplikazioa

Modu errazean kudeatzen delako nabarmendu da proiektu hau; baina sistema konplexua da, eta bost modulu hauetaz osatuta dago:

1) Erabiltzailearen web aplikazioa/zerbitzuaren bezeroari

Erabiltzaileek [jantokiko zerbitzua] web aplikazio bat dute, honako hauek egiteko aukera ematen diena:

  • Aurreikusitako menua kontsultatzea.
  • Tiketak eskuratzea, gero jantokian aurkezteko.
  • Erosketen historikoa kontsultatzea.
  • Tiketen kontsumoaren historikoa (erabilera) kontsultatzea.
  • Tiketak beste erabiltzaile batzuei transferitzea.

2) Erabiltzailearen app mugikorrak/zerbitzuaren bezeroari (Android/iOS)

Nahiz eta web aplikazioa edozein gailutara egokitu daitekeen (responsive), aplikazio berriak eraiki dira IOS/Androiderako, webaren funtzionaltasun berberarekin, baina abantaila batzuekin:

  • Erabilgarritasun hobea dute, ad-hoc garatzen baitira plataforma bakoitzerako.
  • Aukera ematen du sistema off-line erabiltzeko (datu-sarea erabilgarri ez dagoenean edo sistema zentrala erortzen denean).

3) Tiketak irakurtzeko aplikazioa jantokian zerbitzatzen duten lankideentzat

Jantokiko langileek gailu rugerizatu bat erabiltzen dute, tiketak irakurtzeko app bat duena. Tiketak honela aurkez ditzakete bezeroek:

  • Mugikorrean (bezeroak app natibotik aurkez dezake tiketa).
  • Paperean (bezeroak tiketa inprimatzen du, webetik).

Irakurgailuak sistema zentralari lotuta daude, hari gabeko sistemaren bidez (Wifi/4G); modu horretan, sistema zentralak zerbitzuaren argazki bat dauka, denbora errealean. Baina, jangelako zerbitzua postu kritikoa da, denbora laburrean ehunka laguni eman behar baitzaio jaten, eta ezin da egon intzidentzia teknikoen mende (adib: konektibitatea edo sistema zentralaren erabilgarritasuna). Horregatik, irakurgailuek off-line funtziona dezakete, eta automatikoki sinkronizatu sistema zentrala erabilgarri dagoela detektatzen duenean.

4) Erabiltzailearen aplikazioa/barnekora, zerbitzua kudeatzeko

Oraingo tiket guztiak birtualak direnez, denbora errealean ikusten da zerbitzua: emandako tiketak, erabilitako tiketak, eta abar. Horrek zerbitzuaren aginte-koadro bat edukitzeko aukera eskaintzen du, informazioa hau ematen duena:

  • Hornikuntza-premiak aurreikus daitezke: noiz eta zenbat erosi.
  • Langile-premiak aurreikus daitezke: zenbat langile behar diren zerbitzua eskaintzeko.
  • Zerbitzuaren eboluzioaren ikuspegia eskaintzen du.
  • Eta abar.

5) Sistemaren nukleoa

Sistemaren nukleoak sistemaren logika guztia eskaintzen du, eta honako zerbitzu hauek ematen ditu:

  • Web zerbitzuak eskaintzen dizkie erabiltzailearen interfazeei (web publikoa, app mugikorra eta barne-kudeaketa).
  • Web zerbitzuak eskaintzen dizkie jangelako langileek erabiltzen dituzten irakurgailuei.
  • Negozio-logika kapsulatzen du, eta elkarreraginean aritzen da kanpoko beste sistema batzuekin (ordainketa-pasabidea, SIPCA; posta-plataformak; mezularitza…).
  • Diru-sarrerak automatikoki kontabilizatzen ditu.

Finalista izan diren Eusko Jaurlaritzaren beste proiektuak

Azkenik, azpimarratu nahi dugu Berrikuntzaren eta Zerbitzu Publikoen VIII. Kongresu Nazional honetan Eusko Jaurlaritzaren beste proiektu batzuk finalistak izan zirela 2018ko CNIS sarietan:

  • Herritarren Partaidetzarako proiektu onenaren kategorian, "Etxebizitzaren Euskal Behatokia, hitz egingo dugu?".
  • Datuen Kudeaketari buruzko proiektu onenaren barruan: Big Data/Irekiera/Berrerabilpena, "Eusko Jaurlaritzako estekatutako datuen Ekosistema".