Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Gardentasun instituzionala eta artxiboen eginkizuna

egilea: Pegip2020, 

Eusko Jaurlaritzako Herritarrak Artatzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko zuzendari Javier Bikandik, urriaren 9tik 11ra bitartean UPV/EHUko Bizkaia Aretoan antolatutako “Unibertsitateko Artxiboen XXV. Jardunaldietan” parte hartu zuen joan den ostegunean.

Espainiako Unibertsitateetako Artxibozainen Konferentziak (CAU) urtez urte antolatzen dituen jardunaldi hauek “Dokumentuen eskuragarritasuna unibertsitateko artxiboetan: gardentasunaren, datu babesaren eta ikerkuntzaren artean” delako gaia izan dute ardatz aurtengo edizioan, Euskal Herriko Unibertsitateko Artxibo Nagusiaren lankidetzaz.

Gardentasun instituzionala eta artxiboen eginkizuna” izenburuko hitzaldian, Javier Bikandik Gobernu Onaren bultzada eta balio publikoaren sorrera oinarri dituen Eusko Jaurlaritzaren gardentasun-ereduaren errepasoa egin zuen. Horrekin batera, kudeaketa dokumentalak gardentasuna bultzatzeko ahaleginean duen garrantzia nabarmendu zuen.

Bertan bildutako 60 bat pertsonaren aurrean, Bikandik, gardentasunak administrazio onaren zein gobernu onaren aldeko funtsezko tresnatzat duen garrantzia azpimarratu zuen, oinarrizko bi printzipio hauen arabera:

  • Gauzak ondo egitea
  • Gauza onak egitea

Balio publikoaren sorrerari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren eredua azaldu zuen: lidergo sendoa gailurrean, erantzukizunezko ikuspegia banatuta (kargudun publikoen artean, enplegatu publikoen artean eta herritar antolatuen zein antolatu gabeen artean) eta lan-kultura berri bat, antolaketa arloko tresnetan oinarrituta; besteak beste:

  • Gardentasunari buruzko sailarteko batzordea
  • Informazio publikorako sarbideari buruzko euskal batzordea
  • Tramitagune - administrazio arloko espedienteen kudeaketa
  • Sarbidea izateko eskubideaz baliatzeko eta sarbidea ukatzearen ondoriozko erreklarazioak egiteko prozedura
  • Gardena - Gardentasunaren ataria
  • Legegunea - Euskal araudiaren ataria
  • Kudeaketa dokumentalaren eta artxiboen sistema

Kudeaketa dokumentalak gardentasunean duen garrantziari dagokionez, euskal ereduaren erabilerari buruzko ikuspuntu bikoitza nabarmendu zuen:

  1. Barne-kudeaketarako tresna bezala, administrazioko organoen barne-kudeaketa elektronikoan txertatuta, eraginkortasuna eta kontuak ematea bermatzeko.
  2. Gardentasunaren aldeko tresna bezala, gobernu irekia bultzatzeko ahaleginaren barruan, gardentasunari buruzko arauak eta herritarrek informaziorako sarbidea izateko duten eskubidea betetzen direla bermatzeko.

Kudeaketa dokumentalaren barruan, banan-banan deskribatu zituen zeintzuk diren inplikatuta dauden organoak eta gauzatzeko tresnak, baita dokumentu elektroniko baten bizitza-zikloa ere, erregistratzen denetik artxibo nagusian sartzen den arte.

Eusko Jaurlaritzako informazio publikoaren inguruko zerbitzu batzuen erabilera eta ebaluazioari buruzko datuak eman ondoren, Bikandik garrantzi handiko mugarritzat jo zuen Euskadi Gobernu Irekirako Nazioarteko Aliantzan (OGP) sartu izana, aliantza horri dagokion kudeaketa dokumentalari buruzko bi ideia nagusi nabarmendu zituelarik:

  1. Kudeaketa dokumentalak gobernu irekiaren bultzada egituratzeko duen eginkizuna eta, informazio-gizartearen erraztasunei esker, gobernantza publikoa hobetzeko eskaintzen duen aukera.
  2. Herritarrei zuzendutako eta irekitako partaidetza handiagoko artxiboak sustatzeko premia.

Hitzaldian erabilitako aurkezpen osoa eskura daiteke esteka honetan.