Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Zuzenean zerbitzuak arreta presentziala emango du berriro maiatzaren 21etik aurrera, soilik aurretiko hitzorduarekin

zuzenean

egilea: Pegip 2020, 

Zuzenean, Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Arreta Zerbitzua, arreta presentziala ematen hasiko da berriro, ostegunean, maiatzaren 21ean. Aurrez, online hitzordua eskatu beharko dute pertsonek euskadi.eus atariaren bidez, eta hitzordua lortzen badute eta ezarritako orduan soilik joan beharko dute.

Gobernu Kontseiluak aste honetan “Covid-19aren pandemiaren ondoriozko egoeraren deskonfinamenduan herritarrei arreta emateko neurriak ezartzen dituen Akordioa” onartu ondoren, Vitoria-Gasteizko Ramiro de Maeztu kaleko bulegoa, Donostia-San Sebastiángo Andia kalekoa eta Bilboko Kale Nagusikoa ohiko ordutegian irekiko dira (8:00etatik 19:30era), baina aurretiko hitzordua beharko da bertaratzeko.

Astelehenean, maiatzaren 18an, Eusko Jaurlaritzak Euskadi.eus bidez hitzordua eskatzeko web-sistema jarriko du abian. Sistema erraza da eta mugikorretik, tabletatik edo ordenagailutik irisgarria.

Arreta presentziala hasiera batean izapideei erantzuteko eta dokumentazioa erregistratzeko baino ez da zabalduko. Herritarrentzako kontsulta- eta informazio-zerbitzua 012 telefonoaren, Telegram bat-bateko mezularitza-zerbitzuaren (688 671 234) eta Euskadi.eus-eko kontaktu-buzoi digitalaren bidez eskaintzen jarraituko da. Nabarmentzekoa da une hauetan, Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Arreta Zerbitzuko taldeak, hiru kanal horien bidez, egunean ia 3.000 kontsultari ematen diela arreta.

Administrazio digitalari bultzada bat emateko eta online kudeaketaren esperientzia hobetzeko helburuekin, Zuzenean zerbitzuaren bulegoetara izapide presentzialen bat egitera doazen pertsona guztiek unean bertan identifikazio digitaleko sistema bat eskuratuko dute, ofiziala eta doakoa; haren bidez, beren izapidearekin jarraitu edo lineako segimendua egin ahalko dute. B@kQ” IZENPE Autentifikazio, Ziurtapen eta Sinadura Digitalaren Euskal Agentziak ematen duen eta erabiltzeko oso erraza eta segurua den identifikazio elektronikoko baliabidea da.

Eusko Jaurlaritzak identifikazio-sistema hori, gainera, besteak beste, Lanbideren bulegoetan, KZ Guneetan, osasun-zentroetan eta hainbat udaletan eskura daitekela gogoratu nahi du, administrazioarekiko harreman digitala eta segurua bermatzeko.

Azkenik, zerbitzuen 100% modu elektronikoan eskaintzeko helburuaren bide honetan, on-line tramitazio horri euskarria ematen dioten plataformetako garapen teknologikoez gain, oso garrantzitsua dela herritarrei zuzendutako informazio eta sentsibilizazio lana nabarmendu nahi dugu. Ildo horretan, aurreko post baten infografia sinple hau partekatzen dugu berriro, izapidetze elektronikoak eskaintzen dituen onurak eta horretara iristeko bidea modu errazean erakusten dituena: