Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Elkarlan zuzenbideko elkartea: adosteko modu berri bat

egilea: Gotzon Bernaola, 

Duela ia 4 urte, 2014ko ekainean, Euskal Autonomia Erkidegoan elkarlan-zuzenbidean lan egiten duten erakunde pribatuen lana aintzatetsi zuen Eusko Legebiltzarrak, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu zion lurraldean elkarlan-zuzenbidea sustatu eta indartzeko egiten ari zen jarduerekin jarrai zezala.

Euskal Autonomia Erkidegoa aitzindaria izan da estatu-mailan, eta erreferente bihurtzen ari da nazioartean elkarlanean oinarritutako zuzenbidea eta jardunbideak hainbat eremutan (enpresetan, familietan eta administrazio publikoan bertan) sartzeko moduagatik. Hori dela eta, azaroaren 20an, Elkarlan Zuzenbideko Euskadiko Elkarteak agerraldia egin zuen Eusko Legebiltzarreko Justizia eta Lan Batzordean, Elkarteak berak eskatuta, eskerrak eman, bere esperientziak partekatu, EAEko gizartean izan duen eraginaren ikuspegia entzun, eta egin daitezkeen lankidetzak aztertzeko.

Elkarteko ordezkariek berariaz azpimarratu zituzten urte hauetan guztietan 1000 pertsona baino gehiagoren mugimendua eta prestakuntza sustatzeko egin den lana. Halaber, nabarmendu zutenez, hainbat jarduera egin dira elkarlanean oinarritutako zuzenbidearen eta jardunbideen eremua Jaurlaritza sustatzen ari den beste estrategia eta plan batzuekin eta beste arlo batzuetan (enpresan, lanean, familian eta abar) “ADRak aplikatzeko eredu berriak (gatazkak ebazteko bestelako metodoak)” martxan jartzearekin “bat egin, txertatu eta konektatzeko”, gatazkari aurrea hartzen eta lehiakortasuna hobetzen laguntze aldera, EAErako garapen ekonomiko eta sozial iraunkorra sustatu ahala. Hau da, Elkarteak “ez du garai berrien trena galdu nahi; aitzitik, gai horien abangoardian egon nahi du”. Bere ustez, izan ere, “elkarlanean oinarritutako zuzenbidea edo jardunbideak defentsa juridikoa eta justizia ulertzeko modu berria dira, printzipio eta balio jakin batzuetan oinarrituta”.

Eusko Legebiltzarreko Justizia eta Lan Batzordean harrera ona izan zuten gauzatzen ari diren jarduerek eta ekimenek, eta horiek hedatzen jarrai dadila eskatu zuen Batzordeak. Baina, agerraldi horretan zerbait bereziki azpimarratu beharko banu, hiru alderdi nabarmendu nahiko nituzke:

  • Lehenik eta behin, Elkarteak Batzordeko kideei galdetu zien ea elkarlanean oinarritutako zuzenbidea edo jardunbideak erabilgarri izan daitezkeen Legebiltzarraren baitan, ea beharrizan bat iruditzen zaien eta zein eremutan behar izango litzatekeen. Batzordeko kideek azaldu zutenez, paradigmak hautsi ziren, agerraldi batean lehenengo aldiz gonbidatua izan baitzen lankidetzan aritu ahal izateko galderak planteatu zituena, kontuan hartuta normalean gonbidatuaren esana baino ez dela entzuten.
  • Esku hartu zuten legebiltzarkideek ekimenaren izaera berritzailea aitortu zuten, eta harrituta agertu ziren enpresa-berrikuntza kudeatzeko munduarekin lotutako metodoak erabili zirelako. Halakoak entzutea, izan ere, ohikoagoa izaten da ekonomiaren garapeneko batzordean, laneko eta justiziako batzordean baino. Halaber, gehiago jakiteko interesa erakutsi zuten, ekimenak euskal tradizioekin, adostasunaren kulturarekin eta antzinako balioekin duen lotura dela eta.
  • Eta, azkenik, justiziaren eremuan halako berrikuntzak sartzea ekimen positibotzat jo da, auzitegietan errekurtso-kopurua murrizten lagun baitezake, eta, halaber, hainbat abantaila lortu, besteak beste: justiziaren eremuan gaur egun dauden kostuak nabarmen aurreztea, gizarte-kohesioan eragina izatea, eta, nola ez, “garrantzi handiko” aldaketak sortzea gure gizartean orain arte gatazka jorratu den moduan.

Agerraldiari buruzko informazio gehiago eskuratu nahi baduzue, hona hemen Legebiltzarreko Batzordeko esku-hartze guztiak jasotzen dituen lotura:

http://www.legebiltzarra.eus/BASIS/izaro/webx/cm_scomisc/DDW?W=sco_clave='2017112009000003'&R=N

Amaitzeko, eskerrak eman nahiko nizkieke Carmen Aja, Alkain Oribe, Maria José Anitua eta Joanes Alkortari, aurkezpen bikaina egin zutelako eta EAEn elkarlanean oinarritutako zuzenbidearen eta jardunbideen eremuan zeregin benetan garrantzitsua garatzen ari direlako. Animo eta aurrera.