Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Eusko Jaurlaritzaren Egoitza elektroniko berria

Egoitzaren diseinu berriaren pantaila

egilea: Kristian Del Barrio, 

PEGIPeko helburu estrategiko bat Eusko Jaurlaritzaren zerbitzuen eskaintza osatzea da eta horrekin batera, zerbitzu horien erabilgarritasuna hobetzea ere.

Helburu horri erantzuna emateko Zerbitzu publikoen erabilgarritasuna eta erabilerraztasuna hobetzeko proiektua: Egoitza elektronikoa eta inprimaki elektronikoak (3.4 proiektua) sortu zen.

Proiektu horretan, hizkera argia erabiliz zerbitzu publikoen erabilgarritasuna hobetzea bilatzen da. Horrela, herritarrek behar duten informazioa errazago aurkitu eta ulertu dezakete eta tramitazio elektronikako tresnak ere modu erraz eta efiziente batean erabil ahal izango dute.

Erabilgarritasuna hobetzeko helburu horri helduta, 2018. urtean zehar Egoitza elektronikoaren diseinu berri batean lan egin dugu eta abenduaren bukaeran, azkenik, webgune berria argitaratu dugu:

https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa

https://www.euskadi.eus/sede-electronica

Egoitza elektroniko berri honen berritasunak

Nabigazio-egitura berri bat, intuitiboa eta zuzenagoa

Orain, edukiak beste modu batera taldekatzen dira. Taldekatze hori 2 irizpide hauetan oinarritzen da:

  • Beste egoitza elektronikoen informazio-arkitekturan egindako ikerketa
  • Erabiltzaileen portaeraren analisia egoitzaren webgunean (2018.urtean, 1,7 miloi bisita eta 4,1 miloi ikusitako-orri baino gehiago)

Euskadi.eus webgunearen diseinuari egokitua eta barneratuago

Aurreko Egoitza elektronikoak eta euskadi.eus webguneak diseinu ezberdina zuten eta ez zen nabigazio-egitura bera mantentzen.  Ez zegoen nabigazio modu bateratu bat eta horrek erabiltzaileari nabigatzeko bi modu ezberdin ikastera behartzen zion.

Orain, diseinu berean dagoenez, nabigatzeko eta edukira sartzeko modua ezagutzea errazagoa da.

IVAPeko Administrazio Hizkeraren Atalaren laguntzarekin edukiak eta testuak egokitu dira

Zerbitzu publikoen erabilgarritasuna hobetzeko proiektuak hizkera administratibo argia eta irakurketa-errazaren inguruan ekintza zehatz batzuk barneratzen ditu. Egoitzaren kasuan ere testu batzuk berridatzi dira komunikazio argia eta ulergarria lortzeko helburuarekin.

Gailu mugikorretara egokitzen da

Edozein gailu mugikorraren bitartez (telefonoa edo tableta) edukietara eta tramitaziora sartu zaitezke.

Sartu eta diseinu berriari buruzko iritzia ere eman: Orrietan baduzu esteka bat, pantailako beheko eta eskuineko aldean, zure balorazioa eta iruzkinak egiteko.