Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Euskadiko Administrazio Orokorreko kide anitzeko organoen ebaluazioa eta hobekuntza

egilea: Mónica Soto del Río, 

Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko 2020 Plan Estrategikoaren helburuak (PEGIP 2020), besteak beste, hauek dira: “Administrazioaren eta bere sektore publikoaren antolaketa-egitura egokitzea herritarren egungo beharretara eta eraldaketa digitalaren, elkarlanaren eta berrikuntzaren edo gobernu onaren ondoriozko lan egiteko modu berrietara, eta Administrazio publikoan gardentasuna, parte-hartzea eta lankidetza sustatzea”.

Premia publiko hauei lotuta:

  1. Administrazio publikoaren funtzionamendua erregimen demokratiko aurreratu baten eskakizunetara egokituta egotea; horretan, herritarrek kontrol zuzena dute erakundeen jardunean eta eginkizun erantzunkidea dute politika zein erakunde publikoak diseinatzen, gauzatzen eta ebaluatzen.
  2. Politika publikoen kudeaketa sarean diharduen eredu parte-hartzaile eta barne-hartzaile bat izatea oinarrian, kanpoko eragileak politika publikoak bultzatu, diseinatu, betearazi eta ebaluatzeko prozesuan sartzen dituena.
  3. Administrazioen arteko lankidetza eraginkorra, zenbait eragile publikori eragiten dieten politiken diseinua eta ezarpena gidatu behar duen adostasuna errazteko.
  4. Sektore publikoak gobernantza publikoaren ildoekin lerrokatuta jardutea eta kultura administratiboa gobernantzaren printzipioetan oinarritzea.

Bestalde, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legeak Tokiko Politika Publikoen Euskal Kontseilua sortu zuen, «udalerrien eta autonomia- eta foru-erakundeen arteko lankidetza-harremanak gauzatzeko helburua izango duen erakunde-egitura gisa, tokiko gobernu-eremuari eragiten dioten politika publikoak diseinatu, prestatu, burutu eta ebaluatzeko prozesuetan udalerrien interesak aitortu eta aintzat hartuko direla bermatzeko».

Horregatik, Gobernantzaren eta Berrikuntza Publikoaren 2020 Plan Estrategikoaren 6. ardatzaren (Kudeaketa aurreratua - antolaketaren egokitzapena) proiektuetako bat da 6.4. proiektua ("Kide anitzeko aholku-organoak eta Politika Publikoen Euskal Kontseilua ebaluatzea eta hobetzea"), zeinaren egitekoa baita EAEko Administrazio Orokorraren eta bere Administrazio Instituzionalaren mendeko kide anitzeko organoak arrazionalizatzea eta hobetzea eta Tokiko Politika Publikoen Euskal Kontseiluaren funtzioak gauzatzea, horiek tresna baliagarri, eraginkor eta efizienteak izan daitezen politika publikoak era parte-hartzailean eta gardentasunez definitzean, egikaritzean eta ebaluatzean.

Proiektuaren helburu eta asmo orokorra da jarduketa-plan bat egikaritzea, kide anitzeko organoetarako neurri espezifiko eta zeharkako batzuekin, politika publikoetan hobetu ahal izateko partaidetza-funtzioak, aholkularitzakoak eta koordinaziokoak (batez ere, maila ezberdinetako euskal administrazio publikoak inplikatzen dituztenak), abiapuntutzat hartuta inplikaturiko erakunde eta pertsona guztien arteko gogoeta bateratua eta partaidetzazkoa eta gaur egungo egoeraren indarguneen eta ahulezien gaineko ebaluazioa eta diagnostikoa.

Hauek dira proiektuaren helburu nagusiak:

  • Kide anitzeko organoen funtzionamendua, arauketa, funtzioak, egitura eta osaera ezagutzea eta aztertzea.
  • Organo horien jarduera eta lana ezagutzea eta aztertzea.
  • Politika publiko sektorialen definizioan, diseinuan, jarraipenean eta ebaluazioan daukaten eragina
  • Dauden kide anitzeko organoetatik, identifikatzea zeinen zereginak har ditzakeen bere gain Politika Publikoen Euskal Kontseiluak eta bertan Batzorde Sektorialak sortzeko aukera aztertzea (Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen3 artikuluan aurreikusita daude batzorde sektorialak).
  • Hura ezartzeko behar diren arau-, erregelamendu- eta antolaketa-neurriak bultzatzea.

Hauek dira proiektuaren helburu operatiboak:

  • Euskadiko Administrazio Orokorreko eta bere Administrazio Instituzionaleko (organismo autonomoak eta zuzenbide pribatuko ente publikoak) kide anitzeko organo guztien inbentario eta karakterizazio bat egitea.
  • Inplikatutako eragile guztiek (administrazioa, kide anitzeko organoetako eta entitateetako kideak) kide anitzeko organoen gaur egungo eta etorkizuneko egoerari buruz daukaten iritzia ezagutzea.
  • Euskal Gobernantzaren kide anitzeko organoen indarguneak eta ahuleziak ebaluatzea eta diagnostikatzea.
  • Kide anitzeko organoak arrazionalizatzeko eta hobetzeko neurriak proposatzea, era guztietakoak; besteak beste, araudiari, erregelamenduari, antolaketari eta funtzionamenduari dagozkienak.
  • Jarduketen hedapen operatiboa planifikatzea.
  • Jarduketak egikaritzea, erregelamenduzko neurriak eta antolamenduzkoak zabaldu behar dituzten eragileak inbolukratuz.

Proiektuak Gobernuaren konpromiso hauei erantzungo die:

  • Gobernu Programaren konpromisoa: “efizientzian eta berrikuntzan oinarritutako administrazio publiko hurbilagoa bultzatzea”, eta 8. ekimena: “EAEko Administrazio Orokorreko maila anitzeko erakundez osatuta dauden kontseiluak aztertu, eta identifikatu horietatik zeinen zereginak bete ditzakeen Tokiko Politika Publikoen Euskal Kontseilua””.
  • Demokraziaren eta Herritarren Parte-hartzearen Liburu Zuriaren zabalkunderako konpromisoa, “Euskadin parte hartzeko dauden prozesu eta bide formalen inguruko analisi kritiko bat egitekoa. Nabarmentzekoa da zer nolako garrantzia duen administrazio-egituretan integratuta dauden kontseilu eta organo parte-hartzaileak / aholku-emaileak berrikusteak, Liburu Zuria hedatzeko bidean ongi txerta dadin: zer balio ekar dezaketen horretan edota, are, parte hartzea eragotz dezaketen trabak izan daitezkeen ala ez”.
  • Tokiko Politika Publikoen Euskal Kontseiluaren 2017ko urriaren 31ko Erabakia: “azterlan bat egitea, EAEko hiru maila instituzionalek edo erkidego-mailak eta udal-mailak parte hartzen duten kide anitzeko organoak arrazionalizatzeko modua aztertzeko, eta Tokiko Politika Publikoen Kontseiluari helaraztea, kontuan har dezan
  • Lege Proposamena, Euskal Sektore Publikoaren antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa, zeina Eusko Legebiltzarrean ari baita izapidetzen: 3. xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, urtebeteko epean txosten bat egingo da, gutxienez, honako hauek bilduko dituena:
    • a) Dauden kide anitzeko organo guztien zerrenda, nola integratzen diren administrazioan edo zer mendekotasun hierarkiko duten, nola katalogatuta dauden esleituta duten funtzio-motaren arabera, eta organoen deskribapen bat.
    • b) Erakundearen koherentzia eta arrazionaltasunaren ebaluazio bat, eta, hala badagokio, kide anitzeko organoen egitura sinpletzeko proposamen bat; kasu horretan, beharrezkoak diren arauak emango dira organoak batzeko edo desegiteko.

Adieraziko dizuegu hurrengo post batzuetan nola egiten duen aurrera proiektuak eta zein diren emaitza nagusiak, mugarriak eta produktuak.