Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila

EAEko Paisaiaren Dekretua

2014ko ekainaren 16ko EHAAn,  Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzearen gaineko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretua argitaratu da.

Lurralde-antolamenduaren esparruan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzeko bitartekoak identifikatzen ditu dekretuak: hala nola paisaiaren katalogoak, paisaiaren zehaztapenak, paisaiaren ekintza-planak eta paisaian integratzearen azterlanak. Halaber, eta hain zuzen paisaiaren tratamendua arautzeak dakarren berrikuntzagatik, Eusko Jaurlaritzak honako arlo hauek sustatzeko hartutako konpromisoei erantzuten die dekretu honek: sentsibilizazioa, trebakuntza, hezkuntza, parte-hartzea eta paisaiaren esparruan laguntzeko beste jardun batzuk.

Eragile eta herritar interesdunen parte-hartzeak esangura berezia hartzen du gai honetan, paisaia eta haren garrantzia zuzenean daudelako lotuta lurralde jakin batean lana egiten duten edo bizi diren pertsonen pertzepzioarekin. Ondorioz, dekretu honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioak eta EAEko sektore publikoko entitateek konpromisoa hartzen dute paisaiaren esparrurako definitzen diren jarduteko bitartekoak lantzen direnean parte-hartze hori bermatzeko eta, gainera, paisaiaren politikak diseinatu eta ezartzean gizartearen parte-hartzea sustatzeko, emakume eta gizonen ordezkaritza orekatua bultzatuz.

 

 

Azken eguneratzea: 2014/06/17