Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila

Lekuak

lekuak, goiburu-irudia

Babes Markoa : Ramsar nazioarteko garrantziko hezeguneak

Datu Nagusiak

Mota:
Babes Markoa
Arloa:
Mundukoa

Deskribapena

Ramsar-en (Iran) 1971ko otsailaren 2an hainbat gobernuk onetsi zuten eta 1975. urtean indarrean sartu zen ituna da Hezeguneen gaineko Hitzarmena.

Hasiera batean Ramsar Hitzarmenak, hezeguneak "uretako hegaztien habitat" ziren aldetik, horrelakoak kontserbatzea hartu zuen ardatz, baina definizioa zabaldu egin da, hezeguneen kontserbazio eta bidezko erabileren alderdi guztiak hartzeko; izan ere, biodibertsitatearen osoko kontserbazioarentzat eta giza komunitateen ongizatearentzat ekosistema horiek sekulako garrantzia dutela aitortzen da testuan.

Alderdi Kontratugileek (Estatu kideek), Ramsar Hitzarmenarekin bat egitean, hurrengo konpromiso hauek hartzen dituzte:

  • Ramsar-en irizpideen araberako hezegune bat, gutxienez, izendatzea Nazioarte mailako Garrantzia duten Hezeguneen Zerrendan (Ramsar Zerrendan) sar dadin. Zerrenda horretan estatuek ahal duten bezainbeste hezegune sartzea espero da. Ramsar tokiek ez dute zertan izan nahitaez gune babestuak, baina ezinbestekoa da bertako baldintza ekologikoak mantentzea, "bidezko erabilera" kontzeptuan oinarrituriko kudeaketaren bidez.
  • Hezeguneei dagozkien kontuak lurzoruaren plangintzan sartzea.
  • Hezeguneak jasotzen dituzten erreserbak finkatzea eta hezeguneen ikerkuntza, kudeaketa eta zaintza alorretako trebakuntza sustatzea.
  • Hitzarmenaren aplikazioaz gainontzeko alderdiei kontsulta egitea, mugaz gaindiko hezeguneei, partekatzen diren sistema hidrologiko edota espezieei eta hezeguneetan eragina duten garapen proiektuei dagokienez, bereziki.
  • Tokian tokiko lurretan dauden hezeguneen eraldaketa ekologikoez informazioa jasotzea, garapen teknologikoaren, kutsaduraren edo gizakiaren zein-nahi esku-hartzeren ondorioz gertatu, gertatzen ari direnean edo gerta badaitezke.

Hitzarmenak estatuak bultzatu nahi ditu Hezeguneetarako Batzorde Nazionalak (edo Ramsar batzordeak) sor ditzaten, uren kudeaketaren, garapenaren plangintzaren, gune babestuen, bioaniztasunaren, turismoaren, hezkuntzaren, garapenerako laguntzaren eta besteren ardura duten lurralde zein herrialde mailako erakundeen esku-hartzearekin. Era berean, GKEei eta sektore pribatuari ere dei egiten zaie, inplika daitezen.

Hezeguneak Ramsar Zerrendan sartzeak Alderdi Kontratugileei nazioarteko ospearen oihartzuna helarazten die, eta toki horien ezaugarri ekologikoak mantenduko direla bermatzeko neurriak hartzeko konpromisoa hartzen da.

Zerrendan agertzen diren tokiei buruzko informazioa Wetlands International firmak mantendutako Ramsar-en Datu basean dago.

Bertako baldintza ekologikoak mantentzeari dagozkion arazoak dituzten Ramsar tokiak kasuan kasuko Estatuak berariazko erregistro batean sartu ahal izango ditu (Montreux-ko Erregistroa), eta arazo horiei aurre egiteko laguntza teknikoa eskatu (Ramsar Aholkularitza Misioak).

Estatuek hezeguneen kontserbazio eta bidezko erabileraren gaineko proiektuak aurkez ditzakete Dirulaguntza Txikien Ramsar Fondora (40.000 franko suitzar proiektu bakoitzeko) eta Etorkizunerako Hezeguneak Ekimenera.

Lekuak

Izena Leku kodea Izapidearen Egoera
Caicedo-Yusoko Lakua eta Gesaltza Añana 3ES042 Izendatua
Laguardiako urmaelak 3ES036 Izendatua
Mundaka-Gernikako itsasadarra 3ES026 Izendatua
Salburua 3ES047 Izendatua
Txingudi 3ES048 Izendatua
Ullibarri urtegiko adarrak 3ES039 Izendatua