Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Open Datan argitaratu

Zer da datuak irekitzea?

Zer da Open Data?

Open Data filosofia bat da, datu gehienak doan eta inolako murrizketarik gabe eskuragarri egon daitezen sustatzen duena, inolako kontrol sistemarik gabe copyright-ari edo patenteari dagokionez. Open Data kontzeptua zeharo lotuta dago Administrazio Publikoarekin; izan ere, gizartearentzat nahiz ekonomiarako balio eta interes handiko datuak ditu eskueran, eta, izaera publikokoak, gainera.

Zer da Open Data Euskadi?

Open Data Euskadi Eusko Jaurlaritzak dituen datuak formatu berrerabilgarritan askatzeko konpromisoaren emaitza da, hirugarrenek datuetatik zerbitzuak sortzeko aukera izan dezaten; Ondorioz, datu-sortak jabetza lizentzia irekietan eskaintzen ditugu, horiek birbanatzea, berrerabiltzea eta ustiatzea posible egiteko, baita saltzeko asmoarekin ere.

 

Open Data Euskadi

 

Hori guztia Internet atari batean gauzatzen da: Eusko Jaurlaritzaren datuetara formatu berrerabilgarritan sartzeko atea.

Zergatik hartu parte ekimenean?

Zergatik da interesgarria nire datuak irekitzea?

  • Orain arte herri administrazioek datuak informazio bihurtzen zituzten, herritarrek haien webgunean kontsumi zezaten. Gaur egun, edozeinek berrerabil ditzake datuak, iturri desberdinetakoak konbinatuz eta informazio erabilgarri bihurtuz. Azken emaitza hauxe da: herritarrentzako zerbitzua areagotu egiten da, bai kopuru aldetik, bai eta kalitate aldetik ere.
  • Balioa eta aberastasuna sortzen du: lehengaia ematen die enpresa eta partikularrei, merkataritzarako asmoz egindako produktuak sortzeko.
  • Gardentasuna bultzatzen du herri administrazioan: datuak hortxe daude, nahi duenak kudeaketa publikoa azter dezan.
  • Administrazioen arteko interoperabilitatea bultzatzen du, herritarrei zerbitzuak eskaintzeko aukera ematen baitu eskumena zeinek duen kontuan hartu gabe.
  • Herri Administrazioak ez du datuen jabetza herritarrek baizik, zergen bitartez sostengatzen baitute jarduera publikoa.

Informazioa nire web gunean dago; zergatik Open Datari atxiki?

Sailaren edo erakunde publikoaren webgunea herritarrari zuzendua dago, informazioaren eta zerbitzuen azken kontsumitzaile baita. Horretaz gain, nahiz eta datuak Open Datan ere publikatu, herritarrak erakundearen atarira joaten jarraituko du informazio bila.

Open Data filosofiapean publikatutako datuak berrerabiltzaileari zuzenduak dira. Berrerabiltzaile dira datu horietan oinarritutako produktuak sortzeko prest dauden enpresak, gizabanakoak eta herri administrazioak, helburua edozein delarik ere: negozioa egin, kudeaketa publikoa aztertu, ikertu, etab. Honegatik guztiagatik, datuak berrerabili nahi dituzten pertsonak bakarrik abiatuko dira Open Data Euskadira.

Behartuta nago ekimen honetan parte hartzera?

Bai. Eusko Jaurlaritzak datu publikoak irekitzeko konpromisoa hartu du eta horren adierazle da Jaurlaritzaren Kontseiluak 2009ko abenduaren 29an onartu zuen akordioa, haren esku dauden datu publikoak irekitzeko agindua, hain zuzen ere.

Nola publikatu Open Data Euskadin?

Zein da datuak irekitzeko ohiko prozedura?

Open Data Euskadin datuak publikatzeko, harremanetan jarri behar duzu zure sailari edo erakundeari dagokion Web Zerbitzuko Web Kudeatzailearekin. Bi bilera antolatzen ditugu normalean, nahiz eta batzuetan, lehenengoa beharrezkoa ez izan:

  • Irteera bilera: hasieran, zuzendariak deituko ditugu bilera batera: datuen erantzulearen zuzendaritza eta Herritarrei arreta emateko zuzendaritza. Bilera horretan, ekimena zer den azalduko dugu eta Open Data filosofiapean aska ditzakegun datuak zehaztu. Azkenik, lantalde teknikoa zehaztuko dugu.
  • Bilera teknikoa: lantalde teknikoak proiektua hasiko du eta gutxienez partaide hauek izango ditu:
    • Maila funtzionalean Open Data Euskadi proiektuaren ardura izango duen Web Zerbitzuko ordezkari bat.
    • Maila teknikoan Open Data Euskadi proiektuaren ardura duen EJIEko ordezkari bat (PCI – Proyectos Comunes Internet).
    • Datuak askatu beharreko saileko pertsonal teknikoa, askatu beharreko datuen ezaugarri teknikoak ezagutzen dituena.

Zer hartu behar da kontuan datuak askatzeko?

  • Identifikatu datuak: Open Data filosofiapean askatu daitezkeen datuak identifikatu behar ditugu, gizartearentzat duten erabilgarritasunaren eta publikatzeko zailtasunaren arabera: teknologia-zailtasuna, legearen edo antolakuntzaren ingurukoa, etab.
  • Aldatu datuen erabilera-lizentzia: datuak erabiltzea eragozten duten lege-murrizketak ezabatu beharko genituzke, pribatutasun eta segurtasun arloetako bestelako mugarik ez balego.
  • Bermatu datuen osotasuna eta trinkotasuna: ulergarriak izan behar dute berrerabiltzaile batentzat, eta egituratuta egon; Euskadi.eus-eko edozein ataritan informazioa publikatzeko eskatzen den baldintza berbera da.
  • Dokumentatu datuak: datuak berrerabiltzeko horien egitura eta erabilgarri izan litekeen beste edozein informazio azalduko da (Adibidez: datu-base baten eremuak azaldu).
  • Zehaztu datuen kokapena: jatorria datuen erantzulearen azpiegituran egoten jarraituko du, baina beharrezkoa izan liteke Euskadi.eus-en aldizkako karga bat egitea.
  • Eskaini formatu irekian, behintzat: 4/2010 Errege Dekretuak herri administrazioak behartzen ditu datuak estandar ireki batean eskaintzera.
  • Bermatu datuen url-ak iraunkorrak direla: derrigorrezkoa da datuen URLa iraunkorra izatea, hau da, ezingo dena inoiz aldatu. Edonork gure datuak erabiltzen dituen aplikazio bat sortuko balu, funtzionatzeari utzi liezaioke URLa aldatuz gero.

Datuak eguneratuta eduki

Noren ardura da datuak eguneratzea eta mantentzea?

Datuen erantzule den sailak edo erakundeak izaten jarraituko du. Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzak datuetarako sarbidea eta fitxa deskriptiboa ematen ditu, berrerabiltzaileei lana errazteko asmoz. Hala ere, datuen erantzulearen erantzukizunpean daude datuak ,bai eta horiek eguneratzea ere.

Kasu batzuetan, adostutako teknologia-konponbideak Euskadi.eus-en aldizkako datu-karga bat ahalbidetuko du. Karga hori aplikazio baten bitartez egingo da eta Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritza izango da aplikazioaren eguneratze zuzenaren erantzule.

Berrerabiltzaileren batek datuei buruzko dudarik izatekotan, zeinek eta zelan argituko dio?

Open Data Euskadin dauden datuetan interesa duen edozeinek kontsulta, kexua edo iradokizuna helarazi diezaguke webgunearen postontziaren edo sare sozialen bidez.

Kontsulta-motaren arabera (teknikoa, funtzionala, etab.), hasiera batean, Web Zerbitzua bera saiatuko da erantzuten. Hala ere, kontsulta-datuen erantzulearen erantzukizuna izango balitz, honako prozedura hau erabiliko genuke:

  • Webgunearen postontzira heldutako kontsultak: sailaren edo erakundearen postontzira bidaliko dizkiogu, kontsultaren jatorria zehaztuz (Adibidez: Lan egutegiari buruz Open Data Euskadiko atarian jasotako kontsulta). Beraz, sailak erantzun beharko dio mezuari, hala iritzi baitio Web Zerbitzuak.
  • Sare sozialetan egindako iruzkinak: Web Zerbitzua datuen erantzulearekin harremanetan jarriko da posta elektroniko bidez, harengandik erantzuna jasotzeko. Web Zerbitzuak sare sozialean islatuko du dagokion erantzuna.