Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila

Argitalpen-data: 2017/03/30

Eusko Jaurlaritzak Traineru Kluben Elkarteko Liga babestuko du Eusko Label markarekin

Euskadiko nekazaritzako elikagaien kalitate marka ezaguna izango da babesle nagusia, eta Eusko Label Liga deituko da lehiaketa. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailburu Arantxa Tapiak iragarri duenez, lau urterako konpromisoa da eta urtero berrituko da.

Datozen lau urteetan, Eusko Label marka izango da ACTren (Traineru Kluben Elkartea) gizonezkoen lehiaketaren babesle nagusia. Hala iragarri dute arratsalde honetan Eusko Jaurlaritzak eta ACT berak Kursaalean.

Eusko Label Ligaren aurkezpenean egon dira  Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia, ACTren lehendakari Borja Rodrigo, Ligan parte hartzen duten klub guztietako ordezkari eta arraunlariak eta Eusko Label markaren babespean dauden produktuen agente sektorialak.

Aurkezpen ekitaldian, Arantxa Tapia sailburuak azpimarratu du babes honen helburua dela Eusko Label marka ospea handitzea, Eusko Labela duten produktuen salmentak areagotzea, eta kontsumitzaileek kalitate bikaina duten nekazaritzako elikagaiak eduki ditzaten egunero-egunero ahalegintzen diren ekoizleen lana gorestea.

Traineru Kluben Elkarteko lehendakari Borja Rodrigok, berriz, esan du hitzarmenak kirolaren proiekzioa handitzen jarraitzeko balio duela, 2003an hasi zen proiektu hau bideragarri egiten baitu. Kirolarien aldeko mezua ere bidali nahi izan du, esanez arraunlariek ere, Eusko Label produktuen ekoizleen antzera, saiatu egiten direla eta produktu bikaina lortzen dutela, eguneroko sakrifizioarekin eta ahaleginarekin udaro-udaro kalitate goreneko label produktu bat eskaintzen baitute.  

Eusko Label Ligal jaio da

ACT 2003an jaio zen, Galiziako, Kantabriako eta Euskal Herriko trainerurik hoberenak norgehiagoka jarriko zituen lehiaketa arautu eta bateratu bat sortzeko. Eta gaur Eusko Label Ligak San Miguel Ligaren lekukoa hartuko du, azken 11 denboraldietan traineruen lehiaketarik gorenari izena eman dionaren lekua, alegia.

Denbora horretan guztian bat baino gehiago izan dira  Elkartetik igaro diren babesleak, eta horietako batzuk izan dira Mapfre, Caja Madrid edo CaixaBank. Azken hau, gainera, bosgarren denboraldia egin berri du aurten, lehiaketa honen funtsezko zutabeetako bat izanik. Izan ere, Eusko Label ez da berria gure traineruen kirolean. Hain zuzen ere, urte batzuk dira lehiaketari lotuta dagoela, Fan Zonean bere produktuak eskaintzen. Edo kirol maila hutsean, Eusko Label Banderaren lehia eginda azken bost denboraldietan, bai Donostian bai Zarautzen.

Hala, datorren uztailaren 1ean Eusko Label Ligak bere egutegi erregularrari ekingo dio Bilboko uretan, eta uda osoan 12 ontziak eramango ditu Galiziako, Kantabriako eta Euskal Herriko uretatik nabigatzera. Ontzi horien artean ditugu Tiran Pereira, Cabo eta Ares, Galiziatik; Astillero, Kantabriatik; Ondarroa, Zierbena Bahías de Bizkaia, Kaiku Producha eta CaixaBanak Koroako oraingo txapeldun den Urdaiai Avia, Bizkaitik; eta San Pedro, Orio Babyauto, San Juan Sumelec eta Hondarribia, Gipuzkoatik.

Eusko Label 

Eusko Label oso marka ezaguna da Euskadiko kontsumitzaileen artean; Euskadiko 16 produktu babesten dituen bereizgarri publikoa da, eta bere helburu nagusia da Euskadin ekoitzi, eraldatu edota landutako nekazaritzako elikagaiak identifikatzea eta bereiztea, horrelako produktuek orokorrean ohi duten batez besteko kalitatea, espezifikotasuna edo berezitasuna gainditzen baitute.

Euskadin, ordea, Eusko Labela ez ezik baditugu gure ekoizpenen kalitatea bereizteko beste adierazgarri batzuk; Idiazabal Gaztaren Jatorri Izendapenaz, Arabako, Bizkaiko eta Getariako Txakolinarenaz, Errioxako J.I.ren markoan Arabako Errioxa ardoaz, Eusko Baserri produktuez edo Nekazaritza Ekologikoko produktuez hitz egiten ari gara.

Izan ere, gero eta behar handiagoa dago Euskadiko nekazaritzako eta arrantzako elikagaien bereizgarriak lantzen jarraitzeko, kalitateari buruzko bereizgarri publiko eta ofizialekin. Merkatuko ekonomiaren ingurunea gero eta globalizatuago dago; ingurune lehiakor irekia daukagu, eta bertako eta kanpoko nekazaritzako elikagaiek lehian dihardute merkatua bereganatzeko.  Eszenatoki horretan, Eusko Labela jatorriaren eta kalitatearen bermea da kontsumitzailearentzat, eta, aldi berean, ekoizleentzat beren lanaren balioa agerian jartzeko tresna izan behar du, era berean merkatuan lehiakortasun handiagoa eskaintzeko.

Euskadin erabateko kalitatea duen nekazaritzako elikaduraren politika baten alde egin da, zeinak ohiko ekoizpen sistemei eutsi eta gure ekoizleei eta gure nekazaritzako elikagaien industriari tresna batzuk ematen baitizkie, kontsumitzaileen aurrean produktu bikainak eskaintzeagatik ezagunak izateko. Kalitatea bereizgarri egiteko politikak bi helburu nagusi ditu: gure ekoizpen eta erauzketa jarduerak balio erantsi gehiago sortzea eta baserri inguruneko baliabideak eta bizitza iraunkorrak izatea. Tradizioari eustea garrantzitsua da, baina berrikuntzak ere protagonismoa hartu behar du. Tradizioa eta berrikuntza eskutik helduta joan behar dira.