Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

ASKOREN ARTEAN
Ikastolen Hizkuntz Proiektua


2002ko udaberrian Ikastolen Hizkuntz Proiektua egitasmoa aurkeztu zen Donostian, Euskararen Erabilera goiburupean burutu ziren IX. Jardunaldi Pedagogikoetan. Aurten, berriz, egitasmoa gauzaturik aurkeztu du Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak: hizkuntzekiko helburuak lortzeko markoa eskaini dio hezkuntza komunitateari.

Jakina da hizkuntzarekin zerikusia duten prozesuek berebiziko garrantzia dutela ikastolentzat eta, oro har, euskal eskolentzat. Euskararen indarberritzea dute ardura nagusi eta, horrekin batera, gizarte eleaniztunean bizitzeko prestatu nahi dituzte orain haur baina bihar heldu izango diren euskaldunak. Euskara eta euskaltasuna ardatz harturik ere, hezkuntza eleaniztuna dute helburu.

Helburu horren bidean, 2000. urtean hizkuntzen inguruan ordu arte sortutako proiektu guztiak biltzera jo zuten ikastolek, hizkuntza guztien tratamenduari koherentzia eman nahian, ikastetxeko giro askotarikoan. Horrela sortu zen Hizkuntz Proiektuaren asmoa eta hura zehazteko ahalegina, 2002ko "Ikastolen Hizkuntz Proiektua definitzen" izeneko txostena, alegia. Hainbat ikastolak saio pilotua abiarazi zuten; ingurune soziolinguistiko eta tamaina ezberdinekoak ziren, hizkuntzak eskuratzeko edo erabilera indartzeko egitasmoetan eskarmentu ezberdina zutenak… Urteak joan arau, 2008an hogeita hamasei ikastola ari ziren proiektuan lanean.

Horrela, liburu honek Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak 90eko hamarkadatik hona ikastoletan garatzen ari den eredu eleaniztunari buruzko proposamen osatu eta kontrastatua biltzen du. Bi atal ditu lanak: lehenak, "Ikastolen Hizkuntz Proiektuaren erreferentzia-markoa" izenekoak, Hizkuntz Proiektua kontzeptua azaltzen du, hura garatzeko ardatz hartu dituzten oinarri teorikoekin batera. Bigarren atala, aldiz, "Hizkuntz Proiektua garatzeko gida" izena duena, aurreko atalean deskribatu den erreferentzia-markoaren zehaztapena da. Bertan, testuinguru eta ezaugarri berezien araberako hainbat jarraibide praktiko eskaintzen dituzte ikastolek, ondoren nork bere Hizkuntz Proiektua modurik egokienean sortzen laguntzeko asmotan.

Egileek lanari egindako sarreran diotenez, liburuak erabilera malgua izan dezake, hau da, gogo eta interesaren arabera, irakurleak honako edo harako atal jakinera jo ezinik ez du izango. Malgutasun hori areagotzeko, berriz, "Hizkuntz Proiektua garatzeko gida" izeneko atal praktikoan ageri diren esparruek lotura zuzena dute marko teorikoan dagokien azalpenekin.

"Garaian garaikoa" da esaera eta ez da gaizki esana: gizartean gertatzen ari diren aldaketa erabatekoei erantzun nahi badie eskolak, planteamenduak egokitu, eguneratu eta birformulatu beharra dauzka. Horretan ari dira ikastolak Ikastolen Hizkuntz Proiektua osatu eta denon eskuera jarri dutenean.

AURKIBIDEA:

  • HIZKUNTZ PROIEKTUAREN ERREFERENTZIA-MARKOA
    • 1. Egoeraren diagnostikoa
    • 2. Ikastolen hizkuntzekiko ikuspegia eta helburuak
    • 3. Hizkuntz Proiektua: definizioa eta ezaugarriak
    • 4. Ikastolen Hizkuntz Proiektuaren oinarri teorikoak
    • 5. Ikastolen Hizkuntz Proiektuaren prestakuntza-irizpideak
  • IKASTOLA BAKOITZAK BERE HIZKUNTZ PROIEKTUA GARATZEKO GIDA
    • 6. Ikastolen Hizkuntz Proiektua: kudeaketarako ibilbidea
    • 7. Ikastolen komunikazio-testuinguruaren deskripzioa: hizkuntzekiko esku-hartze eremuen zehaztapena
    • 8. Hezkuntza Proiektua iturburu
    • 9. Hizkuntz plangintza
    • 10. Esku-hartze eremuetan eragiteko orientabideak
    • 11. Hizkuntz Proiektuaren kudeaketarako egitura eta zeregin proposamena
    • 12. Hizkuntz Proiektua garatzeko ikastola-sarearen zerbitzuak
    • 13. Etorkizunari begira
    • 14. Eranskina
    • 15. Erreferentzia bibliografikoak

    Liburuaren ezaugarriak:

* Liburu hau HABEren liburutegian eskura daiteke.

Azken eguneratzea: 2009/12/17