Segurtasun Saila

Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du biharko eta ostegunerako elurragatik

Argitalpen-data: 

Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du elurragatik bihar asteazkeneko 00:00etatik osteguneko 12:00etara berriz ere aire-masa hotzak iritsiko direnez, eta horren ondorioz itsasotik euria sartuko da eta elur-maila 100-300 metro inguruan kokatuko da. Itsas-mailan ere elurra egin dezake tarteka.    

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, gaur, asteartea, egunaren bigarren erdian euria sartuko da itsasotik eta prezipitazioak batez ere kantauriar isurialdean izango dira. Prezipitazio horiek, orokorrean, txikiak izango dira eta zenbait tokitan mardulak. Elur-maila 100-300 metro inguruan mantenduko da egun osoan.

Bihar, hilak 7, eguraldi berdintsuarekin jarraituko dugu, euria sartuko da itsasotik eta une batzuetan zaparrada ekaiztsuak izan daitezke eta txingor-ale txikia ere bota dezake. Elur-maila bihar ere 100-300 metro inguruan mantenduko da, eta tarteka itsas-mailan ere bota dezake elurra.

Ostegunean, hilaren 8an, egunaren lehenengo erdian, egoera oso antzekoa izango da, elur-maila 100-300 metro inguruan kokatuko da, eta egunaren bigarren erdian prezipitazioak desagertzen joango dira.

Ostegun gauean eta ostiral goizaldean segur aski ez da prezipitaziorik izango eta hodeiak arintzen joango dira. Horren ondorioz izotza egin dezake, eta barrualdean handia izan daiteke. Nolanahi ere, izotza hodeitzaren araberakoa izango da, eta une hauetan ziurgabetasuna handia da.

Ostiralean, hilaren 9an, egunaren bigarren erdian iritsiko den beste fronte batek prezipitazioak ekar ditzake berriz, eta elurra oso behean egin dezake larunbat goizera arte, eta ondorengo orduetan atertu egingo duela uste da, une hauetan ziurgabetasuna handia bada ere.

 

Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza

Gomendioak eta prebentzioko neurriak:

Bidaiatuz gero:

  • Errepideko egoerari buruzko informazioa aurretik eskatu: deitu Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzako telefonora: 011 eta Twitterren (trafikoaEJGV). Eta eguraldiari buruz, Euskalmet-era jo (www.euskalmet.euskadi.net eta Twitterren @Euskalmet).
  • Eguraldia benetan txar-txarra bada, hobe da bidaian ez atera.
  • Ahal dela, erabili garraio publikoa.
  • Twitter eta interneten bidez Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendaritzako gomendioak jarraitu.

Mendira baldin bazoaz:

  • Alerta laranjarekin mendiko txango eta ibilaldiak bertan behera utzi.

Etxean:

  • Kontuz ibili berogailu lagungarriekin (estufa edo sutontziekin), ezustekoren bat gerta daiteke eta.

Elurretan ibilgailuaren barruan geratzen bazara:

  • Ez atera autotik, denboraleak barruan zaudela harrapatzen bazaitu.
  • Ez ahaztu telefono-mugikorra eta bateria beteta eraman.
  • Motorra piztuta eta berogailua jarrita eduki; tarteka, berriztatu airea.
  • Saiatu loak ez hartzen. Tapakiren bat eskuratu, eta bero jantzita ibili.

 

Larrialdietan, deitu 112 zenbakira

 

Oharra: Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet (www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez.