Lan eta Enplegu Saila

Liburu osoa (pdf, 2405kB)
Aurkezpena | ... >> 8 >> 9 >> 10 >>...
Erromantze-hizkuntzen eragina

Latinetik, prozesu geldo baten bidez erromantzeak sortu zirenean, hauek joan ziren apurka-apurka eta eremu zibilean haren lekua betetzen. Erromantze batzuek beste batzuek baino estatus hobea jadetsi zuten, botere politikoaren babesa izan zuten neurrian

Erromantze hizkuntzen eragina

Hala, Pirinioez beheitian, gaztelania nagusitu zen, nafar-aragoiera endekatuago gelditzen zela. Pirinioez goitian probentzala eta honen aldaerak –gaskoia eta biarnesa barne– indarrean izan ziren XVI. mende ingurura arte. Handik aurrera frantsesak hartuko du administrazioan eta kulturan nagusitasuna.

Erdi Arotik aurrera erromantzeekin ukituan eta jarraiko harremanean izango da euskara, eraginak etengabeak gertatuko direlarik, bai lexikoan, bai morfosintaxian, bereziki aditzaren morfologian.

Euskarazko izkribuak ezagutzen diren momentutik, erromantzeon eragina igarria da, latinaren oinordeko baitira hizkuntza berriok eremu osoan. Iparraldean gaskoia eta biarnesa; Pirinioez behealdean, nafar-aragoiera eta gaztelera.

Lexikotik abiatuta, mailegu zaharrak dira euskaran atxakia / aitzakia, errazoi / arrazoi, amodio, bentana, etxura / itxura, maisu, teila eta beste ezin esan ahala hitz , eremu semantiko guztietakoak, erlijio arlokoak barne. Itxuran dute ezagun erromantzetik hartuak direla, ez latin zaharretik.

Aditzera bagatoz, sartaldeko euskaran, gaurko bizkaieran ditugun -adu > -au (gazt. -ado) amaieradun aditzak gaztelaniako partizipioetarik egokituak dira: kantau, errezau, aparau, azertau. Berdin -idu (gazt. -ido) dutenak: koxidu, errezibidu.

Eratorpen-atzizkien arloan, izenetan dugun -zino / -zio atzizkia (lat. -tionem, errom. -ción, -tion), afizio, debozio hitzetan; -zia (lat. -tiam, gazt. -cia), ahulezia, flakezia, tristezia berbetan; -dade (lat. -tatem, gazt. -dad), ondade, maldade hitzetan.

Puntu honetan ez gara luzatuko, azterketa sakonagoak eskatuko lituzkeelako. Bestalde, gaur egun ere indarrean eta bizi-bizi dagoen eragin-prozesua da, iparraldean frantsesaren aldetik, hegoaldean gaztelaniarenetik, eta bietan ingelesaren aldetik.

Aurkezpena | ... >> 8 >> 9 >> 10 >>...