Lan eta Enplegu Saila

Liburu osoa (pdf, 2405kB)
Aurkezpena | ... >> 4 >> 5 >> 6 >> ...
Euskara bat ala gehiago

Euskara dialektoetan banaturik azaltzen zaigu hizkuntza bezala, lekukotasun idatziak ageri diren momentutik bertatik. Beste hizkuntza askotan ere hala gertatu da: grekoaren kasua ezaguna da hizkuntza klasikoetan, edota alemanarena modernoagoetan. Erromantzeak eurak ere ez dira funtsean latinaren dialektoak baino, latin arruntetik han eta hemen modu diferentean garatu diren hizkerak, eta aginte politikoak geriza eman dieten neurrian hizkuntza-estatusa jadetsi dutenak. Erromantze guztiak ez ziren horretaraino heldu.

Aurrerago mintzatuko gara dialekto-banaketaz, baina euskararen dialektoak direla eta hizkuntzalarien artean behin baino sarriago azaldu da kezka bat. Sorreran euskara bakarra zegoen, ala euskara bi –edo gehiago– elkarrekin senidetuak? Euskal familiako hizkuntza bakarra genuen antzinatean, ala hizkuntza bi, hurkotasunak elkarrenganatu dituenak? Protoeuskara bat bakarra zen, gero euskalkietan bereizi eta bananduko zena?

Itaun horri erantzun diferenteak eman zaizkio. Izan dira hizkuntzalariak, batez ere erbestekoak, funtsean, eta aspalditik, euskara bi direla defenditu dutenak: sartaldekoa, gaur bizkaiera deritzaguna, eta erdi-ekialdekoa, zeinen dialektoak liratekeen beste guztiak.

Gaur egun, hala ere, hizkuntzalari gehienak, Mitxelena buru dela, euskal hizkuntza zahar bakar baten aldekoak dira. Protoeuskara delakoak egitura bertsua zukeen, eta euskalki historikoetan diren diferentziak, batez ere morfologia mailakoak, denboraren joanean garatuak dirateke, eta itxuraz handiak diruditen diferentzia batzuk ez dirateke seguruenik horren zaharrak ere.

Arrazoi sendoak daude Mitxelenaren argudioaren alde. Gramatikako adibide bat ipintzeko, bizkaieraren ezaugarri agerietako bat egin aditz laguntzailea dugu (subjuntiboan, ahaleran eta aginteran erabilia). Beste euskalkietan aditzeko ezaugarri berezitzat hartzen da *ezan aditz laguntzailea; baina bizkaiera zaharrean ere ezaguna zen aditz hau (ezazuz), denboraz desagertu izan bada ere.

Orozko

Bide beretik, bizkaierakotzat jotzen diren zenbait arkaismo –morfologian dela, lexikoan dela–, erdialdeko euskalkietan ezagunak izan ez arren, euskararen beste bazterrean azaltzen dira sarritan. Hala azuri (bat. axuri) bizkaiera bazter baten ezaguna dena, ekialdean ugaria da. Era berean, bizkaieraren bereizgarri den barri aldaera barik, berri zaharragoa gordetzen da udaberri edo luberri lako hitz konposatuetan Bizkaiko leku batzuetan –Orozkon, konturako–. K. Mitxelenak esango lukeenez, hizkuntzaren ertzetan mantendu dira formarik zaharrenak, erdialdean berrikuntza gehiago izan den bitartean.

Aurkezpena | ... >> 4 >> 5 >> 6 >> ...