Lan eta Justizia Saila

Liburu osoa (pdf, 2405kB)
Aurkezpena | ... >> 10 >> 11 >> 12 >>...
Euskararen lekukotasunak Erdi Aroan
Glosas Emilianenses

Erdi Aroan euskara gaur baino eremu zabalagoetara heltzen zen, batez ere ekialdetik, ipar-ekialdetik eta baita hegoaldetik ere. X. mendetik aurrera euskararen gaineko informazio gehiago dugu, nahi edo behar adinakoa ez bada ere, eta horri eskerrak gehiago dakigu euskararen Erdi Aroko hedaduraz.

Mende horren erdi ingurukotzat jotzen dira Errioxako Donemiliaga Kukulako monasterioko glosak,
Glosas Emilianenses” deritzenak. Haietan azaldu ziren, erromantzezko lehen glosa ugariagoen artean euskarazko bi ere. Hauek dira: “izioki dugu” eta “guek ajutu ez dugu”.

Codex Calixtinus

Garrantzi berezia du XII. mendean Aymeric Picaud izeneko erromes batek idatzi zuen “Codex Calixtinus” deritzan testuak. Donejakuerako erromesbiderako gida antzekoa da. Berean, euskarazko hitz zerrendatxo bat ageri da, non aipatzen diren izenok: Ur(t)zia (Jainkoa, zerua), Andrea Maria (Andre Maria), ogi, ardum (ardao), aragi, arrain, etxea, iaona (jauna), andrea, elizera, gari, belaterra (bereter, apaiz) eta besteren batzuk. Hitz guztiok garden-gardenak gaurko euskararen espiluaz ikusita.

Erdi Aroko dokumentazioa ugaria da, berariaz Nafarroan eta bertako Foru Orokorrean. Honetan eta beste donazio, testamentu eta halako izkribu zaharretan hainbat euskal izen ageri dira, eta euskararen aldeko interesa duketenak batez ere toki-izenak, pertsona-izen eta goitizenak dira.

Nafarroako Foruan euskarazko hitz eta hitz-kateak ere badira erromantzezko testuan txertaturik: on bazendu abaria, bazkari-eskaintze formula bat, monasterioko abat nagusiari zuzendua; ozterate (oztera edo gudutaldera joate), erret bide (errege bide), girisellu zor eta ilunbe zor (zerga mota bi), etxajaun eta etxandra, gaitzes berme eta ones berme (gaitzaren eta onaren fiatzaile, bermatzaile). Beste dokumentu batzuetan ageri diren izen arruntak: buruzagi, unamaizter, unainausi, umea.

Nafarroako Erdi Aroko dokumentazio aberatsean ageri diren pertsona-izen eta euren goitizenak dira maiz aldi hartako hizkuntzaren irudi txiki bat eskaintzen dutenak: euskarazko izen eta adjektiboak dira funtsean, norbaiten deitura gisa erabiliak. Goitizen modura erabilitako adjektiboen artean aipa daitezke: andia, txipia, beltza, zuria. Ofizioaz eraikitako gizaki-izenak dira beste batzuk: artzaia, unaia, unidea (inude), zamargina (narrugin), iguraia, zalduna, edo giza-izen soilak: mutila, emazte ona. Abere-izenak beste batzuetan: artza, zerria, erlea.

Jakingarri interesgarriak aurki daitezke era berean, Errioxako Donemiliagako Kartularioan ere (1025), batez ere Arabako toki-izenen zerrenda luze bezain aberatsa ematen zaigulako, monasterioari burdina edo abere zergak ordaintzen zizkienena. Aurrerago gehituko dugu informazioa honezaz.

Veleia

Erdi Aroa baino hainbat lehenagokotzat datatu dituzten euskarazko inskripzio batzuk, oraintsu (2006) ezagutzera eman dira –hedabideen bidez oraindik, ez zientzia-aldizkari bidez hau idazteko momentuan– Gasteiztik hur dagoen Iruña-Veleiako erromatar hiri zaharraren aztarnetan aurkituak. Euskal inskripzio eta irudiok K.o. V. mendekotzat jo izan dira, baina oraindino ikertzaileen onespen osoa ez dute jaso. Euskaraz ageri diren hitz-kateetan, dotrinako formulak dirudite batzuek: “Geure ata zutan”, “Iesus, Ioshe ata ta Mirian ama”. Hitz segida batzuek kolore-izenak jasotzen dituzte: “zuri, urdin, gori", “urdin isar”. Ageri da ere “Iaun” izena. Eta azkenez badira aditz izen batzuk ere: “edan, ian, lo”. Aurkikundeon egiazkotasuna frogatuko balitz, Donemiliagako glosetatik aldi horretara dagoen bost mendeko tartean aurreratuko litzateke euskararen lekukotasun idatzien agerkundea.

Aurkezpena | ... >> 10 >> 11 >> 12 >>...