Lan eta Enplegu Saila

Liburu osoa (pdf, 2405kB)
Aurkezpena | ... >> 9 >> 10 >> 11 >>...
Dialektoak edo euskalkiak

Euskara, beste hizkuntza asko lez, dialektoetan banaturik azaldu da, bai idatziz, izkribu zaharrenetarik, bai ahoz, eskualde diferenteetako hiztunen erabileran. Idatzirako batasun prozesuak, dialekto barruan lehenengo, hizkuntza oso mailan beranduago, denboran zehar gertatu dira geldiro-geldiro, kultura esparruko ahaleginaren bidez.

XVI. mendeko idatzietan, edota XV.era atzeratu daitezkeen testu-ekoizpenetan –eresi zaharrak, errefrauak, Etxepare , Lazarraga–, dialekto ondo bereizietan islaturik ageri zaigu euskara. Hauek dira dialekto literario klasiko ezagunenak: lapurtera, zuberera, bizkai euskara, gipuzkera eta, maila apalagoan, nafar euskara.

Etxepare, Leizarraga, Tartas, Axular, Larramendi, Kardaberaz, Mendiburu, Mogel, Añibarro, Lizarraga Elkanokoa dira, esate baterako, euskalki literario zahar eta klasikoen eredu argiak

Euskalki banaketa

Luis Luziano Bonaparte, (pdf, 324kB) printzea izan zen XIX. mendearen erditik aurrerantz, euskalkiak metodologia zehatzagoaz bereizi eta deskribatu zituena. Bere Cart des sept Provinces Basques delakoan zortzi dialekto ematen zituen, gero R. M. Azkuek zazpira bilduko zituenak: bizkaiera, gipuzkera, lapurtera, baxenafarrera, goi nafarrera, zuberera eta erronkariera. Euskalki-banaketa hauek egiteko ahozko eredua hartu zen irizpide fidagarritzat, ez aurretiko idazleen emaitzak.

Azken mendeotako idatzizko ekoizpenari jaramoten badiogu, euskalki literarioak bost direla esan daiteke: lapurtera –edo nafar-lapurtera– eta zuberera iparraldean, eta gipuzkera, bizkaiera eta, nafarrera hegoaldean.

Denbora modernoagoetan bateratze-prozesu garrantzitsu bi gertatu dira idatzirako. Iparraldean, baxenafarrera eta lapurtera mintzodunen eredu idatzi bat nagusitu zen XX. mendearen lehen partean, P. Lafittek “nabarro-labourdin litteraire” deitu zuena. Euskara osoaren batasun-eredua, gaur indarrean duguna ere, 1918an bertan abian jarri zen Euskaltzaindia sortzearekin, baina gauzatu batez ere 1968tik aurrera egin da.

Euskal dialektoen eta antzinateko euskal leinu zaharren artean halako parekotasun harrigarri bat sumatzen da. Sartaldetik ekialdera ditugun leinuok dira: autrigoiak, karistioak, barduloak eta baskoiak, eta iparraldean akitanoak. Lurralde historikoekin ez dute parekotasun osorik gordetzen, ez leinuok, ez euskalkiek. Autrigoien lurralde zaharrean ez da euskara bizi aspaldiko denboretatik. Karistiarren lurrean, Bilboko Ibaizabal eta Deba ibarra bitarteko eremuan bizkai euskara deritzana egiten da, Arabako lautada ere honen barruan sartzen dela. Barduliarren eremuan, Deba Goieneko mendi-katetik Donostiara edo haruntzatxoago, gipuzkera deritzana egiten da. Euskalki hau Nafarroako herri mugakide batzuetara ere zabaltzen da.

Gipuzkoaren ekialde-muturretik sortalderantz –Errenteria, Oiartzun, Irun eta Hondarribia barru direla– eta Nafarroan barrena, antzinako baskoien lurraldean, goi nafarrera da dialekto nagusia. Hala ere, Pirinio azpiko ibar diferenteetan, hizkera bereziak egiten dira, galdua den erronkariera bereiziena dela. Baztan aldeko euskara lapurteratik hurrago dago. Pirinioez iparraldean, Novempopulania zaharreko lurrean, hiru euskalki bizi dira: lapurtera, baxenafarrera eta zuberoera.

Eliz lurralde banaketa

Eliz lurralde banaketak egin zirenean lehen Erdi Aroan, Armentiako elizbarrutia sortu zen Araban (X-XI. mendeak). Karistiarren lurraldeari zegokion gutxi gorabehera. Bilbotik Deba ibarrerainoko lurraldea hor sartzen zen. Geroago Kalahorrako elizbarrutiaren barruan geratuko zen guztia. Aldi bertsuan sortu zen Valpuestako elizbarrutia ere (Burgos), autrigoi zaharren lurraldea hartzen zuela, Bizkaiko Enkartazioak barru zirela. Nafarroa eta Gipuzkoako lurralderik gehiena Iruñeko elizbarrutiaren barruan egongo da. Eta azkenez, Gipuzkoako ekialdea (Irunaldea) eta Nafarroako Baztan Baionako elizbarrutiaren barruan.

Eliz banaketok berdintasun handia dute euskal lurralde diferenteetako hizkera-moduekin. Zuberoa, adibidez, Oloroeko elizbarrutiari atxikia egon zen luzaro, ez Baionakoari.

Aurkezpena | ... >> 9 >> 10 >> 11 >>...