Lan eta Enplegu Saila

Liburu osoa (pdf, 2405kB)
Aurkezpena | 1 >> 2 >> 3 >> ...
Euskal hizkuntzaren jatorriaren enigma

Euskararen jatorriaren inguruan den lehenengo auzia, ikertzaile eta jakingurako askorentzat, hau da: nondik dator euskara? Zein ote da gure hizkuntzaren jatorria? Itauna zehaztasun gehiagoz eginda: nola agertu da “euskara” deritzagun hizkuntza hau Europaren sartaldeko bazter honetan, Garona eta Ebro ibaien bitarteko lurraldean? Gaurko begiz ikusita, Euskal Herria deritzan lurraldean oraindik bizirik dagoen hizkuntza banako hau nondikoa ote da?

Galdera horren atzean dagoen auzia korapiloz betea da benetan. Izan ere ez zaio euskal hizkuntzari senide edo ahaide jakinik ezagutzen, ez hurrean ez urrunetan. Aspalditik sortu eta garatu diren hipotesiek ez dute oraindino argirik ekarri auzi honi buruz.

Euskararen inguruan dugun bigarren auzia euskararen gaur arteko iraupenaren gainekoa da. Zelan jadetsi ote du hain luzaro bizirik irautea, antzinate zaharraren lausopean galtzen diren denboretatik gaurdaino? Bien bitartean zergatik aldendu dira zeharo inguruko beste hizkuntza zahar guztiak, batzuetan arrastorik ere utzi barik, eta hizkuntza batzuk seguruenik euskarak baino hiztun gehiago zituztenak?

Euskarak gorabehera edo uholde historiko guztietatik bizirik irtete hau esplikatzeko teoria bat baino gehiago ipini dira mahai gainean.

Bat hauxe: Neolito garaian, indoeuroparrak Europan zehar zabaltzen joan ziren, eta nekazaritzarekin batera, euren hizkuntzak eta kulturak nagusitzen. Ekialde Erditik sartalderantz, Europarantz, geldiro-geldiro hedatzen joan ziren herri horiek. Artzaintza, agian, aurretik ere ezaguna zatekeen Europan, baina indoeuroparren etorrerarekin basoak gutxitzen eta luberriak ugaritzen joan ziren: “Neolito garaiko deforestazio nagusia” esan izan zaio fenomeno horri.

Baina euskaldunak, edo horien aurretikoak, Europako kontinentearen sartalde bazterrean bizi ziren, Europa erdialdeak eta ekialdeak jasan zituzten inbasioetarik urruntxo. Horregatik beharbada, indoeuropar kulturako nekazariekin gutxi nahasta zitezkeen. Agian hori izan daiteke euskal hizkuntza zaharrak bizirik iraun izanaren arrazoia.

Posible da, indoeuroparren etorrera aurretik, antzinako euskara edo protoeuskara Europa erdialdean ere zabaldurik egotea. Hala defenditu du oraintsu Theo Vennemann Alemaniako ikertzaileak: euskaldunak omen dira “die Ur-europäer”, paleoeuroparrak, eta toponimia-erro zaharren batzuek horretarako bidea ematen ei dute.

Beste arrazoi batzuk ere eman dira.

Aralarreko trikuharria

Batzuen ustez, euskal lurraldea biztanle-multzo trinko samarrez horniturik egongo zen Neolito garaian. kopururik handiena Pirinio mendietan dugu, kasurako. Artzaintza izango zen orduan ere horko jarduera nagusia. Lurralde horretan bizi zen jendea, bestalde, nahikoa sakabanaturik bizi izango zen. Bai artzaintza eta bai biztanleen banakuntza bizibide baten iraupenari eusteko baldintza ezagunak dira. Beharbada horrek lagunduko zion euskarari hiztunen ezpainetan irauten (T. Aranzadi).

Argudio hori sendotzera beste arrazoi batzuk ere ekarri dira, lurraldearen orografiaz eta biztanleen ekonomiaz zerikusia dutenak: euskal lurraldea, zati handi baten behintzat, menditsua da, eta bestetik, ondasunez urria eta komunikabidez gaizki lotua, erromatarrak etorri aurretik behintzat. Baldintza horiengatik guztiengatik halako bakartasun egoeran gertatuko zen lurralde hau.


Erromanizazioaz loturiko beste argudio bat: erromanizazio-prozesua ez zen osoa izatera heldu Euskal Herrian, eta Erromatar Inperioak lur jo zuenean etenda geratu zen prozesu hori. Hori dela eta lehen baino bakartuago gertatuko zen euskal lurraldea, oraindik ere bere hizkuntza eta bizimoduari eusten ziela.

Iberiar Penintsularen iparraldean, sartalderago, beste gizatalde eta leinu batzuk izan ziren, euren hizkuntza eta kultura bereziak zituztenak; batzuk indoeuropar jatorriko hizkuntza zeltak zituzten (galaiko-lusitanoak) eta beste batzuk beste jatorri batekoak (kantabriarrak, asturiarrak, iberiarrak). Kantabriak eta Asturiasek Euskal Herriaren antzeko orografia dute: menditsuak dira; trikuharriak ere badira. Hala ere, erromanizazio garaian galdu zituzten euren hizkuntzak, aztarren gutxi utzita. Euskarak iraun egin zuen ostera.

Labur esanda, euskara dugu Europa osoan, gure Aroa baino lehenagotik datorren eta indoeuropar hizkuntzen erasotik salbatu zen hizkuntza bakarra, eta Europa sartalde guztian latinaren eta erromantze-hizkuntzen uholdeari eutsi zion bakarra.

Koldo Mitxelena

Koldo Mitxelenaren ustean (pdf,735Kb), bizirik iraute horrek zerikusi estua eduki behar du euskara egituraz beste hizkuntzetatik guztiz diferentea izatearekin; beste jatorri batekoa izatearekin, hau da, auzo-hizkuntzekin etorkiz zerikusirik ez edukitzearekin. Hala ere, iberiera eta etrusko hizkuntzak ere guztiz galdu ziren erromatarren hedatzearekin, hizkuntzok latinarekin loturarik ez zutenak izan arren.

Euskararen antzinatasunera bihurturik, uste da euskara, kaukasiar hizkuntzak eta agian beste bakanen bat indoeuroparren aurretiko egoera baten hondarrak direla, eta gero nagusituko ziren hizkuntza-familiak hedatu baino lehenagoko egoera islatzen dutela moduren baten (A. Tovar).

Esan dezagun, indoeuropar uholde horiekin bateratsu zabaldu zirela beste zibilizazio-hizkuntza boteretsu bi ere K.a. II. milurtekoan: txinera eta adar semitikoa osatzen duten hizkuntzak (arabiera, aramearra, etab.). Europan lez, Asia Urrunean eta Ekialde Hurbilean, eta Afrika iparraldean herri eta hizkuntza-uholde horien indarrez aurretik lurralde horietan egiten ziren hizkuntza zaharrak bazterturik eta galbidean gertatu ziren, eta lurralde bakartu jakin batzuetan izan ezik, beste guztiak aldendu ziren.

Antzinatean euskara, sustraiturik dagoen eremuan, iberiera eta indoeuropar hizkuntzen artean inguraturik geratu zen.

Aurkezpena | 1 >> 2 >> 3 >> ...