Departamento de Trabajo y Empleo

Liburu osoa (pdf, 2405kB)
Aurkezpena | ... >> 7 >> 8 >> 9 >>...
Euskarak jasan dituen eraginak
  • Hizkuntza zelten eragina

    Jakina da jendetza zeltak Euskal Herrian izan zirela eta eraiki zituztela euren egoitzak, hiriak edo castroak. Gipuzkoako Albizturren edo Bizkaiko Nabarnizen badira horietakoak, esaterako. Neurri baten behintzat, zeltak eta euskaldunak auzo izan ziren lurralde berean. K.a. I. milurtekoan zehar etorri ziren Galia eta Hispaniara. Indoeuropar enborrekoak jende horiek. Aldi desberdinetan etorri ziren, jarraiko inbasioetan. Indoeuroparren uholde bat baino gehiago izan ziren.

    Garbi ez dakiguna da zenbateko multzoa osatzen zuten Euskal Herrian izan ziren zelta horiek; edo ze harreman izan zuten bertoko biztanleekin, euskal jatorrikoekin. Azken baten ez dakigu zenbaterainoko eragina eta zertan izan zuten zehazki euskaldunen artean. Badakigu burdinaren langintza eurek ekarri zutela; eurek ekarriak direla jainko-sineste zahar batzuk ere.

    Iberiar Penintsularen sartaldean eta erdialdearen zati baten finkatu ziren batez ere herri zeltak. Zelta indoeuroparrak ziren euskaldunek hegoaldean zituzten auzoak ere, gaurko Errioxaren erdialdean egokitu ziren beroiak. Ezkerraldean zeuden kantabriarrak ez ziren zeltak, baina bai haien sartalderago bizi ziren galaikoak.

    Pirinioez iparraldean bizi ziren populuak, badakigu indoeuroparrak ez zirena; Galiako zeltek zituztenen bestelako ohitura, erakunde eta hizkuntzak zituztela. Baina Garonaz bestaldean bizi ziren galiarrak zeltak ziren, hizkuntza zelta zuten.

    Jatorri zeltako izentzat daude gure arteko toki-izen ezagun batzuk: Deba, Nerbio, Ultzama, Zegama eta Lezama lakoak. Pertsona-izenetan ere, batez ere erromatar garaiko Nafarroa eta Arabako inskripzioetan, sustrai zeltako antroponimia ugaria da, Penintsularen erdialdean ageri denaren antzekoa. Gipuzkoan eta Bizkaian bakanago ageri dira holako izenak.

    Euskal hizkuntzari dagokionez, hizkuntza zelten aztarren gutxi aurkitu da. Eta jatorri horretakoak diren hitzen kasuan ere, ez dakigu garbi euskarak hizkuntza zaharrotatik zuzen hartu dituen, ala latinaren bidez. Hala, euskarazko gezi / gezu latinezko gaesum formatik letorke, nahiz jatorriz hitza zelta izan.

    Badira euskaran hitz batzuk, jatorri zeltakotzat daudenak. Mitxelenak eta Tovarrek eskaintzen dituztenen artean: erbi, gori, maite, mando, mendi, (h)artz, (h)egi, (t)egi, orkatz. Zenbakietan ere hogeikako sistema hizkuntza zeltetan dagoen berbera da; baina ez da segurua haietatik hartua den.

    Edozelan ere maileguon kopurua beti ere urria da, eta ziurtasun osorik ez dute eskaintzen. Horregatik bada, hizkuntzaren aldetik euskaldunek eta zeltek euren artean latinaren aurretiko harreman estu eta eraginkorrik izan zutenik ez dirudi; zalantzan jartzen dute behintzat adituek.

    Seguruagoa da mitologia arloko eragina. Noiz ez dakigun arren, baina erromatarrak baino lehen seguruenik, europar mitologia sartzen da euskaran. Barandiaranek dio, indoeuroparrak diren mitoak Euskal Herrian ere badirela, ustez erromatarren aurretik hona sartuak; beharbada Neolito edo Burdin Aroan. Zeruarekin loturiko mitoak dira, zerutar jainkoak aipatzen dituztenak: ortzi, ortzegun / ostegun (‘zeruaren egun’), eguen (‘argiaren egun’) horren aztarrenak lirateke. Era berean, oinaztarria, zerutik bialdutako harriaren indoeuropar mitoa gogoratzen duen hitza dugu; zerua edo zerutikako eguraldi-fenomenoa gogoratzen digun beste berba bat dugu, osti-zaparrada – Azkoitia aldean entzuten dena–, eurite bortitza adierazteko.

  • Latinaren eragina

    Erromatarrak ere indoeuroparrak dira kulturaz, eta latina indoeuropar hizkuntza. Askozaz indartsuagoa izango da euskararen lurraldeak jasango duen latintze eta erromanizazio prozesua, aurretiazko zelta indoeuroparrena baino.

    Uholde berri honen indarrez hizkuntza zahar gehienak desagertzen joango dira –iberiera, kantabriera, hizkera zeltak eta beste–, eta guztiz aldentzera heldu ez ziren hizkuntzek ere sekulako eragina jasango dute latinaren aldetik; lexikoan, gramatika-egituretan eta, batez ere, kontzeptuen sistema osoan

    Erromatarren etorreraz, Euskal Herriaren hegoaldeak batez ere erromanizazio sakona ezagutuko du; lurraldea konkistatu ondoren latina hedatuko baita administrazio gune guztietan (K.a. I. mendetik IV. mendera arte).

    Erromanizazioaren hasieretan, gaur egungo Euskal Herria osatzen duen lurralde guztian egiten zen euskara, eta Euskal Herriaz harantzagoko beste lurralde batzuetan ere bai, gorago esan dugun lez.

    Erromanizaziorik sakonena jasan zuten eskualdeak izan ziren gehien latineratu zirenak; latineratzea ez da besterik hizkuntzazko erromanizazioa baino. Latinaren sarrera Pirinioen alde bietatik gertatu zen, batetik latin iberiarra eta bestetik latin akitaniarra.

    saltus/ager vasconum

    Gaurko Euskal Herriaren barrutian, esan daiteke euskara hobeto gorde zela saltus vasconum (mendialdea) zeritzan partean, ager vasconum (lautada) delakoan baino. Hizkuntzari tinkoago eutsi izana saltus alderdian, bertako orografiak eta bizimoduak esplikatuko luke. Lurralde menditsuetan biztanleak sakabanatuago biziko ziren eta euren bizimodu nagusia artzaintza izango zuten. Ager delakoak, ostera, nekazaritza oparoa eta hiriak izango zituen.

    Horrek ez du inola ere esan nahi lautadetatik euskara guztiz aldenduko zenik. Aurrerago diogunez, jakina da XVIII. mendean, eta XIX. mendera arte ere oraindik, euskara egiten zela Arabako lautadan, Lizarrerrian eta Tafalla aldean ere, herri askotan behintzat. Batzuen ustea da, euskarak beheko lautadok atzera irabazi zituela Erromatar Inperioa behera etorri zenean. Ez da pentsatu behar, hala ere, erromatar garaian ager alderditik euskara guztiz aldendu zatekeenik.

    Mitxelenaren ustean, latinaren erasoa hain izan zen gogorra, ezen "euskal hizkuntzak ez baitu ezagutu beste inoiz, erromatarren garaian baino uholde bortitzagorik, ia desagertzerainoko zorian" laga zuena. Baina zorionez, IV. mendetik aurrera Erromako Inperioa gainbehera hasi zen, probintzializazioa eta anarkia nagusitzen zirela. Gertaera horrekin, Euskal Herrian ere bizimodu eta izaera zaharraren aldeko joerak sendoagotu egin zitezkeen.

    Erromanizazio-prozesuak ez zuen, dena dela, behar adina denbora iraun osoa izateraino, eta prozesuaren etete horrek mesedetu zukeen euskararen iraupena. Geroago, frankoen eta bisigodoen inbasioei aurre egin beharko zieten hemengo biztanleek. Behin eta berriro azaltzen da godoen kronika zaharretan: domuit vascones. Ezbaiko egoera horrek lagunduko zion euskarari, lehengo eremuari eusten ez eze, eremu berrietara ere hedatzen Erdi Aroan zehar.

    Kristautasuna etorri eta zabaltzearekin gertatuko da Penintsulako hizkuntza zaharren aldentze osoa. Adituen ustez, kristautasuna erabakigarria izan zen gainerako hizkuntzen galeran.

    Kristautze-prozesuak euskararen latinizazioan ere sekulako eragina izan zuen. Berdinketa hau egin daiteke: zenbat eta kristautuago, hainbat eta latinduago. Itxuren arabera, kristautasunaren sarrera euskal lurraldean nahiko goiztiarra izan zen, III. edota agian IV. mendetik aurrera kalkulatzen da, nahiz gutxi dakigun horrezaz. Halaxe egonkortu zen latina eta erromatar zibilizazioa euskal lurraldean. Kristautzea hirietatik hedatu zen. Euskal lurralde zaharrean Kalagurri eta Iruña izan ziren lehen fokuak. Baiona ere “civitas” bezala izendatzen da aldi horretan.

    Europa sartaldeko beste herri batzuek latinetik kanpo ere ezagutu zuten kristautzea. Irlandan eta Bretainian gaelikoa erabili zuen Elizak dotrina irakasteko, eta Mauritanian ere bertako hizkuntza, kasu baterako.

    1. Hedatzeko moduak eta inguruneak

      Erromak latina berekin eraman zuen ailegatu zen bazterretaraino. Horretarako bitarteko ugari zituen Inperioak eta haren hiriburu nagusiak. Lehenengo, gudarostea eta honek eremu konkistatua antolatzeko zituen planak. Bigarren, lurraldea gobernatzeko eraikitzen ziren administrazio-egiturak (conventus juridicus). Hirugarren, eraiki zituzten komunikabide-sareak. Eta laugarren, komunikabideon bidez sortu zituzten merkataritza-harremanak. Erromatarrek Euskal Herrian zuketen interesa, batez ere, lehengaietan zegoen: laborea (nekazaritza) eta mea (meagintza). Galiak eta Hispaniak lur onak zituzten nekazaritzarako. Euskal Herrian, bestetik, burdina, beruna eta marmola zegoen. Esaterako, Foruko (Bizkaia) erromatar hiritxoan Ereñoko harriaz egindako aztarrenak daude.

      Erromatarrak lurtarrak ziren gehiago, greziarrak itsastarrak ziren bitartean. Lehorrez mugitzen ziren eta garraiatzen zituzten euren merkantziak batez ere. Horregatik urratu eta zabaldu zituzten hainbeste galtzada eta, Euskal Herrian ere bai.

      Erromatar galtzadek euskal lurraldea alderik alde zeharkatzen zuten eta haiexen bidez sartu ziren batez ere erromanizazioa eta latina. Ebro ibai ingurua, galtzadak zeharkatzen zuena, goizago erromanizatuko da, eta Arabaren hegoaldea berdin. Galtzada-komunikabideok zeharkaturiko eremuetan euskara atzeraka joango da. Ez da berdin gertatuko aldiz Bizkaian, Gipuzkoan eta Novempopulanian (Akitania), nahiz lurralde hauetan ere erromanizazio fokoak izan.

      Erromatarren garraiko tribuen mugak

      Tarracotik (Tarragona) Caesaraugustara (Zaragoza) zihoan bidenagusia Ebro ibai ondotik zetorren Vareiaraino (Logroño ondoan), eta handik Burgosen barrena Asturicaraino (Astorga) ailegatzen zen. Eta bere bidean Graccurris (Alfaro) eta Calagurris (Kalagorri) zeharkatzen zituen; eta Vareia eta Tritiumen (Naxera) zehar Birovescara (Briviesca) jotzen zuen. Hiri hau bidegurutzea zen.

      Galtzada horrek bazuen adar bat Logroño parean gora egiten zuena, eta Curnonium (Los Arcos) eta Lizarran zehar Pompaelora (Iruña) jotzen zuena. Eta beharbada adar bat Oiarsora (Irun) heltzen zen.

      Kostatik hurrago bazen beste galtzada-adar bat: ab Asturica in Burdigalam esaten zitzaion, ‘Asturicatik Burdigalara’. Birovescan gora Araban sartzen zen, lautada zeharkatuz Nafarroako Sakanan barrena zihoan Pompaelora heldu arte. Galtzada horren bidean zeuden Iruña-Veleia eta Araceli (Arakil).

      Latin-kultura, Pirinioez beheitian Zaragoza eta Oscatik (Huesca) sartu zela dirudi, eta iparraldean Tolosa (Toulouse) eta Burdigalatik (Bordele). Eskualde batzuetan erromanizazioaren presentzia ahulagoa izango zen.

      Ikertzaile batzuen ustez, Sertoriok Oska fundatzea (K.a. 77. urtean) eta hiri hau kultura-gune bihurtu izana gertaera garrantzitsuak dira erromanizazio prozesuan. Bestalde, Pompaelo (Iruña) fundatzeak ere latinaren presentzia sendotu egingo zuen euskal lurraldean.

      Lehenengo hiriak Pirinioen barrenean izango zuen eragin gehiago, eta bigarrenak Nafarroako lautadetan.

      Latinaren presentziak, dena dela, ez du esan nahi euskara aldendu zenik; herri-gune txikietako zein hirietako biztanle zeheak euskaldun iraungo zuten gero ere; gehienez ere elebidun. Badira uste dutenak, Iruña fundatzeak ez zuela latinizazioan horrenbesteko eraginik izan, zeren askoz geroago ere hango biztanleek euskarari sendo eutsi baitiote. Euskal hiztunek ‘Iruña’ deitu izan diote antzinako denboretatik hiriburu zahar horri.

      Toki-izen asko dira euskal lurraldean erromatar garaitik datozenak eta latinaren arrasto argiak gorde dituztenak: herri, auzo eta etxe izenak, batez ere.

      Toki-izen askoren atzizkiek salatzen dute euren latin-jatorria: pertsona-izena gehi jabetasuna markatzen duen atzizkia dute izenok euren egituran. Hala: -ika atzizkia (Gernika, Sondika, Gatika), -ain atzizkia (Barañain, Beasain, Andoain, Orendain), -ana atzizkia (Kastrexana, Antezana, Audikana), -ano(Abornikano, Aprikano, Barañano, Legutiano, Lukiano), edo -iz atzizkia (Gaminiz); funtsean fundus edo villa baten ugazabaren deitura adierazten dute toki-izenok.

    2. Hitz maileguak gaika

      Erromatarren etorrerak sorrarazi zuen kultura eta bizimodu aldaketaren ingurukoak edo arlo horietakoak dira latinetik jasoriko mailegu asko. G. Rohfsen esanetan, ia ez dago arlo tematikorik aldaketa horren eragina jasan ez zuenik, eta ondorenez maileguak jaso ez zituenetik.

      Lege eta administrazio erakuntzako latin-hitzak oparo hartu zituen euskarak eta bere sistemara egokitu: lege (< legem), errege (< regem), populu (< populum), jende (< gentem).

      Kontzeptu abstraktoen mundukoak ere asko dira: zentzu / zentzun (< sensum), borondate (< voluntatem), ohore (< honorem), damu (< damnum).

      Merkataritzari loturiko maileguak ere ezagunak dira: merkatu (< mercatum), tratu (< tractum), abere (< habere), kopuru (< cumulum), diru (< denarium).

      Irakaskuntza arloari lotuak dira: eskola (< scholam), liburu (< librum), maisturu (< magistrum) .

      Gizarteko maila gorenetako jendeak errazago onartuko zuen hizkuntza ofiziala eta hala beregandu zituen euskarak mediku, ostatu bezalako hitzak.

      Janzkera, soineko edo jantzi-atalei dagozkien hitzak: praka (< bracam), galtza (< calceam), sakela (< sacellam).

      Gizakiak darabiltzan tresna, lanabes eta armen ingurukoak: ezpata (< spatham), mailu (< malleum), katea (< catenam), makila (< bacillam), makulu (< baculum), akulu / akuilu (< aculeum) .

      Nekazaritza eta ardantzaren inguruko hitzak, lanabes, tresna, uzta eta beste: labore (< laborem), zekale (< secalem), meta (< metam), uzta (< augustam), kukula / kululu (< cucullam / cucullum), olio (< oleum), golde (< culterem), kupela (< cupellam), zela (< sellam).

      Fruitu edo barazkien izenak: gaztaina (< castaneam), gerezi (< cerasia), kipula / tipula (< cepullam), piper (< piper), ortu (< hortum).

      Etxegintza, eraikuntza edota etxeko bizimoduarekin loturiko kontzeptuak eta dagozkien hitzak dira kopuruz eta edukiz pisu handienetakoa dutenak. Eraikuntza eta honen atalak: gaztelu (< castellum), horma (< forma), korta (< cohorta), gela (< cellam). Etxeko axuar edo hornidurak: kandela (< candelam), zizeilu / zizilu (< subsellium), maindire (< mantile), zamau (< sabanum).

      Jan-edanaz eta etxeko tresnei loturiko hitzak: lukainka (< lucanicam), ope (< offam), koilara (< cochleare), galdara (< caldaria), kaiku (< caucum), katilu / gatilu (< catillum),bazka (< pasco, pascere). Mitxelenak berebizikotzat dauka euskarak jan-edan arloan eta etxeko axuarrarenean latinetik jaso duen hitz altxorra.

      Mitologia edo sineste munduko izen batzuetan ere latinaren lorratza dugu: azturu / azti (< astrum), lamina (< laminam), sorgin (< sors + eusk. -gin).

      Denbora eremuko hitzak dira: ordu (< ordo), denpora / denbora (< tempora), orloju / erloju (< horologium).

      Espazio edo leku eremuko hitzak: leku (< locum), okelu (< locellum).

      Eta oro har hitz generiko soiletan lorratz sakona utzi du latinak. Hala: agur (< augurium), gauza (< causam), gertu (< certum), gorputz / korpitz (< corpus).

      Kristautzea sartu eta hedatzearekin elizari eta dotrinari atxikitako kontzeptuak eta euron izenak oparo sartuko dira. Hala: eleiza / eliza (< ecclesiam), parrokia (< parrochiam), kurutze / gurutze (< crucem), pekatu / bekatu (< peccatum), arima (< animam), parka(tu) / barka(tu) (< parcere), infernu (< infernum), angeru / aingeru (< angelum), kristinau / kristau (< cristianum), saindu / santu (< sanctum), izpiritu (< spiritum), sekula (< seccula), zeru (< caelum), bedeinkatu (< benedicatum). Berdin erlijioari edo elizari loturiko izaki-izenetan: abate / abat (< abbatem), apezpiku (< episcopum), serora (< sororam).

      latinaren eragina

      Denbora eta egutegiaren eremuko hitzak ere asko dira; bereziki jaiegun eta festa-izenetan da igarriago latinaren ekarria: domeka (< dominicam), abendu (< adventum), marti (< martium), natibitate (< nativitatem), garizuma (< quadragesima), erramu (< ramum), Pazko / Bazko (< Pascha), Mendekoste (< Pentecostem), domusantu / omiasaindu (< domus sanctorum / omnium sanctorum), etab.

      Hitzen eratorkuntzarako euskarak dituen atzizkietan ere ezagun da latinaren eragina. Agerien eta deigarrienetarikoa, euskarak aditzak sortzeko darabilen -tu atzizkia da, latin aditzaren -tum supinotik erakarria. Bide horretatik aditz asko ere beregandu ditu: aditu (< auditum), adikatu (< fatigatum), sakratu (< sacratum), gaztigatu (< castigatum), alokatu (< locatum), debekatu (< vetitum), mendekatu (< vindicatum).

      Izen-adjektiboen atzizkietan ere ezagun da eragin hori. Itxuraz euskara hutsezkoak diruditen atzizki batzuen azpian latina edo honen ikutua dugu. Hala: -tsu (< -osus), indartsu, gogotsu bezalako berbetan; -ari (< -arius), errementari hitzean; -men / -pen (< -amen, -imem), itomen, eskumen hitzetan; -mendu / -mentu (< mentum), luzamendu, urrikalmendu lako berbetan, eta beste gehiago.

      Eta latin-erromantze itxura garbiagokoak berdin: -ura / -tura (lat. -uram)), egitura, lotura hitzetan; -tate / -dade (lat. -tatem, gazt. -dad)), egitate, jakitate, bakartade / bakardade) edo ahuldade) berbetan.

      Euskal pertsona-izen zahar batzuek ere itxuran ezagun dute euren arkaismoa. Hala, Laurenti / Laurendi (< Laurentii), Bikendi (< Vicentii), Peri / Betiri (< Petri), Domiku (< Domenicu).

      Euskarak latinetik harturiko hitzetan bada ezaugarri deigarri bat: euron itxura arkaikoa edo zahar kutsukoa. Latinetiko maileguok itxura zaharra garbiago eta hobeto gordetzen dute sarri, erromantzeetan hartu duten itxurak baino. Horrek hau esan nahi du: zenbat eta jatorrizko itxura hobeto gorde, hainbat eta zaharragoak direla maileguok. Eta hitzok euskaran gorde duten itxuratik dakigu sarri noiz sartuak diratekeen ere.

      Gure Aroaren lehen mendeetakoak dira maileguetarik asko. Hitz hauetarik gehienetan, eta toponimian berdin, inperio garaiko latina sartu zen, eta orduko fonetika, erromantzeek jasan dituzten aldaketak barik gorde du euskarak. Badira, hala ere, zahar itxura gorabehera, askoz beranduago sartu diren hitzak, Erdi Aroan euskaran txertatu zirenak eliz hizkeraren bidez.

      Latinaren eraginak, hitz eta atzizkietatik urrunago, morfosintaxia ere hartu zuen gutxi-asko. Euskal morfologian latinaren egiturak ezagun dira, baina, Mitxelenaren ustez, egiturok beranduagokoak dira, erromaniko berantiarrekoak.

      Kanpotik begiratuz gero, harrigarri dirudi euskarak zelan latinaren uholde kultuaren aurrean bizirik iraun duen, hizkuntza horretatik hainbesteko hitz eta egitura pila hartu ondoren. Agian latinaren eragin oldartsu horrek esplikatzen du bizirik irautea ere. Euskarak sekulako asimilazio-ahalmena erakutsi du historian zehar. Asimilazio-ahalmen horri esker biziberritu da eta egoera berrietara ekandu. Antzeko kasu bat aipatzeko, ingelesarena ipini daiteke: germaniar hizkuntza bat izanik, frantsesaren bidez latin-erromantze jatorriko zenbat-gura hitz eta egitura erraztasun handiz beregandu baititu.

      Latinak eta erromantzeek euskaran izan duten eragina ageria da eta ukatzerik ez dago, baina ha-ta-guzti ere hizkuntzaren funtsezko egiturek bere hartan diraute: adjektiboa izenaren ondoren doa (etxe zuri); mugatzaileak atzizki bidez markatzen dira (etxe zuri-a); erlazio-markak orobat (etxe-an). Euskal aditzak, bai trinkoak, bai perifrastikoak, egitura oso berezia du (dago, egon da); esangura markatua duen sintagma, galdegaia, aditz aurrean kokatzen da, eta abar.

      Latina hizkuntza kultua zen. Hala bada, euskara hizkuntza kultu baten ekarriaz aberastu egin zen: kontzeptuz ugaritu eta zehaztasunetan irabazi. Eragin hau berez-berez, erresistentzia barik gertatu zen. Ondoriotzat eman daiteke, beraz, latinaren bidez aberastu egin zela euskara. Gorputzak, eta sabelak, janariarekin egin ohi duten prozesu antzekoa egin zuela: latinaz janaritu eta indartu egin zuen: bere sistema barruan egosi ziren jasoriko hitz eta egiturak, hizkuntzari indar berria emanik.

      Latinaren aurretik eta gero ere euskara prozesuan egon da, eta orain ere horretan dago. Prozesuan dagoelako iraun du eta dirau.

  • Beste eragin batzuk

    Arabieraren eragina modu apalean baino ez zen gertatu euskaran. Modu bitara kutsatu zen: bide zuzenez eta zehar bidez, erromantze bidez. Lexiko mailara mugatu zen eragin hori, maileguzko hitz jakin batzuetara.

    Zuzeneko eragina, Aragoi aldetik gertatu zela dirudi, edo hobeto esanda, hego-ekialdetik. Arabieratik zuzen hartuak dirudite hitzok: mertxika, alkandora, atorra, azukre, azokegun (A. Tovar). Beharbada ugariagoak dirateke erromantze bidez, gaztelania zaharraren bidez sartu direnak: almaiz, azafrai, azanario, anega eta arroa, esaterako.

    Denboran atzerago eginda, bisigodoen aldian, herri-latin arrunta ere egingo zen gutxi-asko euskal lurraldean; bertoko berezitasunak zituena, ez kanpotik etorria. A. Tovarrek dioenez, buruki (urki) eta gudu hitzak germaniar jatorrikoak dira, eta seguruen bisigodoek edo frankoek ekarriko zituzten.

Aurkezpena | ... >> 7 >> 8 >> 9 >>...
Fecha de la última modificación: 26/12/2007