Departamento de Trabajo y Empleo

Liburu osoa (pdf, 2405kB)
Aurkezpena | ... >> 3 >> 4 >> 5 >>...
Besteena hartu norberea galdu barik

Hizkuntza batek, beste hizkuntza-familia bateko hitzak beregandu arren eta hitzon kopurua handia izanagatik, ez du galtzen jatorriz edo antzinatik duen berezko izaera, bere osotasuna. Cavalli-Sforzaren hitzetan: “Euskara hondar-hizkuntza baten kasurik miresgarriena da; inguruko lurraldeetan gertatu diren aldaketa guztien gainetik milaka urtetan bizirik irautea lortu du”.

Euskarak, hizkuntza bana-banakoa eta inguruko besteetatik guztiz berezia izan arren, erraztasun handiz beregandu ditu beste hizkuntzotako elementuak, berarekin harremana izan duten neurrian. Hizkuntza “nahastua” da alde horretatik, ez “garbia”.

Hizkuntza batzuen oinarrizko hitzak multzoka

Euskarak, mende luzeetan latinarekin edo erromantzeekin batera bizi izanaren ondorioz, fisonomia berezia hartu du: hauetatik jasoriko askotariko maileguak ditu bere sisteman. Maileguok, batez ere hitzetan dira ageriago, baina baita eratorpen-atzizkietan, morfologia-atzizkietan, sintaxian eta esamoduetan ere gertatu dira.

Gogora dezagun, bestalde, euskara-erdaren arteko mailegutza kontrako bidean ere gertatu dela, euskaratik erdaretara, batez ere aspaldiko denboretan. Euskarak auzo izan dituen erromantze-hizkuntzetan izan dukeen eragina, agian apalagoa da osotasunean, baina erromantzeen sorreran erabakigarriago izan zela dirudi. Gaztelaniak eta gaskoiak dituzten zenbait joera fonetiko euskara zaharrari zor zaizkiola behin eta berriz aitortu dute hizkuntzalariek (Menéndez Pidal, J. Allières). Gaztelaniagatik are gehiago esan da: bere sorreran “euskal ezpainetan mintzaturiko erromantzea” ei da.

Erromantzeak sortu aurreko aldietan, euskarak latinetik jaso zukeen eragina berdintsua izango zen hizkuntzaren lurralde osoan, Pirinioez alde bietan. Ez zen hainbesteko diferentziarik egongo Akitaniako eta Iberiako latinaren artean, euskaran izan zezakeen eraginari begira.

Baina erromantzeak garatu eta nagusitu ondoren, hauek euskaran izan dituzten eraginak ez dira modu berean gertatu leku batean eta bestean. Iparraldeko euskarak gaskoiaren eta biarnesaren eragina jasan du, batez ere lexikoaren eta fonetikaren aldetik, baina baita morfologian ere. Eta beranduagoan, batez ere Frantziako Iraultza ondoren, frantsesarena.

Pirinioez beheitian, gaztelaniaren eragina sendo eta trinkoagoa izan da sartaldeko eta erdiko euskal hizkeretan, bizkaieran eta gipuzkeran. Nafarroako hizkeretan, aldiz, nafar-aragoitar erromantze zaharren eragina izan zen lehenik, eta gaztelaniarena geroago.

Aurkezpena | ... >> 3 >> 4 >> 5 >>...
Fecha de la última modificación: 26/12/2007