Departamento de Trabajo y Empleo

Liburu osoa (pdf, 2405kB)
Aurkezpena | ... >> 2 >> 3 >> 4 >>...
Euskararen banakotasuna

Euskara, berdintze-eraso horretatik onik irten zen, guztiz ez bada neurri baten behintzat, eta halaxe gelditu zen indoeuroparren lurralde zabalaren barruan isla modura, indoeuropar aurreko hizkuntzen aztarren eta lekuko bakar gisa mendebaldean. Horregatik deitu izan zaio behin baino sarriago “isla-hizkuntza”, esan nahi da, hizkuntza bakar eta bakuna.

Lehen uholdeko indoeuropartzea eragin zuten zeltak lur bila etorriak ziren. Erromatarren etorrera gudaroste bidez gertatuko da: lurraldeen jabe eginez gainera, euren administrazioa ezarri eta eratuko dute lurralde horiek gobernatzeko.

Euskarak uholde bion erasotik salbu irtetea lortu zuen, artean baino lurralde txikiagoan izan arren. Erromanizazioaren eraginpean bizirik irautea lortu bazuen euskarak, egoera berrira, kultura berrira egokitzen jakin zuelako izan zen. Galdu ez zen egin, baina latinaren kutsu handia jaso zuen: kontzeptuetaneta lexikoan, eta zenbait morfologia-egituratan ere bai. Lexikoaren aldetik, nekazaritza, olagintza eta kristau-erlijio esparruak aipa daitezke garrantzizkotzat. Batek baino gehiagok esan du, euskarak bizirik badirau erromanizazioaren ondoren, aldatzen jakin duelako dela, horretarako gaitasuna erakutsi duelako.

Hala gertatu ez balitz, galdu egingo zen seguruen.Euskara, gorabehera historiko guztien gainetik, Europako hizkuntza dugu, europar hizkuntza, beste edozeinek adina eskubiderekin, edo gehiagorekin. Lehen ere hemen zen, orain 3.000 urte ere, erromanizazio ondoren ere hemen zen, eta hizkuntza indartsuagoen eraso guztien gainetik hemen da gaur ere.

Indoeuroparren etorrera aurretik egitura eta itxura diferenteak edukiko zituen, guretzat ezagun ez direnak; eta orain, latinaren eta erromantzeen eragin handiak jasan ondoren, egokiturik eta eraberriturik hemen dugu gaur ere.

Hizkuntza zahar guztiak joan dira aldatuz: grekoa, latina, arabiera... Aldakuntzok eta guzti, euskara dugu Sartalde guztian, desagertu den aldi bateko hizkuntzen hondarkin bakarra, baina aldi berean gaitasun osokoa: gizarte baten beharrizan eta harreman guztiak bideratzeko gai zen antzina, gai zen Erdi Aroan, eta gai da gaur ere.Jatorriaren kontura bihurtuta, euskarari beste inongo hizkuntzarekin senidetasunik ez zaio aurkitu. Juan Antonio Mogel, (pdf,968Kb) idazleak orain mende bi pasatxo honako hitzokin esan zuen: “Euskeriari eztakijo iñok arrezkero etorrerarik”. Baditu, izan, beste hizkuntza batzuekin antz batzuk, baina jatorriarekin zerikusirik ez dutenak.

Colin Renfrewek garbi dio oraindik argitzeko dagoela euskararen jatorri kontua: “Europa modernoko euskaraez da inguruko hizkuntzen senide eta inbentariatu diren beste hizkuntzen antzik ere ez du”, bere hitzetan.

Ikertzaile gehien-gehienak iritzi horretakoak dira, edo uste dute, gaur eskura ditugun datuen argitan, ezin daitekeela halakorik frogatu; edota beste hizkuntzaren batekin lotura edo paralelotasun bat bilatzekotan ere, euren artean legokeen substratu berdin antzina-antzinakoa litzatekeela, milaka urte lehenagokoa.

Gramatika-egitura mailan konparatzen bada euskara beste edozein hizkuntzarekin, ez da bat bera ere aurkitu senidetasuna frogatzen duen berdintasunik. Lexiko arlotik joz gero, hitz edo erro jakin batzuetan iberierarekin bilatu zaizkio antzekotasunak –izan ere hainbat ikerketa egin dira aspaldion hizkuntza biok konparatu nahian–. Baina errazago esplikatzen dira auzotasunez edo mailegu bidez eta ez senide izateagatik.

Oraintsura arte indarrean egon dira euskara Eurasiako hizkuntza zaharrekin lotu nahi izan duten teoriak ere: batez ere kaukasiar hizkuntzekin, baina baita paleosiberiar,fino-ugriar eta indoeuropar hizkuntza zaharrekin ere. Euretariko baten batekin ahaidetasunik bilatzekotan, historiaurrekoa izan beharko luke, izkribu idatzirik ez dagoen aldiren batekoa. Kaukasiar hizkuntzekin uztartzera zuzendu dira ikerketa gehienak. Batzuek gramatika-egituraren aldetik, beste batzuek lexikoaren aldetik, eta azkenez fonema-maiztasunen aldetik ere bai. Tipologia mailakoak dira aurkitu diren kidetasun agerienak; morfologia edo lexiko mailan gauzak ilun daude.

Oraintsuago beste iker-ildo batzuk urratu dira konparatze-ahalegin horretan: giza taldeen biologia eta kultura eboluzioak harremanean ipini nahi izan dira.

Berrogeita hamarreko hamarkadan Arthur Mourantek hipotesi hau aurreratu zuen: euskaldunak ei dira gaur egun Europako biztanlerik zaharrenak eta euren egitura genetiko zaharra, zati bat behintzat, oraindik ere gorde dute, kanpotarrekin izan dituzten gurutzatze historikoak gorabehera. Teoria hau, odoleko Rh negatiboaren faktoreari loturik dago. Euskaldunen artean ugariagoa ei da genetika ezaugarri hau beste gizatalde batzuetan baino. Eta beste genetika ezaugarri mota batzuekin egin diren ikerketak ere hipotesi hau on egitera eta sendotzera datoz (L. L. Cavalli-Sforza).

Denboran honago etorrita, euskarak, lehenengo latin hizkuntzarekin, eta gero hizkuntza erromanikoekin izan duen harremanak ikaragarrizko urratsa utzi du hizkuntzaren egituran. Elebitasuna zaharra da Euskal Herrian, batez ere hirietan. Latinaren esparruak, haren ondoren erromantzeek beregandu zituzten, eta hizkuntzok mendez mende elkarri eraginez bizi izan dira.

Iparraldean gaskoiarekin, ekialde eta hegoaldean nafar-aragoierarekin, eta hego eta sartaldean gaztelaniarekin izan du euskarak luzaroko harremana. Hizkuntzokin auzo izatetik datoz, beraz, aurkitu daitezkeen antz guztiak. Gehiago oraindino: lurralde berean eta neurri baten gizarte beraren ezpainetan erabiliak izan direlako hizkuntzok luzaroan, elebitasun-egoeran.

Aurkezpena | ... >> 2 >> 3 >> 4 >>...
Fecha de la última modificación: 26/12/2007