Departamento de Trabajo y Empleo

Liburu osoa (pdf, 2405kB)
Aurkezpena | 1 >> 2 >> 3 >> ...
Euskara Europako hizkuntzen sailkapen barruan
Indoeuropar hizkuntzen zuhaitz genealogikoa

Hizkuntzalarien artean –eta hizkuntzazale askoren artean ere bai– aspaldiko gogoa eta kezka izan da, ezagunak diren munduko hizkuntza guztiak familiaka sailkatu eta batzekoa: hizkuntzen artean diren, edo izan daitezkeen, antzekotasun eta diferentziak aztertu, eta horren arabera senidetasunak edo hurbiltasunak zehaztu, zuhaitz genealogiko baten irudira. Horrela, finkatu daiteke zein hizkuntza den gurasoa eta zein ostekoa, zein den aurretikoa eta zein ondorengoa. Aztertzaile hauen iritzian, genealogia da balio funtsezkoena eta, ondorenez, familia berekoak diren hizkuntzak baino ez dira senide izango.

Baina hizkuntzen artean izaten dira beste modu bateko ahaidetasunak ere. Odoleko senide izan barik, auzoko izatetik datozen lotura edo kidetasunak. Badira urruneko ahaidetasunak ere; esaterako, protohistorian enbor beretik sortu ziren hizkuntzak, baina denbora luzean aparte bizi izanik, elkarren antzak galdu edo lausotu zaizkienak. Hori izan daiteke finlandiera eta hungariera hizkuntzen kasua.

Badira beste era bateko loturak ere hizkuntzen artean: jatorriz diferenteak izanik, luzaroan elkarren auzo izan eta harreman estua izan dutenak. Eta hala, mailegu bidez batak besteari sano eragin dietenak. Euskara eta iberieraren kasua izan daiteke agian? Ez dakigu garbi. Baina euskarak latinari dion zorra izan daiteke adibide argiagoa seguruenik.

Gure Aroa hasi aurreko bigarren milurtekoan zabaldu zen Indian eta Europan barrena hizkuntza-multzo inportante bat. Lurralde horien jabe egin ziren herriak "indoeuropar" izenaz ezagutzen dira. XIX. mendearen hasieretan, linguistika konparatiboa garatu zen urteetan, hizkuntza klasiko zahar batzuen eta moderno batzuen artean parekotasun handiak zeudela frogatu zuten hizkuntzalariek, eta hortik hasi ziren galdetzen ea jatorri berekoak izango ez ote ziren. Batez ere Indian egiten zen sanskrito zaharra aztertzen hasi zirenean konturatu ziren zenbait hizkuntzaren arteko antzekotasunez; batez ere Europako hizkuntza klasikoekin (grekoa eta latina). Eta hala, metodologia zehatza aplikatuz, konparantzak egiteari ekin zioten, batez ere lexiko eta gramatika mailan. Hizkuntzen konparatze-saio horietatik ondorio hau atera zuten: lege finko eta irautezkoak dituztela hizkuntzek euren garapenean, hizkuntza bakoitzak bere eboluzioan lege jakinak jagoten dituela, alegia. Eta pentsatu zuten, legeok ikasiz eta aplikatuz, hizkuntza historikoen antzinagoko estadioetara heldu zitekeela: mende zaharragoetan hizkuntza batek zukeen morfologia-egitura zein zen jakitera. Bide horri jarraiturik senide diren hizkuntzen antzinako egitura bakar hura ezagutu zitekeela uste zuten: protoindoeuropar zaharraren egitura finkatzea zen haien ametsa. Gerora ikusi da konparatisten ametsok muga batetik gora gainditu ezinak zirela; berreraikitze ahalegin horretan, puntu batetik urrunago joatea ezinezkoa zela, are gutxiago, dokumentazio idatzien faltaz.

Indoeuropar eta indoeuropar ez diren hizkuntzen banaketa

Indoeuropar hizkuntzak multzo bitan banatzeko ahalegin teorikoa egin izan da, 100 zenbakiaren kontzeptua zelan adierazten duten irizpidetzat harturik: satem multzoa batetik (iraniarra eta indiarra barru hartzen dituena), eta centum multzoa bestetik (latina, grekoa, hizkuntza zeltak eta germanikoak barru hartzen dituena) bereizi izan dira.

Indoeuropar hizkuntzak bata besteagandik guztiz urrun dauden lurraldeetan egiten dira, eta baldin antzekotasun garbiak badira euren artean, enbor beretik sortuak direlako da, ez geroagoko elkarreraginen ondorioz. Hala, esaterako, tokhariera, orain mila urte Txinako bazter baten egiten zena, centum multzokoa zen, eta eredu horretako beste hizkuntzetatik milaka kilometro askotara urrundurik zegoen.

Indoeuropar familiako Europako hizkuntzen sailkatze nagusia honela egin dute: grekoa, italiar hizkuntzak (latina, eta beretik sortuak diren italiera, gaztelania, frantsesa, katalana, galego-portugalera, errumaniera), hizkuntza zeltak (gaelera, bretoiera, galesa, zeltera hispaniarra...), germaniar hizkuntzak (alemanaz gainera, ingelesa, daniera, nederlandera, suediera...), eslaviar hizkuntzak (errusiera, serbokroaziera, bulgariera, poloniera...) eta baltikoak (letoniera, lituaniera).

Indoeuroparrak etorri aurretik ziren hizkuntzak ia guztiz aldendu ziren; europar lurraldean nagusitu ziren populu eta jendetza berriek, modu batera edo bestera, euren hizkuntzak ezarri zituztelako. Indoeuroparren aurretiko hizkuntzen artean, gutxi-gutxi izan ziren iraun zutenak: etruriera –latinak K.a. I. mendean aldenarazi zuena–, iberiera, Hispaniar Penintsulan egiten zena –hau ere latinaren etorrerarekin laster hondatuko zen–, fino-ugriar adarra eta, azkenik, euskara.

Labur esanda, Europako kontinentean barrena gertatu zen lehenengo hizkuntza-uholdearen ondoren, indoeuropar enborreko hizkuntza-familiak nagusi gertatu ziren.

Europak jasango duen bigarren hizkuntza eraso nagusia erromanizazioak eta latinizazioak berekin erakarriko duena da gure Aroaren hasieretatik aurrera: hizkuntza-berdintze prozesu hori, latinaren bidez osoro gertatu ez zen lekuetan ere, haren ondoko hizkuntza erromanikoen bidez burutuko da geroago.

Aurkezpena | 1 >> 2 >> 3 >> ...
Fecha de la última modificación: 26/12/2007