Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskal Instrumentuak

Idiofonoak >> Tronpa, mosugitarra, mosumusika

Tronpa, mosugitarraGure tronpak giltza zahar baten itxura du. Itxi gabeko zirkulu antzekoa den uztaia. Muturretatik paraleloki bi beso ateratzen dira aurrealdera. Bi beso horien erdian, behatzarekin eraginez bibratzen duen altzairuzko mihi bat duela. Dena metalezkoa da.

Tronpa, musugitarra eta musumusika, hiru izen hauekin ezagutzen da Euskal Herrian, mundu osoan oso zabaldurik dagoen soinu-tresna hau.

Soinu-tresna txiki eta sinple hau Euskal Herrian asko jotzen omen zen joan zen mendera arte. Mende honen hasieran jotzaile batzuk baziren Gipuzkoan eta Bizkaiko Durangaldean.

Aita Donostiak (1952) zenbait xehetasun ematen du: Durangokoei "tronperriko" deitzen zieten goitizenez, bertan tronpak egiten baitziren, eta jo ere bai. Durangoko dendetan 1890-1895. urte inguruan tronpak saltzen ziren eta 1906-1910. urte inguruan jotzen omen zuten, oso ongi jo ere.

XIX. mende hasieran, Hernaniko plazan "tronpa dantza" izeneko dantza egiten omen zen. Dantza honek, izena, bere musika-emailearen soinu-tresnetatik hartzen zuen, tronpekin (guimbardes) jotzen zen eta.

Aita Barandiaranek esaten zuenez, mende honen hasieran Ataungo plazan jendeak Tronpa-musikarekin dantza egiten zuen. Donostiako San Telmo Museoan soinutresna honi buruzko informazio gehiago aurkitu dugu. Bedaioko J. A. Sarasola txistulari zenaren amak, ilunabarretan, etxeko sukaldean jotzen zuen tronpa txiki bat besteek kanta eta dantza zezaten.

Ezagutu dugun azken tronpa joleari buruzko berriak, Orioko San Martin auzoko Sarobe baserrian bildu ditugu bertako Jose Peñak emanda. Mutiko zenean bere etxera etortzen omen zen Aretxabaletako gizon handi bat, Nikolas Garmendia. Kontrabandoan, eskopetak konpontzen, pistolak saltzen eta horrela ibiltzen omen zen. Saroben egon eta lo egiten zuen. Sukaldean bertan asko jotzen omen zuen eta oso ondo gainera, era guztietako kantu eta dantzak. Tronpa handi bat zuen, kolorez horia. "Zer bulla ateratzen zuen!". Bukatutakoan, kortxozko azal edo kaxa batean gordetzen zuen (Beltran, 1997).