Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskal Instrumentuak


Asko izan dira, ezagutzen diren hainbat eta hainbat soinu-tresnatan sakontzeko aurkeztutako irizpideak, beraien berezitasunetan oinarrituriko kategorietan taldekatzeko. Horrela, soinu-tresnen arteko erlazio eta zerikusiak planteatzeko ordenak finkatu nahi izan dira.

Hona hemen zenbait sailkapen-sistema:

Soinu-tresnaren funtzio musikalean oinarrituak: melodikoa, erritmikoa, armonikoa,...

Bere osaketan parte hartzen duten materialen arabera.

Soinu-tresnaren soinu iturrien eta akustikaren arabera.

Azken honetan oinarriturik, 1914an, Erich M. von Hornbostel eta Curt Sachs alemaniarrek asmaturiko sistema, printzipio akustikoetan oinarriturik dago. Sailkapen-sistema hau, oro har, guztiek onartu dute. Sistema hau da, gure soinu-tresna autoktonoak sailkatu, erlazionatu eta taldekatzeko aukeratu duguna, nahiz eta jakin, kasu guztietan ezin dela era absolutuan erabaki, bai baitaude sailkatzen zailak diren batzuk, eta baita talde batean baino gehiagotan sar ditzakegunak ere.

E. von Hornbostel eta Curt Sachs-ek beren sisteman, oinarrizko bost talde proposatzen dituzte. Talde honetako bosgarren taldea Elektrofonoena da, eta berau alde batera utziko dugu, landu behar dugun gaitik at geratzen baita. Hona hemen beste lau taldeak:

Idiofonoak: bibratzen duen elementua soinu-tresnaren gorputza bera denean. Berau beraz, aparteko tinkaketarik behar ez duen (soka edo partxeak behar duten bezala) eta soinua sor dezakeen materialekin egina egongo da.

Menbranofonoak: hotsa, zabaldu eta tinkaturiko mintzaren bibrazioek sortzen dutenean.

Kordofonoak: bibratzen jarritako soka tinkatuek osatzen duten soinutresnak dira.

Aerofonoak: haizezko soinu-tresna esanda ere ezagutzen diren hauek oinarrizko bi elementu dituzte: aire-zutabea gordetzen duen hodi edo ontzia eta aire hori bibrarazteko beharrezko dugun eragilea.

Talde hauen barnean, beste sailkapen batzuk egingo ditugu, ondoko aldagai hauen arabera:

  • Hots bibrazio-eragilea (adibidez, haizezkoetan aire-zutabeari bibrazioak transmititzen dizkiona).
  • Materiala, itxura eta eraketa (adibidez, idiofonoetan: metalofonoak, litofonoak...).
  • Hotsa sortuko duen materiala bibrarazteko era (adibidez, sokazkoetan soka bibrarazteko erabiltzen den modua: pultsatua, kolpatua, igurtzitakoa).

Hau guztia oso konplexua izan daitekeenez, gu sinplifikatzen saiatuko gara, batik bat Euskal Herrian dugun aniztasuna kontuan izanik sailkatuko ditugularik

Azken eguneratzea: 2006/02/03