Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskadi Literatura Sariak [2014]

EUSKARAZKO SAIAKERA

New York-Martutene - Atala

Irabazlea: Joseba Gabilondo Alberdi
Izenburua: New York-Martutene. Euskal postnazionalismoaren utopiaz eta globalizazio neoliberalaren krisiaz
Argitaletxea: Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea

18.000 euroko saria eta 4.000 euroko lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.

Epaimahaia:

  • Jon Sudupe Martija, epaimahaiburua
  • Patziku Perurena Loiarte, epaimahaikidea
  • Eduardo Apodaka Ostaikoetxea, epaimahaikidea
  • Ainhoa Larrañaga Elorza, epaimahaikidea
  • Katixa Agirre Miguélez, epaimahaikidea

EPAIMAHAIAK IKUSITAKO MERITUAK

Joseba Gabilondok bere New York – Martutene saiakeran, Ramon Saizarbitoriaren nobelagintzaren azterketa ausart eta berritzailea egin du. Zehazki idazle donostiarraren Martutene lanean barrena egiten duen ibilaldia oso iradokitzailea da. Haren unibertso literarioan barneratzeko orientabide ugari ematen dizkigu, gaur egungo teoria literarioen argitan.

Horrez gain, literatura analisi eremu interdiziplinar batera eramanez, Saizarbitoriaren testuaz harago begirada zabaltzen du eta Euskal Herriak mundu globalizatuan duen tokia sakon aztertzen du.

Euskara trinkoa darabil baina irakurgarria aldi berean, hizkuntza akademikotik ondo moldatua edozein irakurlerentzat.

Azken urteetako euskal nobelagintzaren hausnarketa probokatzailea da berea.


SARITUTAKOARI BURUZKO HAINBAT DATU

Joseba Gabilondo Alberdi

Joseba Gabilondo Alberdi (Urretxu, 1963)

Joseba Gabilondo (1963) Urretxun jaio zen, familia osoa eta etxean hitz egindako euskalkia Bergarakoa bada ere. Zortzi urte zituelarik Errenteriara egin zuen mudantza familiak eta hamazortzi urterekin Donostiara. Abaila harturik, ez da harrez gero gure idazlea geratu. Gasteizen amaitu zituen euskal filologia ikasketak Jon Juaristi eta Koldo Mitxelenarekin (1987) eta University of California, San Diegon doktoradutza burutu zuen Hollywood garaikideari buruzko tesia idatziz (1991).

Azkenik, hispanista bezala egokitu da eta harrez gero literatura eta kultura hispaniarrei (Espainia eta Latinoamerika) buruz irakatsi du honako unibertsitateetan: Duke University (North Carolina), Bryn Mawr College (Pennsylvania), University of Florida, University of Nevada, Reno eta Michigan State University.

Bidaiatzea eta kultura berriak ezagutzea pasio bihurtu dituen idazle ibiltari honek, 1992an argitaratu zuen AEB-etako kronika bat: Kaliforniatik bihotzez eta, harrez gero, literatura euskaldun garaikideari buruzko beste lan akademiko bat: Nazioaren hondarrak: Euskal literatura garaikidearen historia postnazional baterako hastapenak (2006). Apokalipsia guztioi erakutsia (Erein, 2009) liburuarekin irabazi zuen Erein narratiba saria.


NEW YORK - MARTUTENE

Saizarbitoriaren Martutene (2012) da euskal literaturako eleberririk garrantzitsu eta kalitatezkoena, euskal kanonaren ardatz bihurtzera deitua dena. Eleberri horrek lehena eta geroa berrikusteko perspektiba berria ematen digu: euskal XX. mende luzea (1898-2012) abertzaletasunak definitua (Arana, ETA) eta globalizazio neoliberalaren krisiak (2008) amaitua. Saizarbitoriak mende horretan “galtzailearen kultura” euskaldunak izan duen zentraltasuna esplikatzen digu. Bertatik abiaturik, XXI. mende hasi berria ulertzeko, bizitzen hasteko, utopia postnazional bat ere ematen digu Saizarbitoriak, era ezkorrean bada ere, XX. mende joanean ainguratutako euskal burgesia dekadente baten erradiografiaren bidez.


ZATIA

Eleberri honekin jaits gaitezke euskal abertzaletasunaren infernu dantiarrera, eta, Beatrizik ezean, gure subjektu izatearen funtsa berreskuraturik itzuli mundu lurtar oraindik euskaldunera. Hots, gure desiren (politiko-pertsonalen) hondarrera ailega gaitezke, jaits gaitezke, eta bertan izan garenaren, desira izan (ez) dugunaren, hondarrak erreskatatu, hondarrotatik geroa ikustatzen has gaitezen. Azterketa dantesko horretan, Saizarbitoria infernu-gidari, hondar-gidari, suertatu zaigu. Saizarbitoriak berak ere ez daki zehazki nola amaituko den geroaldi asmaezin hori, zeinetan Sortuk, legeztaturik, ETAren bortizkeria arbuiatuko duen, presoena kudeatu beharreko memoria/errealitate traumatiko bat izango den, biktimena bezalatsu, eta euskal izatea agian utopia bihurtuko den berriz ere, edo, kontrara, kondena berri suertatuko, gehienek itzuri/heldu egin nahiko diotena, desiratuko (ez) dutena, beren desirak egituratuko (ez) dituena.

Horretan ere, Saizarbitoriak, Moisesek bezala, lur prometatura ekarri gaitu, baina orain, promes horretaz duda egin duelako, badaki kanpoan geratzera kondenaturik dagoela. Eta Saizarbitoriarekin, 68ko belaunaldiko alde neoliberalak, profesionalizaturik, botereko postuak lorturik, aberasturik, emakumeari ere nola-halako berdintasun bat emanik, minbizitik ere pasaturik, hitz batean esateko, zaharturik, gauza bakar bati ezin dio aurre egin: gerorako utopiari. Belaunaldi horrek ezin du gazteentzako bihar desiragarri bat artikulatu, gerraondoko belaunaldiak 68ko belaunaldikoarentzat egin zuen bezala —eta gerraondoko bi belaunaldien arteko errelebo eta artikulazio politiko hori berreskuratzen du Saizarbitoriak eleberriko momentu utopiko gisa.


AURREKO EKITALDIETAKO IRABAZLEAK