Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

2009ko Euskadi Literatura Saria

Haur eta gazte literatura

Anekdotak - Azal-orria

Irabazlea: Ruben Ruiz
Izenburua: Anekdotak
Argitaletxea: Pamiela

18.000 euroko saria eta 4.000 euroko lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.

Epaimahaia:
Garbiñe Iztueta Goizueta, epaimahaiburu.
Mikel Ayerbe Sudupe, epaimahaikide.
Arantza Ozaeta Elorza, epaimahaikide.
Pello Añorga López, epaimahaikide.
Ibon Egaña Etxebarria, epaimahaikide.
Marta Merino Ortiz de Landaluce, epaimahaiko idazkari (hautespiderik gabea).

Epaimahaiak ikusitako merituak

Anekdotak liburuaren balioak aipatzerako unean, munduari eta bizitzari begirada poetikoa eskaintzen dion liburua dela azpimarratu behar da, Hitza eta Hizkuntza lagun dituela. ANE da protagonista eta obran zehar bere ANEkdotak kontatzen ditu.

Istorioak bere horretan sinplea badirudi ere (neskato bat eta bere gurasoen udako hondartzako egun bat), argumentuak trama sakona ezkutatzen du eta narrazioaren garapena ezin hobeto egituratuta dago. Kontakizunaren intentsitatea handituz doa orriek aurrera egin ahala eta amaierako ezusteak hainbat hausnarketa-bide irekitzen ditu. Añorgaren liburuak badu sakontasunik, asmatzen du irakurlearen barruraino heltzen; eta aldi berean, narrazioaren izaera dialogikoak irakurketa anitzak egitea ahalbidetzen du.

2009 urteko euskarazko Haur eta Gazte Literatura Saria erabakitzerakoan azken une arte bi neskato, hala nola, Ruben Ruiz-en Ane eta Juan Kruz Igerabideren Amilami pareko ibili badira ere, azkenen ANEren ahotan jartzen diren bizitzaren eta hizkuntzaren gaineko gogoeta ederrak gailendu dira.

Anekdotak liburuak unibertso koherentea sortzen daki bere aniztasunean, hasiera-hasieratik bukaera arte. Ondo uztartuta, egituratuta eta bateratuta daude protagonistak idazten dituen errelatu laburrak, egunkari antzeko formatuan, lanaren osotasuna lortzen dutenak. Banaka ere izaera propio eta berezia duten 30 pasarte hauek batasun baten zati ere badira aldi berean, beti ere Ane neskato protagonistaren ikuspuntu eta ahots berezia izanik anekdota guztien lokarri. Pasarte guztiek egitura jakin bat jarraitzen dute (bereziki atzo eta gaur hitzek mugatua) eta behin eta berriz errepikatzen diren beste hainbat elementuk forma ematen diete Aneren Anekdotei (Lupus txakurra, elurra). Eider Eibar-en eskutik egindako ilustrazio ederren kolore eta formek ere irakurketara gonbidatzen gaituzte, testuarekin ederki uztarturik.

Ahots bat izanik, Aneren ikuspuntuak baditu hainbat erpin: begirada aberatsa du, ikuspuntu oso ingenuoa sarritan eta aldiz oso kontzientea. Bere begiradak bizipen desberdinak sorrarazten ditu: sentimendu mingotsak, gozoak, gaziak, umoretsuak, fantasiazkoak

Liburu intimista eta minimalista da, haur literaturan ezagunak diren autoreen ahotsen oihartzunak dakartzana, hala nola, Mariasun Landarenak edo Juan Kruz Igerabiderenak, baina, beti ere, unibertso propioa eraikiz.

Liburua ez da haurrentzako soilik. Hartzaile zabal bati iritsi dakiokeen irakurketa da, bai gaztetxoei zein irakurle helduagoei ere. Esan behar da testuaren baitan agertzen diren hitz jokoek, ateraldi poetikoek zein Aneren mundu ikuskera bitxi eta logika bereziko ateraldiek erabat erakargarri egiten dutela irakurketa, atalka-atalka irribarretik sentiberatasunera (eta alderantziz) jauzi eginaz.

Saritutakoari buruzko hainbat datu

Ruben Ruiz

Ruben Ruiz (Gasteiz, 1973)

Araban jaio zen baina Nafarroan bizi da. Gasteizen magisteritza ikasi zuen eta psikopedagogia Donostian. Egun, maisu dihardu Nafarroan.

Behinola Haur eta Gazte Literatura aldizkariko koordinatzailea da eta Galtzagorri Elkarteko batzordekidea da.

Honako liburuak argitaratu ditu orain arte: Itsasoaren lezioa (Desclée de Brower, 2002), Azken giltza (Desclée de Brower, 2003), Eta txorimaloa mintzatu zen (Aizkorri, 2003), Txokolatezko atzamarra, (Erein 2003), Nora joan da argia?, (Aizkorri, 2006, liburu honek 2005. urteko I Etxepare saria jaso zuen) eta Sekretuak belarrira (Aizkorri, 2007).

Anekdotak

Ane zortzi urteko neska bat da.

Atzo, hitz berri bat entzun zion atso zahar bati Anek: anekdota. Aneri asko gustatu zitzaion entzundako hitza, akaso, esaten den aldiro bere izena esaten delako.

Gaur, jakin du zer esan nahi duen hitz horrek. Eta jakin du hitz hori erabili beharrean pasadizo esan dezakeela. Baina Anek anekdota esatea nahiago du. Eta erabaki du berari gertatutakoak idatzi egingo dituela.

Zatia

Musuak I

Atzo, aita mendira joan zen bi egunetarako. "Pirineos" aldera, Izaba herrira. Kotxean sartu zenean, eskua ahoan jarri zuen eta aire-musu bat bota zidan. Susmoa dut ez zuela oso ongi bideratu eta airean galdu zela, nik ez nuen musurik jaso behintzat.

Gaur, aitak arratsalde aldera etorri behar zuen, eta ez da iritsi. Dutxatu, afaldu eta ondoren ohera joan naiz.

Ustekabean, ordu txikitan, erabat lotan nengoenean, ezker masailean, musu bat nabaritu dut. Azkenean jaso dut aitak atzo airez bidalitako musua.

Haur eta gazte literaturari dagokion Euskadi literatura sariaren finalistak

Haur eta gazte literaturari dagokion sarian, Euskadi literatura saria jaso duen liburuaz gain, hauek izan dira finalistak:

  • "Amilami", Juan Kruz Igerabide. Argitaletxea: Elkar
  • "Leonardoren hegoak", Fernando Morillo. Argitaletxea: Ibaizabal
  • "Nikoleta eta gaua", Eider Rodriguez. Argitaletxea: Elkar