Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

2000. urteko literatura sariak

portada libro

Idazlana: Dublindarrak
Idazlea: Irene Aldasoro

Dublindarrak . Laburpena

"Dublindarrak"ez da ipuin-bilduma soila, hamabost ipuin soltez osatua; batasuna duen liburua baizik. Ipuinak ez dira hiriko estanpa edo hiritarren karikatura batzuk: azaleko itxuraren atzean karga sinboliko itzela duten istorioak dira. Kontakizun bakoitza besteen osagarri eta aberasgarri dira. Batek beste baten oihartzun egiten dute. Hasieratik amaieraraino irakurri eta gero, nabarmen ageri dira liburuaren osotasuna eta zatiek elkarrekin duten harremana. Ordena kronologiko bat ere jarraitzen dute kontakizunek: hartzaroko istorioak, nerabezarokoak, helduarokoak eta Dublingo bizitza publikokoak

"Dublindarrak" liburuan dago Hiria, kontakizunen euskarri eta magal, bere izen propio eta guzti. Eta, hirian, hiritarrak, horiek ere beren izen propioekin. Gizarte oso bat. Hain zuzen ere, Joycek salatu nahi zuen gizarte indargabetu, paralizatu eta ohiturei lotu huraxe. Joycek jende arrunt horren egunerokotasunaren akta jasotzen du ahalik eta objetibotasun handienaz, berak ikusten duen bezala, eta haien jokabidearen juzkurik egin gabe.

Dublindarrak. Zatiak

• (Ahizpak-etik) Oin-puntetan sartu nintzen. Leiho-sarearen barren farfailazkoaren artetik sartzen zen urrezko ilunabar-argiaz blaiturik zegoen gela, argitasun hartan su-lama mehe margulak ziruditela kandelak. Hilkutxan sarturik zegoen hildakoa. Nanniek gidaritza harturik, ohearen oinetan belaunikatu ginen hirurok. Otoitzean ari nintzen itxurak egin nituen, baina ezin nuen arretarik bildu, emakume zaharraren murmurioak adigabetzen niduen eta. Konturatu nintzen andre zaharrak zein zarpail loturik zeukan gona atzean, eta zein urraturik eta alde batera okerturik ehunezko boten orpoak. Apaiz zaharra hilkuntxan irribarrez zegoen irudipena izan nuen.

• (Enkontrua-tik) Gizonak bere bakarrizketan jarraitu zuen. Arestiko irekitasuna ahaztua zuela ematen zuen. Esan zuen baldin inoiz aurkitzen bazuen mutil bat neskatila batekin hizketan edo andregaitxoren bat zuenen bat, eman eta eman egingo ziola zigorraz; horrek erakutsiko ziola neskekin hizketan ez ibiltzen. Eta mutil batek andregaitxoren bat izan eta gezurra esaten bazuen, mundu honetan inongo mutilek hartu ez duen bezalako zigorrada emango ziola. Horrexek baino atsegin handiagorik ez ziokeela ezerk emango. Horrelako mutila nola zigortuko zukeen deskribatu zidan, misterio korapilatsu bat argitzen ari balitz bezala.

• (Arabia-tik) Haren atearen zelatan egoten nintzen goizero aurreko egongelan, lurrean eserita. Leiho-sarea beheraturik edukitzen nuen, leiho barrenetik hazbeteko zirrikitua utzita, neroni ikus ez nintzaten. Etxe aurreko mailetara irteten nintzenean, bihotzak jauzi egiten zidan bat-batean. Lasterka bebarrura heldu, liburuak hartu, eta atzetik jarraitzen nion. Ez nuen begirik kentzen haren soin-irudi beltzaranetik, eta, gure bideak bereizten ziren unera baino lehentxoago iristen ginenean, pausoa bizkortu eta aurreratu egiten nuen. Goizero-goizero gertatzen zen hori. Inoiz ez nuen berarekin hitz egin, halabeharrezko hitz bakar batzuk izan ezik, eta, hala ere, dei batera bezala heltzen zen nire odol zoro guztia haren izenaren hotsera.

• (Eveline-tik) North Wall geltokiko jendetzaren artean zegoen. Frankek eskutik helduta zeukan eta konturatzen zen hizketan ari zitzaiola, behin eta berriro itsas bidaiari buruzko zerbait esaten ziola. Maleta marroiak zituzten soldaduz beterik zegoen geltokia. Estalpeko ate zabalen artetik itsasontziaren masa beltza barrundatu zuen, moilako hormaren ondoan geldi, leihoak argiztaturik. Ez zion ezer erantzun Franki.

• (Lasterketaren ondoren-etik) Kapital baten mozorroa jantzia zuen gau hartan hiriak. Bost gazteak Stephen's Green-etik zehar paseoan joan ziren ke-lainoxka aromatiko batean bildurik. Hizketa ozen eta alaian zihoazen, kapak sorbaldatik behera dilindan. Jendeak pasatzen uzten zien. Grafto Street-eko kantoian gizon motz lodi bat ari zen bi emakume polit beste gizon lodi baten automobilean jartzen.

•(Bi galai-tik) -Gau batean, motel- esan zuen-, banindoaan Dame Streeten aurrera, eta neska puska eder bat ikusi nian Waterhouseko erlojuaren azpian eta, zera, gabon esan nioan. Hala, kanalaren inguruan buelta bat ematera joan gintuan, eta Baggot Streeteko etxe batean neskame zegoela esan zidaan. Besoarekin inguratu eta estutu batzuk eman nizkioan gau hartan. Hurrengo igandean, zera, hitzordua jarrita elkartu gintuan. Donnybrookera joan gintuan , eta han soro batera eraman nian. Esnezale batekin ibiltzen zela esan zidaan… Hura pagotxa, motel. Gauero zigarroak ekartzen zizkidaan, eta tranbia ere berak ordaindu, joan eta etorri. Gau batean, berriz, bi zigarro puru ekarri zizkidaaan, kristorenak; gurin benetakoa, hi, nagusiak erre ohi zituenak… Beldur ninduan, badakik, familia-esperantzatan geratuko ote zen. Baina bazakik txiri egiten.

• (Apopilo etxea-tik) Kaltea ordaindu egin behar da horrelakoetan. Hori dena oso ondo dago gizonarentzat: nahi duen lekura joan daiteke ezer gertatu ez balitz bezala, atsegin hartu eta gero, baina parterik txarrena neskak eraman behar izaten du. Ama batzuk kontent lirateke afera diru-kopuru batekin konponduta; ezagutu izan zituen horietakoak. Baina berak ez zuen horrelakorik egingo. Beraren ustez, gauza batek bakarrik ordain zezakeen alabaren ohorearen galera: ezkontzak.

• (Hodei txiki bat-etik) Argi eta garbi ikusi zuen bere bizimoduaren eta lagunaren bizimoduaren artean zegoen kontrastea, eta bidegabea iruditu zitzaion. Bera baino apalagoa zen Gallaher jaiotzez eta hezkuntzaz. Seguru zegoen lagunak inoiz egin zuen -edo inoiz egingo zuen- ezer baino zerbait hobea egin zezakeela berak, kazetaritza azal-eder hutsa baino zerbait handiagoa, aukera izanez gero. Zerk oztopatzen zion bidea? Lotsa zorigaiztoko hark! Bere burua probatu nahi zukeen nolabait, bere gizontasuna agerian utzi. Ikusi zuen zer zegoen Gallaherrek beraren gonbiteari uko egin izanaren atzea. Gallaherrek gutxiespenezko errukia baizik ez zion erakusten bere begikortasunarekin, gutxiespenezko errukia baizik erakusten ez zion bezala Irlandari bere bisitarekin.

• (Elkarren kideak-etik) Oso bekozko iluneko gizon bat zegoen O'Connelll zubiaren izkinan, Sandymounteko tranbia txikiaren zain, etxera joateko. Haserre sorrez eta mendekurako gogoz beterik zegoen. Apalarazirik eta mindurik sentitzen zen; ez zen mozkortuta ere sentitzen; eta bi penikekoa besterik ez sakelan. Madarikatu zuen dena.

• (Buztina-tik) Mariak, bada, nahi zuena egiten utzi zion eta sutondoan eserita egon ziren garai zaharrak gogoratzen, eta, horretan, Alphyren alde zerbait esatea otu zitzaion Mariari. Baina Joe garraisika hasi zen, eta esan zuen Jainkoak bertan hil zezala baldin Alphyri inoiz berriro hitz egiten bazion, eta Mariak esan zuen damu zuela gaia aipatu izan

• (Kasu triste bat-etik) Oso harriturik geratu zen Duffy jauna. Sinico andreak beraren hitzei eman zien interpretazioak lilura galarazi zion. Aste osoan ez zion bisitarik egin; gero, idatzi egin zion, eta berarekin elkar zedila eskatu. Nola nahi ez zuen beren aitorlekku hondatuaren eraginak beren azken ikustaldia oker zezan, Parkgate ondoko gozotegi batean elkartu ziren. Udazkeneko eguraldi hotza zegoen, baina hotz egon arren, parkeko bideetan gora eta behera paseatzen ibili ziren ia hiru orduz. Harremana etetea erabaki zuten: lotura oro, esan zuen Duffy jaunak, atsekabezko lotura da.

• (Huntz eguna batzar gelan-etik) -Nire iritzia jakin nahi baduzu , garbi esango dizut -esan zuen-. Beste bandokoa da hori, nik uste. Colganen espia dela esango nuke nik. Buelta bat eman ezazu ea zer moduz ari diren. Zuri ez dizute susmo txarrik hartuko. Entenditzen duzu?
-Bai zera! Joe tipo jatorra da- esan zuen O'Connor jaunak.

• (Ama bat-etik) Iritsi zen kontzertu nagusiaren gaua. Kearney andrea, senarrarekin eta alabarekin kontzertua hasteko ordua baino hiru ordu laurden lehenago iritsi zen Kontzertu Areto Zaharretara. Arrats euritsu bat zen zortixarrez. Alabaren arropak eta partitura senarraren kargu utzi eta eraikin guztia arakatu zuen Holohan jaunaren eta Fitzpatrick jaunaren bila. Ez zituen ez bata eta ez bestea aurkitu.

• (Grazia-tik) -Tira, Kernan anderea- esan zion Power jaunak-, guk pasaraziko diogu orria. Martinekin hitz egingo dut. Hura da egokiena. Etorriko gara gau batean eta hitz egingo dugu lasai.
Atera lagundu zion Kernan andereak. Kotxe-gidaria espaloian gora eta behera zebilen, oinekin lurrari kolpeka eta besoak astinka, berotzen.
-Eskerriik asko senarra etxera ekartzeagatik- esan zion Kernan andereak.

• (Hilak-etik) Umilagarria gertatu zitzaion Gabrieli bere ironiak porrot egitea eta hilen arteko giza irudi hura gogora ekartzea: gas-fabrikan lan egiten zuen mutil bat. Bera beren elkarbizitza sekretuko oroitzapenez beterik, samurtasun eta poz eta desiraz beterik zegoen bitartean, Grettak beste bat zuen buruan, eta beste harekin erkatzen zuen bera, Gabriel. Bere buruaren kontzientzia hartzeak lotsa gorritan utzi zuen Gabriel bat-batean. Bere burua ikusi zuen: giza irudi barregarri bat, izeben mandatari gisa jokatzen zuena, asmo oneko sentimental urduri bat, ezikasien aurrean hitz-harro, eta bere haragizko grina pailazo baten duinaz idealizatzen zituena: ispiluan barrundatu zuen tipo tentel errukarria.