Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskadi Literatura Sariak [2012]

EUSKARAZKO HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Azken garaipena - Atala

Irabazlea: Iban Zaldua González
Izenburua: Azken garaipena
Argitaletxea: Euskal Herriko Ikastolak

18.000 euroko saria eta 4.000 euroko lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.

Epaimahaia:

  • Patxi Zubizarreta, epaimahaiburu
  • Susana Larre, epaimahaikide
  • Oroitz Jauregi, epaimahaikide
  • Itziar Zubizarreta, epaimahaikide
  • Mikel Ayerbe, epaimahaikide
  • Marta Merino, epaimahaiko idazkaria (botorik gabea)

EPAIMAHAIAK IKUSITAKO MERITUAK

Azken garaipena komikian ukroniaren kontzeptuari heldu eta historiako gertakari jakin bat aldatzeak eragindako kate-erreakzioa narratzearekin batera –nolakoa izango litzateke gure egoera 2052. urtean Hitlerrek bigarren mundu gerra irabazi izan balu?-, iragana berridatzi eta maisuki eraikitzen da arrotza ez den etorkizuneko mundua.

Intriga nagusi den kontakizunean guztiz nabarmentzekoak dira bai istorioaren gidoiak uneoro mantentzen dituen erritmo bizia eta dosifikazio zehatza baita estereotipoak saihesten dituzten pertsonaien eraikuntza sinesgarria ere, harik eta ezusteko amaiera biribilera iritsi arte.

Iban Zalduaren gidoiak, Julen Ribasen marrazkiekin indartua eta ezin hobeto bateratua, askotariko irakurketa mailak eskaintzen ditu, besteak beste historiako gertakarien berrikustea, irakurketa metanarratiboa, eta zientzia fikzioa eta errealismo zorrotzena uztartzea.


SARITUTAKOARI BURUZKO HAINBAT DATU

Iban Zaldua
Argazkia: Miel Anjel Elustondo

Iban Zaldua (Donostia, 1966).

Iban Zaldua historialaria da eta Gasteizen bizi da.

Zenbait ipuin liburu eman ditu argitara: Gezurrak, gezurrak, gezurrak (Erein 2000), Traizioak (Erein, 2001), La isla de los antropólogos y otros relatos (Lengua de Trapo, 2002), Itzalak (Erein, 2004), Etorkizuna (Alberdania 2005, Euskadi Literatur Saria), Ipuinak -Antologia bat- (Erein, 2010), Biodiskografiak (Erein, 2011) eta Idazten ari dela idazten duen idazlea (Elkar, 2012).

Bi eleberriren egile ere bada: Si Sabino viviría (Lengua de Trapo, 2005) eta Euskaldun guztion aberria (Alberdania, 2008); Azken garaipena komikiaren gidoiarena (Ikastolen Elkartea, 2011, Julen Ribasen marrazkiekin); eta euskal literaturaren inguruko hiru saiakerena: Obabatiko tranbia (Alberdania, 2002), Animalia disekatuak (Utriusque Vasconiae, 2005) eta Ese idioma raro y poderoso (Lengua de Trapo, 2012).

Gazte literaturaren arloan bi liburu eman ditu argitara: Kea ur gainean (Elkarlanean, 2002) eta Ile Luzeen kondaira (Pamiela, 2003). Volgako Batelariak web-aldizkariko erredakzio batzordeko partaidea da, bestalde, eta Gasteizko Irakurle Klubeko koordinatzailea.


AZKEN GARAIPENA

Sigrid Frisch tenienteak komikiak maite ditu. Polizia-etxeko bulegoan irakurtzen ditu, ezer egitekorik ez dagoenean. Baina gutxitan izaten du irakurketa lasai amaitzeko aukerarik. Bigarren Mundu Gerra Alemaniak nola irabazi zuen kontatzen duen komiki klasikoa irakurtzen ari dela jaso du abisua: haur batzuek hildako bat topatu dute ubide handian. Lekura heldu orduko kasuarekin arazoak izango dituztela ohartu da. Gorpuaren alboan, poliziaz gain, SSko Oberstandartenführer bat eta bere soldaduak zokomiran ari dira. Zer ari ote dira han? Ito bat besterik ez da.

Gorpuak ez du identifikaziorik, eta, eskuan, gogor helduta, paper zati bat du. Eta are harrigarriagoa: sabelean zilborra du¡ Erabat ezinezkoa 2052ko Germanian, Garaipenaren CVII. urtean.

Ez, ez da kasu erraza izango.


ZATIA

-Eta hari solte gehiegi zagok. Komikiarenak, adibidez, ez zidak koadratzen…ezta pozoiarenak ere.
-Nik…
-Krimen bat argitu gabe zagok,Ernst. Agian bi, Rosenberg andrearena kontatzen badiagu.Nagusiek kasua uzteko agintzen ez didaten bitartean…
-Tira, banoak Madagaskarreko zera hori begiratzea… Ea ordenagailuak noraino uzten nauen iristen oraingoan…
-Eta nik?
- Atzoko jazarpenaren txostena idatzi al duk jada? Ez? Ba,badakik.

……………………………………………………………………………………………………………………………………

-Kaka zaharra! Azkenean kanpo arazoetarako ministeriora joan beharko dinat!
-Molestatzen al zaitut teniente?
- Ez,ez, lasai. Aurrera, pasa barrura.
-Arazoren bat?
-Ez,tira, bai. Ordenagailu alu hau. Ez dit informazio bat eman nahi. Madagaskarreko indar polizialen batekin harremanetan jarri nahiko nuke, informazio bat egiaztatzeko.
-Juden poliziarekin? Izango al dute?
-Zerbait unibertsala badago,polizia da.


FINALISTAK

  • "Txori txoroa". Juan Kruz. Argitaletxea: Igerabide Alberdania
  • "Dragoia". Arrate Egaña. Argitaletxea: Erein
  • "Paperezko bizitzak". Manu López. Argitaletxea: Gaseni Pamiela