Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

2007ko literatura sariak

Urtebete itsasargian - Atala

Izenburua: Urtebete itsasargian
Irabazlea: Miren Agur Meabe

Argitaletxea: Elkar

Epaimahiaren erabakia

Saritutako liburuaren ingurukoak

1936ko uda. Gerra hasi berri da, eta Jon Garraitzetara iritsi da, osabarengana. Urtebete pasatuko du itsasargian. Urte horretan, aldatzen ikusiko ditu bere burua, bere bizitza eta bere ingurua: maitasuna eta gorrotoa ezagutuko ditu, gizakiak duen onena eta txarrena, baita herri baten sufrimendua eta itxaropena ere.


Zatia

Bizikleta hartuta, herrira joan nintzen.Autobusen garajearen aurrean, jendea zegoen arduradunari galdezka, atea giltzatzen ari baitzen:

–Ez da Bilboko autobusa etorri?

Garajeko gizonak ilun erantzun zien:

–Etorri ere ez da egingo. Ezin da Gernikatik pasatu. Gernika kiskalita dago.

Gero neuri esan zidan, ezagutu egin ninduelako:

–Zu Alejandroren iloba zara, ezta? Matiasenean daukazu.

Arnasa etenda heldu nintzen Matiasen tailerrera. Osaba buruarekin belaunak jo beharrean zegoen, aulki baten jarrita, bere kautan berbetan.

–Osaba –esan nion–. Zer, osaba?

Aurpegia goratu zuenean, orban beltz bat ikusi nuen haren begiradan, ez beste ezer.

–Katalin Gernikara joan da goizean, haziak erostearren. Astelehena azoka-eguna denez… Txabola ondoan ortua ipini nahi zuen… Hementxe itxarongo diot, itzuli arte.

Arantza bat igarri nuen eztarrian.

Oinak arrastaka, Mirraren etxeraino inguratu nintzen. Aldaba jo nuen, baina erantzunik ez. Atzera ere jo nuenean, kisketaren kirrinkarekin batera, auzoko bat atera zen leihora:

–Behekoak ez daude. Presaka alde egin dute, ez dute esan nora. Nor zara, itsasargiko mutila? Mirarik enkargu hau utzi dit zuretzat –eta zerbait bota zidan balkoitik, papertxo batean batuta.

Makurtu egin nintzen hartzeko, Txipriztinek aurpegia miazkatzen zidan bitartean. Paperean Mirraren belarritakoetako bat zegoen. Berriz nire eskura, noiz edo noiz biok berriro elkartzeko imanarena edo kutunarena egin zezan? Espaloian eseri nintzen indargetuta eta lehentxeago osabari entzundako hitz berberak errepikatu nituen:

–Hementxe itxarongo diot.