Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pupuan trapua. Sinopsis

Soinua, hitzen musika da haurrak kontatzen zaizkion istorioak bereganatzeko egiten duen lehen urratsa. Kolorez eta doinuz erakargarri zaion hori barneratu ohi du umeak, istorioa bera baino lehen. Baina onomatopeiak, bustidurak, hitz busti, heze eta irristalariak ateak baino ez dira. Umeak, hitz jolastien bidez ate horiek pasatakoan deskubrituko du erroskila nola asmatu zen, sagar barruko hartxoak zer pentsatzen duen, igel batek zer egiten duen motorrean, elurra nola erortzen den, zergatik ez dagoen inoiz zeruertza hatz puntez ukitzerik.

Naturako eta eguneroko bizitzako gauza txikiei begira, fresko eta jolasti, irudimenez eta keinu umoretsuz gainezka dator Xabier Olasoren poemarioa. Egitura ere ondo pentsatua du egileak: "Esna irauteko poemak", poemarik bizi eta mugituenak datoz lehenbizi, eta "Lotarako kanta-kontuak gero, gauaren abaro lasaian"

Pupuan trapua. Zatiak

Ispiluarena
Ispilu handia hautsi zait
mila zatitan;
orain ditut mila ispilu,
zati txikitan.

Mozkorrarena
Mozkorra ez da bizkorra,
mozkorra ez da trebea,
estuegia du bidea.

Pausotxo bat aurrera,
pausotxo bat atzera
balantzaka doa ezker-eskuinera,
ziraldoka doa eskuin-ezkerrera.

Jo du baztertxo bat,
bai eta jo bestea,
bidean ezin kabitu,
biderik ezin jarraitu,
hanka jokuari ezin eutsi
mozkor galanta da jausi
eta botila ardoa da hautsi.

Zeruertza
Zeruertza ikutu nahi zuen
marinelak;
han zegoen, ez oso urruti,
soka luzea bailitzan, begien bistan,
itsasoaz bestaldean.

Belauntzi ttipian egin zituen
ehun gau
eta ehun egun.

Itsasoaz bestaldera heltzean, ordea,
zeruertza jada ez zegoen han.

Kukua
Erlojuko kukua
mozkortu zaigu bart:
batean kuku bi
bietan kuku bat.

Mozkortu zaigu bart
erlojuko kukua:
gaizki kantatu digu
gau osoan ordua.

Erlojuan jai
Erlojuko orratzak
hamabietan
ezkondu dira:

ordu guztiak pozik,
minutuak kontent,
segunduak alai.
Ez dute ordurik eman nahi.
Gau erlojuan jai!

Txiste azkar berdea
Kontatuko dizuet,
kontatuko,
txiste azkar berde bat.
Honako hauxe da txistea:
“Igela motorrean”.

Diktaketa
Sudur gainean bi begi
itsas guztien biltegi.
Puntu eta segi.

Urmahelean bi ahate,
lepotik dilin bi kate.
Puntu eta aparte.

Hegazkina idazluma,
hodeia borragoma.
Puntu eta koma;

itsasontzian bi txoropito
eta biak urbidean ito.
Puntu eta kito.

>Euliarena
Euli bat hildakoan,
zakarretara!
Beste ehun etorri dira
hiletara.

Amak kontatua
Klin-klon igela
errekan kantari;
txau-txau txakurra
etxeko zaindari,
furrust-furrust katua,
haserre da ari.

Klin-klon,
txau-txau,
furrust-furrust,
amak hauxe kontatu deust.

Haizea
Haizea zaigu harrotu
firi-firi dabil,
praketan ezin kabitu.

Haize harro horrek
ederki apaindu dit ilea,
bikaina ileapaintzailea!

Haize harro lotsagabe!,
pasatzen da paretik
ni ikutu gabe.

Ehiztaria lotan
Ehiztaria lotan
urritzaren kerizpetan
txoriak txorrotxioka
urritz-abarretan.

Geroxeago zirina
ehiztariaren eskopetan.

Urrats handiak
Heldu bihurturik
jaiki zen haurra ohetik
eta gurasoen gelara joan
urrats handian,
bizarrari tira eta tira
oin luze biei begira-begira.

Gurasoak, ordea,
bi haur ziren sehaskan,
elkarren ondoan,
txupetea ahoan
eta lo goxo-goxoan.

Arkakuso musikaria
Arkakuso bat
pianoaren gainean:
tekla zurian jauzika
entzun da tan-tan-tan;
tekla beltzean jauzika
entzun da ton-ton-ton;

zurian esna,
beltzean lo,

loak hartu du arkakusoa,
bihar artio, gabon.

Zerubidean
Txakala-txakala
trenaren joana,
zerubidean
tunturruntaina.

Trakatan-trakatan
zaldiaren joana,
zerubidean
tunturruntaina.

Trena eta zaldia,
zaldia eta trena,
nora ote doaz
zeruan barrena?

Musuzapia
Oherakoan,
musuzapia eskatu zenidan,
eta nik erdizka baizik
ez nuen zure eskaria bete:
musu eman nizun
zapirik ezean.