Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Xabier Olaso (Azkoitia, 1957)

Xabier Olaso Otxandion jaio zen 1964an.

Poesia landu izan du bereziki. Irabaziak ditu, besteak beste, Zumarraga-Urretxuko Udalak antolatutako Iparragirre poesia lehiaketa eta Arabako Foru Aldundiaren Ernestina de Champourcin lehiaketa. Poema bilduma hauek ditu argitaratuak: "Gauaren magalean" (1996), "Ariaren hariak" (1998), "Urtaro" (1998); "Datak eta posdatak" (1999): "Azalaren memoria eta Itinerarium"(2001); azken biak liburuki bakarrean jasotako bi poemario dira. Felipe Juaristik hau idatzi zuen Datak eta posdatak liburuari buruz: “Egitura sinpledun liburua dugu, baina horrek ez du esan nahi liburu sinplea denik, askotan, idazle orok daki hori, sinpletasuna (itxurazko eta azaleko erraztasun hori) estilo-modurik zailena da lortzen. Liburu honetako poemek, esaterako, gehiago dirudite gregeria edo aforismo. Burumuinak nekatu ondoren sortutakoak dira. Bihotzaren fruitu bainoago, arrazoiak kanpora bultzatutakoak, neurri handian. Umoretsuak dira gehienak, ironiaz kutsatutakoak. Ondo pentsatutakoak, arrazoimenari zuzenduak, sentimenduei bainoago. Laburrak ezinbestean. Eta hor (laburrean) erakusten du poema batek bere maila”.

Haurrei bereziki zuzendutako poemen kasuan ere erakutsia du Olasok laburrean duen trebezia. Horren adibiderik behinena da "Pupuan trapua"(2004) poema bilduma saritua, Agurtzane Villate marrazkilariarekin elkarlanean ondutakoa.

Gaur egun, lehen hezkuntzako irakasle lanetan dihardu Xabier Olasok, eta eltzea sutan probatzen dela jakinik, bere ikasleek ematen dieten harreraren arabera neurtzen du poemak balekoak diren ala ez.

Saritutako lanaren ildo berean, "Auskalo!" (igarkizun eta aho-korapiloak) liburua argitaratu zuen 2001. urtean, publiko gazteenari begira.