Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

J.M.Olaizola (Azkoitia, 1957)

Jesus Mari Olaizola Lazkano, goitizenez "Txiliku", Zarautzen jaio zen 1951. urtean. Formazioz ingeniari teknikoa eta irakaslea den arren, inoiz ez du lanik egin ingeniari bezala. Bai, ordea, irakaskuntzan, dozena bat urtez. Elkar argitaletxean lan egiten du aspaldi honetan, eskolarako liburuak prestatzen, zientzia arlokoak, batipat.

Haur eta gazteentzako literatur lanengatik da ezaguna, baina badu helduentzako ipuin eta narrazio bilduma pare bat ere: "Hontzaren orduak" (Elkar, 1999) eta "101 gau"> (Elkar, 2000).

Bere lanak idatzi egiten baditu ere, ahozko literaturaren mireslea da, eta oso gogoko du igarkuzinak, jolaserako erretolikak, ahokorapiloak, kantu eta esaera zaharrak bilatu eta biltzea.

Haur eta gazteentzako lehendabiziko lana 1982an argitaratu zuen: "Zozoa eta biok" (Elkar). Harrezkero, argitaletxe berean, ondorengo hauek kaleratu ditu: "Kaltxaberde, Tturku eta Gotzon" (1984), "Papartxuri eta Biboteluxe" (1985), "Muxi eta Puxi" (1987), "Mutiko Ausarta eta Neska Panpoxa"(1989), "2061: antzinako kronikak" (1990), "Ausarta eta Panpoxa tartaloen basoan"(1991), "Katixa eta Kroko" (1992), "Indianoa"(1993), "Agure jakagorria" (1995), "Etxerako bidea" (1995), "Hiru lagun" (1995), "Albahaka lurrina" (1996), "Katixa, Kroko eta Kokoroko" (1997), "Axa mixa zilarra" (2000), "Kikik koko nahi du" (2000), "Arreba txiki bat dut, eta zer?" (2002) eta"Horazio eta jaguarra "(2002).

Bereak dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Zarauzko udalaren laguntzaz argitaratutako "Zazpi gelako hodeietako etxea"(1987) (Lizardi saria, 1986) eta Errenteriako udalaren laguntzaz argitaratutako "Lau titiriti, bi tatarata2 (1995) (Koldo Mitxelena saria, 1994) lanak ere.

Euskadi saria jaso duen 2Osaba Bin Floren" lana, atalez atal argitaratzen hasi zen Euskaldunon Egunkaria-n lehenengo eta, hura itxi zutenean, Berria-n eman zion jarraipena, haur eta gazteentzako gehigarrian. Behin atalka argitaratu ondoren ikusi du argia saria jaso duen liburu formatoan.