Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bota gorriak. Laburpena

Karlosek bota gorri berezi batzuk ditu. Gurasoek ekarri zizkioten Mexikotik, hango azti bati erosita. Eta bota gorriak janzten dituenean oso gauza bereziak gertatzen dira Karlosen inguruan.

Esate baterako, animaliak azaltzen dira bere ikasgelan. Koloretako animaliak. Ez dira ikasgela horretan azaltzen diren koloretako animalia bakarrak, andereño Maitek ere badakielako koloretako animaliak egiten, keaz, klariona erretzen duenean. Baina andereño Maitek ez du hegan egiten. Eta Karlosek bai. Bota gorriak janzten dituenean. Baina inork ez daki bere bota gorrien berri, berak izan ezik.

Egun batean, ordea, Romina, bere bihotzeko izarrari bota gorrien berri ematea erabakiko du. Eta Romina harritu beharrean, Rominak harritzen du Karlos.

Bota gorriak. Zatiak

• Lehenik arkume bat izan zen, arkumetxo urdin, iletsu, zoragarri bat. Ikasgela tximista batek bezala gurutzatu, eta atetik irten zen.
Nik oihukatu nuen:
-Arkumetxo bat!
Tira, hobeto esan, garrasi egiteko zorian egon nintzen, baina ez nuen halakorik egin. Ze, noski, ohartu bainintzen inork ez zuela animaliatxoa ikusi, bi segundu eta hiru milaren besterik ez baitzituen egin gure artean.

• Gure aita oso jakintsua da, eta horregatik esaten ditu gauza guztiz bereziak. Egunero, liburutegira joan aurretik, gauzatxoren bat idazten du sukaldeko arbel ttikian. Izan liteke bertso bat, asmakizun bat, esaldi bat, burutazio bat, ideia bat, kontseilu bat, abesti bat…

• Egun hartan ere bota gorriak neramatzan. Eta jantzita daramatzadanean, edozer gauza gerta liteke. Baita zerarik misteriotsu edo ezinezko edo liluragarriena ere (nolanahi ere, beti nire baitarako gordetzen ditudan gertakizunak, eta nire agendan zehatz-mehatz apuntatzen ditudanak)

• Andereño Maite alaia da eta beti umore oneko dago. Batzuetan, baina, itzalpeko loretxo bat bezala ximeltzen da, eta orduan, ezinbestean, koloretako klarionak erretzeari ekiten dio. Egia esateko, barregarria da koloretako klarionak eretzen ikustea, oholtzaren gainera igota, kezko ahokada gorriak edo berdeak edo urdinak edo horiak botaz (aukeratutako klarionaren arabera). Beste gauza bitxi eta garrantzizko batez ere jabetu gara: atsekabetzen duen arazoa nolakoa, halako irudiak marraztuko ditu keaz.

• Andereño Maitek berebiziko joera zuen (agian zuzenagoa izango litzateke obsesioa esatea) asmakizunak asmatzeko. Bakar-bakarrik bizi zenez, esaten zuen asmakizunak asmatzea zela bakardadeari eta asperdurari aurre egiteko modurik eraginkorrena.

• -Zoaz dentistarengana. Haginen bat dela seguru…
Fenix hegaztiaren hurrengo egunean izan zen. Dentistarengana joan, eta hark egundoko zuloa zuen hagin bat enpastatu zion.
Eta halaxe bukatu ziren komedia guztiak. Hortxe amaitu ziren munstroak eta piztiak eta animaliak oro.

• Rominak, nire bihotzeko izarrak, ez zidan jaramon apurrik ere egiten. Gero eta gutxiago. Eta niri bihotza erdibidetzen zitzaidan.

• Eta Rominak, nire bihotzeko izarrak, den-dena zekien; bazekien ni gizaki berezia eta bakarra nintzela, gauza zoragarriak gertatzen zitzaizkion mutil berdingabea. Zeren hark, hegan egiten ikusi baininduen egun batean.

• Gogoan dut, bizialdi berri hartan, poematxo sarkastiko bat idatzi nuela, neure buruari barre eginez. Halaxe zioen:
Zer da demonio
Munstro hori?
Ispilua

• Ni prest nengoen nire agendatxoa ireki eta hainbat sekretu kontatzeko. Gainera, aitak dioenez, sekretu bat ez omen da sekretu bi pertsonek ez badakite. Eta nire bota gorriena neuk baino ez nekien.

• Bidaiak iraun zuen tartean, bota gorriak janzten nituenean batzuetan gauza harrigarriak gertatzen zitzaizkidala kontatu nion; botak gurasoek ekarri zizkidatela Mexikora egin zuten txango batetik, eta Altiplanoan galdurik dagoen bailara bateko azti zahar bati erosi zizkiotela.

• -Hortxe zegoen Mendibaretako geltokia.
-Bai. Eta bota egin zuten.
-Ez, ez zehazki. Tren batera igo eta betiko galdu zen. Neronek ikusi nuen, Romina. Gero esan zidaten txoro-txoro maiteminduta zeudela.
-Geltokia eta trena?
-Bai, halaxe da. Hori esaten zuten herrian.

• Harri eta zur gelditu nintzen atzera haren harridura faltagatik eta historia hura benetakoa zela esan zidalako eta neuk uste baino hobeto ezagutzen niduela bota zidalako

• Rominak, supituan, eskua eman zidan. Arin-arin heldu nuen, eta mitxeleta bat bezain ttikia eta hauskorra iruditu zitzaidan. Begiratu nion eta begiratu zidan; eta ez zegoen inor begiratzen begira geundela, eta nik Rominaren ezpain marrubizkoak musukatu nituen. Une labur bat izan zen, ihesi doan mende bat.