Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

EUSKADIKO NATURA ONDAREA KONTSERBATZEKO LEGEAREN AURREPROIEKTUAREN INSTRUKZIO-FASEAN JASO DIREN ALEGAZIOEI ETA HOBEKUNTZA-PROPOSAMENEI EMANDAKO ERANTZUNEN TXOSTENA

Argitalpen-data: 

Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeko Legearen aurreproiektuak aldez aurretiko kontsultarako, entzunaldirako, informazio publikorako eta beste administrazio batzuen partaidetza eta kontsultarako arauzko izapideak bete ditu, 39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, 133. artikuluan, eta 8/2003 Legeak, abenduaren 22koak, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurarenak, 8. eta 9. artikuluetan xedatuarekin bat etorriz.

Testu arauemailearen zirriborroa egin aurretik, honako gai hauen inguruko informazioa eskaini zitzaien herritarrei: a) ekimenarekin lortu nahi denarekin ados al zaude?; b) ikuspunturen bat falta dela uste al duzu?; horrela, bada, gai horien inguruko iritzia emateko gonbita egin zitzaien, 39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, 133. artikuluan zehazten duen aldez aurretiko kontsultaren bitartez. Kontsulta hori 2018ko otsailaren 13an hasi zen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuta plazaratu zen.

Gero, EHAAn 2018ko ekainaren 5ean argitaratu zen herritarrentzako informazio publikorako izapide-prozesuaz gain, aldi berean, ekimenak eragin litzakeen sektore ekonomikoen eta sozialen iritzia ezagutzeko helburuarekin, entzunaldi-izapide bat abiarazi zen arauak eragindako interes kolektiboak ordezkatzen dituzten autonomia, foru-lurralde eta udalerrietako administrazio publikoen hainbat sailekin, eta bestelako agente ekonomiko zein sozialekin: elkarte ingurumen-zale eta kontserbazionistekin, fundazioekin, klusterrekin, lehen sektoreko elkargoekin –ENBA, Baskegur…–, Ehiztarien Euskal Federazio eta elkarteekin, Basozaleen Elkargoekin (Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabakoekin), Profesionalen Elkargo eta elkarteekin – Geologoenarekin–, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatearekin y harekin zerikusia duten departamendu eta UPV/EHUko ikertzaileekin, eta UNESCO Katedrarekin.

Aurreikusitako araudiak zuzenean eragin litzakeen beste administrazio batzuek ere hartu dute parte. Horrela, administrazio publiko hauei egin zaie abenduaren 22ko 8/2003 Legearen 9. artikuluan aurreikusitako beste administrazio batzuek parte hartzeko eta horiei kontsulta egiteko izapidea: Estatuko Administrazio Orokorra, Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren bitartez, hiru Foru Aldundiak eta Euskadiko udalak, EUDELen bitartez.

Erregulazioak dagozkion eskumen-eremuetan duen eragina kontuan hartuta, ekimen arauemailea EAEko Administrazio Orokorreko hainbat Sailen eskura jarri zen Tramitagune, izaera orokorreko xedapenen izapidetze telematikorako erremintaren bitartez, hura aztertu eta, hala badagokio, ekarpenak egiteko.

Azpimarratu behar da aipatu izapide horiek guzti-guztiak modu elektronikoan egin direla eta, beraz, alegazioak egiteko aukera izan duten erakundeek eta administrazioek ?berrogeita hamar baino gehiagok? beren ekarpenak egiteko kanal elektroniko bat izan dutela Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektroniko Nire Karpeta atalean.

Ingurumen Sailburuordetzak ingurumen-arloko parte-hartze publikoko eskubideak benetan eta modu eraginkorrean bermatzeari dagokionez duen konpromisoari eutsiz, eta 27/2006 Legeak, uztailaren 18koak, ingurumen-gaietan informazioa eskuratu, publikoki parte hartu eta auzitara jotzeko eskubideak arautzen dituenak, xedatzen dituen printzipio berriemaileak betez, jarduketa eta izapide horien guztien berri eman da Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, Irekian eta Sailaren webgunean: www.ingurumena.ejgv.euskadi.net.

Era berean, eta herritarrek ingurumenarekin lotutako arauen lanketan parte hartzeko duten eskubidea betetzea errazteko helburuarekin ?hala jasotzen baitu aipatu 27/2006 Legeak, uztailaren 18koak, 16. artikuluan?, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak aurrez aurreko partaidetza-prozesu bat gauzatu du proiektu arauemailea are gehiago ezagutarazteko, zuzenean eragindako eragileak dinamizatzeko eta horien ikuspuntuak eta hobekuntza-proposamenak zuzenean jasotzeko.

Prozesu horretan, lau partaidetza-saio egin dira hiru lurralde historikoetan, honako hauei bideratuta: enpresei, klusterrei, enpresa-elkarteei eta nekazaritza-sindikatuei; elkargo profesionalei, teknologia-zentroei eta unibertsitateei; saio bat Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuekin eta erakunde publikoekin; hiru saio Foru Aldundiekin (lurralde historiko bakoitzean banakako elkarrizketak eginez); eta, azkenik, saio gehigarri bat Udalekin.

Espedienteari dagokionez, «Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeko Legearen aurreproiektuko parte-hartze prozesua. Azken Laburpen Txostena. 2018ko uztaila» dokumentua barne hartzen du. Bertan, partaidetza-prozesuaren bilakaera jasotzen da, modu sistematizatuan eta sintetikoan.