Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Aizpeako meategi-gunea Monumentu Multzo izendatu dute
 
Zerainen dago eta XIX eta XX. mendeetan ustiatu zuten. Oraindik egun 'balio handiko' elementuak gordetzen ditu.

Mea kiskaltzeko labeak Aizpean

Uztailaren 1ean, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Sailkatutako Kultur Ondasun deklaratu zuen Zeraingo (Gipuzkoa) Aizpeako meategi-gunea, Monumentu Multzo izendapenaz. Eusko Jaurlaritzak meategien ustiapenaren hondakin multzo 'ikaragarritzat' jo du ingurua; izan ere, hondakin horiek bere horretan egon dira neurri batean, meategia itxi zutenetik, eta, ondorioz, 'balio handiko' hainbat elementuk gaur arte iraun dute.

Hori dela eta, Aizpeako meategi-gunea babesteko bi gune mugatu dituzte. Gainera, Euskal Kultura Ondarearen Legean zehazten den bezala, bertako elementu guztiak babestea erabaki dute. Bi guneak mugatzeko proposamena, beraz, XIX eta XX. mendeetan mea erauzteko eta prestatzeko erabili zen eremua zaintzeko beharrizana aintzat hartuta egin da. Horrela, instalazioen interpretazioa lekuan bertan behar adina bermerekin egin ahal izateko.

Meari ganga kentzeko tailerra eta meategien ustiaketaren ondorio den paisaia daude mugatutako eremu horretan: aire zabaleko meatzeak, galeriak, mea gordina eta kiskalia garraiatzeko erabiltzen ziren instalazioen aztarnak, meatze-trenbideen zelaiguneak, plano inklinatuen zati batzuk (lubakiak...) eta eraikin osagarriak.

Horrekin batera, mea prestatzeko tailerra eta meategi-guneko etxebizitza barne hartzen dituen babes-maila bereziko gune bat zehaztu dute.

 

 


Azken eguneratzea: 2008/07/11