Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila

Euskadi Literatura Sariak [2013]

EUSKARAZKO HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Tximeletrak - Atala

Irabazlea: Xabier Olaso
Izenburua: Tximeletrak
Argitaletxea: Pamiela

18.000 euroko saria eta 4.000 euroko lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.

Epaimahaia:

  • Patxi Zubizarreta, epaimahaiburu
  • Mikel Ayerbe, epaimahaikide
  • Rosario Alza, epaimahaikide
  • Elisabet Mas, epaimahaikide
  • Itziar Zubizarreta, epaimahaikide

EPAIMAHAIAK IKUSITAKO MERITUAK

Haurrentzako poema liburu hau euskal tradizioaren ezagutza sakonetik abiatu, eta berrikuntza poetiko jostarinarekin datorkigu; haurrek dituzten barne arazoak haien berezko hizkeran jasotzeko dohainarekin.

Euskarak sortu dituen haur hizkuntzaren baliabideak oso modu egokian uztartzen dira poema hauetan. Egileak naturalitate osoz erabiltzen ditu hitz joko horiek eta erritmo paregabe batez eta musikaltasun handiz eskaintzen ditu entzuleen belarrietara.


SARITUTAKOARI BURUZKO HAINBAT DATU

Xabier Olaso

Xabier Olaso (Otxandio, 1964).

Xabier Olaso BengoaGasteizen bizi da txiki-txikitatik. Irakasle ikasketak egin zituen eta irakaslea da lanbidez. Helduen literaturaren esparruan poesia jorratu du batik bat egun arte. Horren ondorio dira argitara emandako poema-bildumok: Gauaren magalean (Berminghan, 1996), Hariaren ariak (Arabako Foru Aldundia, 1998), Urtaro(Berminghan, 1998) Datak eta posdatak (Berminghan, 1999), Azalaren memoria eta Itinerarium (Berminghan, 2001)

Haur literaturaren esparruan, berriz, zenbait ipuin, igarkizun eta poema-liburu eman ditu argitara: Auskalo!:Igarkizun eta aho-korapiloak (Pamiela, 2001), Pupuan Trapua (Pamiela, 2004), Hotsateko Basoa (Aizkorri, 2005), Gurarien esku-jolasa (Aizkorri 2008), Un trapito en la pupa (Atenea, 2007, Madril), Paulen abentura miresgarria (Aizkorri, 2010), Izeko Eli eta biok (Ibaizabal, 2012) eta Tximeletrak (Pamiela, 2012).

Pupuan Trapua (Pamiela 2004) liburuari esker 2005 urtean Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria eskuratu zuen.


TXIMELETRAK

SURFARIA

Purrust-parrast
olatuak,
eta ni
surfari.
Purrust-parrast
karraska,
eta ni
arrainen bazka

ZATIA

OLERKARI ZALANTZAKOR
BATEN OLERKIA

Kontatzera noakizuena
Portugalen entzun nuen;
ez dakit Portugalen
edo Portugaleten ote zen;
edo elizako portikoan, agian?
Berdin da hemen, hor edo han¡

Bazen behin ipotx bat.
Ibili eta ibili zebilela,
kanika bat ikusi zuen lurrean;
ez dakit lurrean edo larrean ote zen.
Edo labean, agian?

Ipotxak hartu zuen kanika
esku bien artean;
ez dakit esku bien artean
edo eskuaren aurrean ote zen.
Edo ahurrean, agian?

Ipotxak kanika zuela
oihu egin zuen beldur gabe:
Ni nauzue orain munduaren jabe¡
Ez dakit munduaren jabe
edo mendiaren jabe oihukatu ote zuen;
edo mandoaren jabe, agian?

Eta hauexe izan da
ipotxaren jazoera.
Baina ez dakit ipotxa ote zen
edo apatze bat.

Hala bazan, hala biz.
Hala ez bazan,
ora pro nobis.