Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila

Euskadi Literatura Sariak [2013]

EUSKARAZKO LITERATURA

Martutene - Atala

Irabazlea: Ramon Saizarbitoria
Izenburua: Martutene
Argitaletxea: Erein

18.000 euroko saria eta 4.000 euroko lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.

Epaimahaia:

  • Itxaro Borda, epaimahaiburua
  • Jon Kortazar, epaimahaikidea
  • Lourdes Otaegi, epaimahaikidea
  • Patziku Perurena, epaimahaikidea
  • Arantxa Urretabizkaia, epaimahaikidea

EPAIMAHAIAK IKUSITAKO MERITUAK

Afektibotasuna, gizartea eta literatura dira lan handi honen hiru ardatzak. Afektibotasunaren arloan, elkar ulertzeko ezintasuna nagusitzen da pertsonaien arteko harremanetan; bestalde, aipagarri da euskal gizartearen ispilua: hiria eta herria, politika-iritzi ezberdinen talka, literaturari dagokionez, azkenik, diskurtsoaren osotasuna eta aberastasuna dira azpimarragarri. Aipatzekoak dira, esaterako, trebetasuna zeharkako elkarrizketak adierazteko, eta klase desberdintasunak nola azaltzen diren hizkuntz hautuaren bidez. Gisa berean da nabarmentzekoa, Max Frischen Montauk nobela kontakizun honen pertsonaia bat gehiago dugula, eta bestalde, Gustav Flaubert-en lanak Saizarbitoriaren lanetan duen eragina ere.

Azkenik, oroz gainetik nabarmentzekoa da nobela honen irakurketak ekartzen duen plazerra. Izan ere, orrialde bakoitzean nabaritzen den tentsioak irakurtzen jarraitzeko bultzatzen gaitu.


SARITUTAKOARI BURUZKO HAINBAT DATU

Ramon Saizarbitoria

Ramon Saizarbitoria (Donostia, 1944).

Soziologoa eta idazlea. 60ko urteetatik aurrera euskal hedabide gehienetan hartu du parte. Nobelagile handia da egilea: Egunero hasten delako (1969), Ehun metro (1976), Ene Jesus (1982) Kritika Saria, Hamaika pauso (1995) Kritika Saria eta Bihotz bi (1996) Kritika Saria. Aberriaren alde (aberriaren kontra) saio aipagarria 1999koa da. Gorde nazazu lurpean (2000) Kritika Saria eta Euskadi Literatura Saria 2001. Jatorrian Gorde nazazu lurpean liburukoak izanik, argitarapen berri bat izan zuten: Gudari zaharraren gerra galdua (2000), Rossetti-ren obsesioa (2001) eta Bi bihotz, hilobi bat (2001). Kandinskyren tradizioa (2003), eta azkena Martutene(2012) Kritika Saria eta 111 Akademiaren Saria.

 


MARTUTENE

Martutene. Dadoa zenbait aldiz jaurti ondoren, bosta atera da: Julia, Martin, Pilar eta Abaitua dira lau kantoietako puntuak: erdikoa, Lynn.

Julia itzultzailea da, Martin, idazlea: Pilar eta Abaitua medikuak. Berriro osatzeko (edo desegiteko) prozesuan dauden bi bikote. Horretan neska amerikar bat agertzen da haien bizitzan; soziologoa da, Max Frischen eleberri bateko protagonistaren izena du. Lynnek ez du nahi, baina aspalditik lokartuak zeuden harreman haien zimenduak astinduko dituzten erreakzioak abiaraziko ditu haiengan: alaitasuna, desira eta bizi berri bati ekiteko poza eta ilusioa.

Lynnen presentziak ematen dio Juliari falta zitzaion ausardia; idazleari, azken maite-jolasekin amets egiteko aukera; Abaituari kulpa astun batetik askatzeko modua, eta askapen zoriontsu horri esker zentzu duinagoa eta beteagoa emango dio bizitzari. Pilarri, bere aurkariari, bere zoria erabakitzeko eginkizuna utziko dio.

Lynnen “Fly away” (zoaz hegan) melodiko eta askatzaileak, beste hainbat doinu gozo, zakar, triste edota mingarriekin batera (abertzaleen istorioak, gerrakoak, indarkeria eta heriotza-kontuak) eleberri guztia igarotzen du, hasieratik “coda”raino. Amaieraren aurretik, ordea, geralditxo bat egiten da, azkeneko aldiz, guduaren osteko paisaia aztertzeko. Protagonista batzuk hegan abiatuko dira, beste batzuk lurrean geratuko dira, erremediorik gabe. Lynn, noizbait aingeru askatzaile, gaur heroi lurrreratu, oroimenaren aingeruaren besoetan datza orain, eleberri bikain, zuhur eta zirraragarri honetako protagonista (eta irakurle) ororen gainean hegaldatuz.

Ramon Saizarbitoriak bere eleberri onena idatzi du (intimoena?), eta ez da kasualitatea izan, erreferentzia gisa, Frischen eleberri bat hartu izana, izenburuan leku-izen bat daramana hura ere, Montauk, non, asteburu bat eta azken maitasun-istorio bat kontatzeko aitzakiarekin, bere bizitzaren errepasoa egiten baitu egileak. Saizarbitoriak ere atzera begiratzen du, bere paisaiak dakartza gogora, dagoeneko existitzen ez den Donostia, aro baten amaiera, zorionekoa, indarkeriaren azkenarekin batera etorri delako, baina gauza gehiegi utzi dituena atzean…

 

ZATIA

Pilar berean dagoen egiaztatzeko desioaren kontra borrokan ostera ere ohean. Gogora datorkio ezinegonean pasatako gau hura, Pilar goizaldera iritsi zenekoa. Ez daki zenbatgarren noctamidarekin lo hartu zuen egunsentia arte, eta konturatu zen ez zeukala alboan. Elkarrekin lo egiten zuten orduan. Altxatu eta jantzi egin zen. Ez zuen ezer txarrik gertatu zitzaiokeenik pentsatu, etxeratzea eragotzi zion ezbeharrik. Ez zitzaion halakorik burutik pasa. Asteak zeramatzan neurokirurgiako egoiliar berriaz hitz egiten, kexu, koinatuak tratu txarra ematen ziolako eta kirofanoan baztertua zeukalako. Mutil ona zela eta azkarra, hobeagoko zerbait merezi zuela. Tanpez begi bistakoa egin zitzaion Pilar neurokirurgialari egoiliar gaztearekin zegoela, eta salan jesarri zen itxaroten. Ordubete ingurura entzun zuen giltza atean. Sartutakoan, ezker-eskuin begiratu gabe, sala zuzen gurutzatu eta gelan sartu zen hitzik ateratzeke. Tarte bat iraun zuen gizonak salan jesarrita, segundoak, minutuak, ez daki zenbat, eta halako batean altxatu eta gelara joan zen bera ere. Ohe ertzean zegoen jesarrita beroki gorriarekin, eskularruak kendu gabe, poltsa eskuan, berriro alde egiteko prest balego bezala. “Lo hartu dut” esan zuen. Eta gizonari harrigarria egin zitzaion adierazpen hori. Irudipena du ez zuela ulertu zer esan nahi zuen. Pena eta desolazioa baino ez zuen ikusi. Hori zirudien: tristeziaren eta hondamenaren irudia hitz haiek esaterakoan. Gizona ere ez da hain atsekabetua sentitu sekula, emaztearen egoerarekin hain bat egina. Eskua besaburuan pausatu zion. Egoera ezin tristeagoa zen hura. Ez luke esango Pilarrek ihes egin zuenik jaiki eta leiho ondora joan zenean. Hotza egiten zuen eta kristalak lurrunez estaliak zeuden. Ostera ere tarte bat egin zuten banatuta. Oheburu parean gizona, emaztea leiho aurrean beroki gorria soinean eskularru beltzak kendu gabe, altxatu zuen eskuineko eskukoa behintzat. Tarte ez oso luze horren ondoren, inguratu egin zitzaion atzetik jakin gabe oraindik zer esan, zer gertatu behar zuen. Neurokirurgialari gaztearen izena zegoen idatzia lurrunean. Keinu hunkigarria eta esankorra bide batez. Irrigarria ere, nahi izanez gero. Gogoan du lurrunean letrak garbitutako tartetatik dena gris zegoela, uhinen apar zuria ezik.

 

FINALISTAK

  • "Bitan esan beharra". Rikardo Arregi. Argitaletxea: Alberdania
  • "Ez naiz ni". Karmele Jaio. Argitaletxea: Elkar
  • "Ni, Vera". Itsaso Martin. Argitaletxea: Elkar
  • "Mussche". Kirmen Uribe. Argitaletxea: Susa
  • "Idazten ari dela idazten duen idazlea". Iban Zaldua. Argitaletxea: Elkar