Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila

Euskadi Literatura Sariak [2013]

EUSKARAZKO SAIAKERA

Oi Europa! - Atala

Irabazlea: Jon Sudupe
Izenburua: Oi Europa!
Argitaletxea: Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea

18.000 euroko saria eta 4.000 euroko lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.

Epaimahaia:

  • Ainhoa Larrañaga, epaimahaiburu
  • Xabier Aierdi, epaimahaikide
  • Juan Jose Garcia Garmendia, epaimahaikide
  • Maria Jesus Pacho, epaimahaikide
  • Simon Peña epaimahaikide

EPAIMAHAIAK IKUSITAKO MERITUAK

  • Gaiaren interesa.
  • Garapen luze koherentea.
  • Ikerketa- eta dokumentazio-lan handia, ondo hausnartu eta landua eta ederki moldatua dibulgazio zabalerako.
  • Idazkera egoki eta naturala, alderdi teknikoak ondo integraturik diskurtso orokorrean.

SARITUTAKOARI BURUZKO HAINBAT DATU

Jon Sudupe

Jon Sudupe (Azkoitia 1947).

Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziaduna, lanbidez idazle eta irakasle.

1983an eman zuen ezagutzera bere lehen saiakera liburua: Karl Marx, Teoria eta Politika. Mikel Zarate Saiakera Saria irabazi zuen liburu horrek.

Hurrengo hiru argitalpenek, Ilustrazioaren kriseilupean (1994), Muniberen ametsa: Euskaltasuna eta Modernitatea (1996) eta Euskaldunak, liberalak eta komunitatezaleak (1998), Pedro Axular euskarazko saiogintza Saria, Irun Hiria Saria eta Mikel Zarate Saria irabazi zuten hurrenez hurren. Ilustrazioak, modernitateak eta euskalduntasunak ardazten dituzte idazlanak.

2003an Emmanuel Kant filosofoaren jarraitzaile sutsua dela erakusten du Sudupek Kant eta uso arina saiakeran; liburu honi esker Miguel de Unamuno Saria irabazi zuen. 2007an Bilboko udaleko Miguel de Unamuno IX. Saiakera Saria berriro jaso zuen egileak bere azken obrarekin, Hizkuntza ados jartzeko da liburuarekin hain zuzen ere. Lan hori 2009an argitaratu zen.

Bukatzeko, ezin ahaztu Klasikoak bilduman Sudupek egindako itzulpen-lana; izan ere, Voltaireren Gutun filosofikoak euskaratu zuen.

Oi Europa! lanarekin Miguel de Unamuno XIII. Saiakera Lehiaketa irabazi zuen.


OI EUROPA!

Zer ote da Europa delako hori? Zer da europar izatea? Zerk egiten gaitu europar? Zertan datza europar berezitasuna? Europak ez dio utzi behin ere bere egiazko izaeraz eta helburuez galdetzeari.

Europaren Ideia nekez uler daiteke haren “jatorrizko gertakaria” den filosofiari erreferentzia egin gabe. Europa, batez ere, gertaera europarrik berezkoenaren sorburua da: filosofiarena. Ezinbestekoa da pentsamendu filosofikoaren presentzia Europaren gaineko eztabaidan.

Filosofiaren ikuspuntutik Europa zer den adierazi nahi luke saiakera honek. Nabarmenki europazaleak diren pentsalari batzuk mintzo dira hemen Europaren izateaz eta nortasunaz. Filosofo horien bidez, Europak bere buruaz egiten du gogoeta.

Europa ez da filosofo garrantzitsu askoren sorlekua soilik, horien jardungai berezia ere izan da. Modernitate filosofikoaren tradizioan dago europar identitateari buruzko hausnarketa. Diderotek, Kantek, Leibnizek, Hegelek, Husserlek, Gadamerrek, Habermasek… beren ideien ekarpena egin diote.

Europar Batasuna kili-kolo dagoen honetan, ezinbestekoa da Mendebaldeko filosofiaren tradizio europazalea gogora ekartzea. Horixe da lan honen asmoa.


ZATIA

Europa eta bere herrialdeak kulturaniztunak dira. Ez dago “europar kulturarik” oro har, kultura desberdinak hartzen dituen “europar kultur gunea” dago. Kolore askotariko aniztasuna, “kultur mosaikoa”, horixe da Europaren bereizgarria. Ez dago mundu bat besterik, baina era askotara esan eta bizitzen da. Era horietako bat –garai batean harrokeriaz betea, gaur egunean apala eta hantusterik gabea- Europa da. Europarra izateko modu asko dago, euskalduna izatea da horietako bat. Koldo Mitxelenak zioen bezala, “gure bereztasuna ez da europartasunaren hezur-mamiei usai eta kolore berexi-antzekoa ematen dien larmintz mehea baizik”. Muinez eta funtsez europarrak gara, jitez eta itxuraz euskaldunak. Gure kultura funtsean ez da europar kultura besterik.

Europa izaera hibrido, konplexu eta malgua du. Hori izan da, da eta izango da Euorpa: ur askoren doinua; herritar ezberdinen etxe komuna; ideia, gizaki eta merkantzien zirkulazio librea. Aurrerapauso handia da Kantek amets egin zuen mundu kosmopolitarako bidean: kultura politiko bakarra, kultura nazional askotarikoak. Horregatik, Aniztasunean bat eginda da Europar Batasunak bere buruari jarri dion leloa (nazioen “aniztasunean batasuna”, zioen J.G. Herderrek). Baina, hizkuntza, herri, kultura eta erlijio aniztasunak moldatu duen arren, Europak badu historia komun bat ere, mendebaldeko kultur tradizioa eratu duena. Espiritu kultural eta politiko komun bat (Voltaire).


FINALISTAK

  • "Norberaren autonomia krisian". Eduardo Apodaka. Argitaletxea: Pamiela