Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila

ESKOLAKO AGENDA 21 - Jasangarritasunerako hezi

Zer da?

Ikastetxearen jasangarritasunerako eta kalitaterako hezkuntza-programa bat da. Komunitatearen partaidetzan oinarritzen da, eta udalerriko garapen jasangarrian esku hartu eta laguntzen du. Ingurumen-hezkuntza programa bat denez, ingurumen-arazoen konponbidean parte hartzeko ezaguera, gaitasuna, jarrera, motibazioa eta konpromisoa garatzea da haren xede nagusia.

Bere ezaugarri garrantzizkoenak hauexek dira:

  • Bi eremu lantzen ditu, eskola bera eta udalerria edo eskualdea.
  • Hezkuntza-komunitatearen partaidetza du ardatz eta oinarri, eta ikasleen protagonismoa bilatzen du.
  • Kudeaketa arduratsu eta jasangarria sustatzen du.
  • Curriculum-berrikuntza eragiten du.

Norentzat da?

Hezkuntza-komunitate osoari zuzentzen zaio:

  • Irakasleak dira programaren dinamizatzaileak eta curriculumaren egokitzapenaren arduradun nagusiak.
  • Ikasleak benetako protagonistak dira fase guztietan.
  • Familiek parte aktiboa dute ikastetxean, antolamenduan eta jardueretan arituz eta etxean eredu arduratsuak eskainiz.
  • Langile ez-irakasleek programaren antolamenduan, diagnostikoan eta kudeaketan parte hartzen dute.

Nola antolatzen da?

Ikastetxearen egituran txertatutako berariazko antolaketa behar da. Egitura eta arduradun hauek oinarrizkoak dira:

  • Koordinatzaileak proiektua abiarazten du eta jarraipenaren ardura nagusia du.
  • Talde sustatzailea irakasleek eta, ahal neurrian, zuzendaritzaren ordezkari batek osatzen dute. Bere zeregin nagusiak eguneroko dinamizazioa eta antolakuntza dira.
  • Ingurumen Batzordea ikastetxean hezkuntza-komunitateak parte hartzeko organoa da, eta estamentu guztien ordezkariek osatzen dute. Programaren lerro nagusiak zehazten ditu (planifikazioa, ekintza-plana, ebaluazioa...).
  • Koordinazio-bilerak ikastetxeen arteko lankidetza-gunea dira. Zonaldeko koordinatzaileek, Ingurugelako aholkulariak eta enpresako ingurumen-hezitzaileek osatzen dituzte.

Zeren inguruan lantzen da:

Eskolako Agenda 21 gai edo arazo baten inguruan garatzen da, eta, horretarako, programaren helburuak ditu oinarri eta erreferentzia. Jasangarritasuna oso kontzeptu zabala da, eta gai ugari hartzen ditu bere barnean. Guztiak dira baliagarriak programa garatzeko. Horien artean hauexek aipa daitezke: biodibertsitatea, klima-aldaketa, hondakinak, kontsumo-ohiturak, garraioa eta mugikortasuna...

Gaiaren garapena hiru ardatz edo esparru hauen inguruan egiten da:

  • Hezkuntza-komunitatearen partaidetza.
  • Kudeaketa jasangarria.
  • Eskolako curriculum-berrikuntza.

Nola garatzen da?

Bost fase nagusi ditu:

  • Antolamendua eta planifikazioa: antolamenduaren oinarriak (koordinatzailea, talde sustatzailea...) eta hasierako planifikazioa zehazten dira.
  • Sentsibilizazioa eta motibazioa: behar-beharrezkoa da hezkuntza-komunitatearen partaidetza lortzeko. Egitamu berezi baten bidez egitea komeni da.
  • Diagnostikoa: ikastetxearen hasierako argazkia edukitzeko balio du. Horretarako programaren hiru ardatzak hartzen dira kontuan. Bestalde, udalerriaren egoeraren azterketa egiteko une aproposa da.
  • Ekintza-plana: fase honetan definitzen eta planifikatzen da ikastetxea eta haren inguru hurbila jasangarriago egiteko ekintzen multzoa. Plana garatzeko hobekuntza-helburuak eta horiek lortzeko ekintzak zehazten dira; gainera, lorpenak neurtzeko adierazle batzuk azaltzen dira.
  • Komunikazioa eta Ebaluazioa: prozesu osoan egiten direnez, eta izaeraz eta ezaugarriz ezberdinak direnez, fase berezia osatzen dute.

Nola hartzen da parte udalerrian?

Udal diagnostikoak abiapuntutzat hartuta, ikasleek batera lan egiten dute udal jasangarritasunaren alde. Fase honetan foroek garrantzi berezia dute:

  • Eskolen arteko Foroa: udalerri edo eskualde bateko ikastetxeetako ikasleek osatutako organoa; Eskolen Udal Foroak prestatzeko biltzen da.
  • Eskolen Udal Foroa: ikasleek ikasturtean egindako lanaren emaitzak, konpromisoak eta proposamenak tokiko arduradunen aurrean (alkatea, zinegotziak …) aurkezteko topalekua.

Nola ebaluatzen da?

Ebaluazioak Eskolako Agenda 21 berraztertzeko, baloratzeko eta hobetzeko balio du. Komeni da ikasturtean zehar egitea, baina proiektuaren amaiera da memento egokia helburuen lorpen-maila ezagutzeko eta ibilbidean egindakoa balioesteko.

Ebaluazioak hiru une ditu, eta horietan hauxe egiten da:

  • Hasierako ebaluazioa, diagnostikoaren bidez.
  • Ekintza Planaren ebaluazioa, hobekuntza-helburuei lotuta dauden adierazleen bidez.
  • Amaierako ebaluazioa, ekainean aurkezten den memoriaren bidez. Programaren osotasuna baloratzen du, bai ibilbidean egindako lana, bai erdietsi diren lorpenak.

Azken aldaketako data: