Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila

Espezieak

espezieak, goiburu-irudia

Hydrobates pelagicus Ekaitz-txori txikia

Deskribapena

Deskribapena

L.: 14-17 cm. Itsas hegazti txikia da, kolorez erabat beltz nabarra, ipurtxuntxur zuria eta hega azpiko zerrenda zurixka izan ezik.

Gabaien antzera egiten du hegan, hegada bizkorrak eta planeatzeak txandaka eginez, baina alderrai gehiago ibiltzen da. Elikatzen ari denean, ordea, badirudi uraren gainean ibili egiten dela (horregatik deitzen zaie petrel), aldi berean hegaka indartsu eta alderrai dabilela.

Burua bereziki biribildua du eta mokoan, txiki eta beltzean, goialdean sudurzulo izenekoak nabarmentzen dira eta hortik ateratzen du elikatzen denean sartutako gatz-soberakina.

Hegan ari denean, hankak ez dira isatsa baino luzeago ikusten, eta, horren bidez, bereizten da antzeko espezieengandik.

Espezie honek koloniatan hazten du. Kantauri itsasoan arrautza bakarra erruten da, eta maiatzaren amaieraren eta uztailaren hasieraren bitartean gertatzen da. Ale heldu askok ez dute urtero hazten («aldizkako ugalketa»).

Ale ez ugaltzaileek kolonia batetik bestera hegan egiten dute umatze-garaian, ale «mugikor» edo «alderraiak» direla. Hala ere, joera filopatrikoa oso nabarmena da.

Habia egiten dutenean, gauez garatzen dituzte harreman sozialak. Ziur aski, egiten dituzten soinuak bereziki garrantzitsuak izango dira lurralde egitura eta habiak ezagutzeko.

Koloniak perimetro harritsua eta malkartsua duten itsas uharteetan kokatzen dira, hazteko erabil daitezkeen kobak, arrailak eta pitzadurak dituzte eta. Kareharrizko uharteak bereziki egokiak omen dira, beren zulo kopuru handia dela eta. Hegazti hori bere gordelekua hondeatzeko gai bada ere, oro har jada dauden hutsuneak eta harrien pilaketak erabili nahiago ditu arrautza erruteko. Kolonia bat kokatzeko funtsezko faktoreetako bat ugaztun harrapariak (arratoiak eta katuak, bereziki) uhartean eta hazteko arloetan sartu ezin izatea dela adierazi da, koloniaren desertzioa eragin baitezakete.

Badirudi horixe dela espezieak uharte txikiak okupatzera mugatzeko arrazoia: gizakiak ez daudenez, ugaztun antropofilorik ere ez. Kolonia bat (Ogoñokoa) baino ez dago itsasertzeko itsaslabar makurreko koba batean, itsas mailaren gaineko 80 metrora. Bertan bakarrik egiten omen da habia lehorrean, Europako itsasbazterrean.

Ugaltzeko aldia amaituta, urritik apirilera bitartean ekaitz-txori txikia itsas zabalean barreiatzen da, lurrera itzuli gabe. Oro har kontinentea okupatzen du, nahiz eta espezie pelagikoaren moduan ere joka dezakeen.

Bere dieta arrain larba (Engraulis edulis antxoa, Trachurus trachurus txitxarro arrunta eta Scomber scombrus berdela) eta zooplanktonaren kontsumoan oinarritzen da.