Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Euskadiko Energia Estrategia 2030

Euskadiko Energia Estrategia da Euskadiko energia-politikaren funtsak biltzen dituen plangintza-tresna, eta oro har 10 urteko indarraldia izaten du. 2020. urtera arteko indarraldiarekin onartutako aurreko estrategia berraztertu da eta euskal gizartearen egoera sozioekonomiko berrira egokitu da, 2030. urteari begira; izatez, azken urteotan aldaketa handiak izan dira araudiari dagokienez zein teknologiaren, merkatuen eta energia kontsumoaren bilakaerari dagokionez –azken urteotan nazioartean zabaldu den ekonomia- eta finantza-krisialdiaren ondorioz–.

Energia-estrategiak, beraz, energia-kontsumo txikiagoko eredu berri baterako eredu sozioekonomikoaren bilakaera progresiboa bilatuko du epe luzera, batik bat industriari, etxebizitzari eta garraioari dagokionez. Kontsumo hori energia berriztagarrietan oinarrituko da, energia-bektore nagusi gisa. Epe luzerako helburu hauek planteatu dira: 2050ean energia-erabileretarako petroliorik ez kontsumitzea, mendearen amaieran erregai fosilik eta berotegi-efektuko gasen isuririk ez duen kontsumoa eta 2050. urtean 2005. urtean sortzen ziren berotegi-efektuko gasen isuriak % 80 murriztea.

Ikuspegi horrekin, epe luzerako helburuen bidez, gero eta karbono gutxiagoko energia-sistema lehiakorra lortu nahi da. Hauek dira helburu orokorrak:

  • Efizientzia energetikoko jardunak gehitzea sektore guztietan, energia-kontsumoaren maila mugatzearren.
  • Energia-sistema lehiakorra eta iraunkorra mantentzen laguntzea eta energia berriztagarrien aprobetxamendua gehitzea.
  • Ikerketa-arlo lehenetsiak ezartzea, baliabideak identifikatzea, eta energiaren alorreko teknologia eta industria garatzea.

Euskadik, bere energia-politika duenez geroztik, aurrera egin du energia-efizientziaren eta hornikuntzaren segurtasunaren bidean, eta, hartara, bide horretan aurrera egiteko zenbait jardun-ildok osatzen dute Euskadiko Energia Estrategia. Jardun-ildo horiek hainbat esparrutan banatzen dira:

  • Energiaren eskaria murriztera bideratuko diren jardun-ildoak ezarri dira, eta, horretarako, kontsumo-mailak murriztuko dira, energia berriztagarriak erabiliko dira, energia-hornikuntzako beste aukera batzuk erabiliko dira edota energia-sistema optimizatzeko kudeatuko da eskaria.
    • Garraioaren sektorea
    • Industriaren sektorea
    • Eraikinak eta etxebizitza
    • Lehen sektorea
    • Administrazioa
  • Era berean, merkatuak gainbegiratzearen eta energia-hornikuntzaren arloko jardunak hartu dira aintzat, tokiko hornikuntzaren ahalmena zehazteko azterketak barne.
  • Teknologiaren eta industriaren garapenari dagokionez, abangoardiako energia-teknologietan berritzeko euskal industriari sortzen zaizkion etorkizuneko aukera berriak baliatzera zuzentzen diren ildoak ere jaso dira.

Informazio publikoa: "Euskadiko Energia Estrategia 2030 (3E2030) " plana eta bere ingurune jasangarritasun txostena.

Azken aldaketako data: 2016/07/07