Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Euskadin klima aldaketaren inpaktuen kostuak balioztatzeko metodologia. Bilboren kasua

Euskadiko Erkidego Autonomoa jakitun da klima-aldaketak zer ondorio ekarriko dituen, eta gaiak asko arduratzen duela erakutsi du azken urteetan. Hala, klima-aldaketaren aurkako borroka Eusko Jaurlaritzaren lehentasunezko gaia da ingurumenaren arloan. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu du dagokion erantzukizunaren zatia.

Klima Aldaketaren Euskal Bulegoa sortu zenean hasi zen nabaritzen kezka eta erantzukizun hori. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailak sustatu eta zuzentzen du bulego hori, eta gai horretan eskuduntzak dituzten beste sail batzuek ere parte hartzen dute (Industria; Merkataritza eta Turismoa; Garraio eta Herri Lanak; Etxebizitza eta Gizarte Gaiak; Hezkuntza, Unibertsitateak eta Ikerketa; Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura). Gaur egun, Klima Aldaketaren aurka egiteko Euskal Plana zuzentzen ari da Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila.

Hain zuzen ere, klima-aldaketara egokitzeko moduak kudeatzea da Klima Aldaketaren aurka egiteko Euskal Planaren helburuetako bat. Alegia, plan horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoa klima-aldaketara egokitzeko eta gure ekonomiako sektorerik ahulenei (nekazaritza-sektorea, kostaldea, itsasoko ekosistemak eta arrantza-sektorea, ingurune menditsuak eta baliabide edafikoak, energia eta gizakien osasuna) eragin dakizkiokeen inpaktuak txikitzeko tresnak garatu eta behar diren bitartekoak jarri nahi dira.

Egokitze-estrategia horren barruan, EAEko testuingurua eta eremu geografikora egokitutako metodologia bat garatu du Eusko Jaurlaritzak (klima-aldaketaren kostuak balioesteko metodologia). Hau da metodologia horren helburua:

— Klima-aldaketaren kostuak balioestea eta egokitzeko aukera bakoitzaren irabaziak —politika aplikatuz murriztutako kostuen arabera neurtuta— zenbatestea, kostu-eraginkortasun handieneko egokitze-aukerak hautatu ahal izateko.

Erresuma Batuan Klima Aldaketaren Inpaktuen Programa (UKCIP) jarri dute martxan, eta EAEn klima-aldaketak izan dezakeen ondorioetako baten kostuak balioesteko aplikatu dute metodologia hori:

— Hiri-eremu bat urak hartzea, prezipitazioak ugaritu eta ibaiak gainezka egitearen ondorioz.

Horrelako kasu zehatzetan aplika daiteke metodologia, eta beste hainbat erabilera ere baditu.



Pdf formatoko dokumentua:
Euskadin klima aldaketaren inpaktuen kostuak balioztatzeko metodologia. Bilboren kasua (745 kb)