Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

logo
45 Zbk..
servicios
Cuaderno de Bitacora
Adierazpen artistikoa hezkuntzaren zerbitzuan

dibujando

Ikasleek berek egindako ilustrazioak eta era askotako bitartekoak, hala nola disketeak, plastikozko poltsak, egunkari-orriak, artilea edo kolorerako pinturak hainbat jardueratan erabiliz, Gernika BHIko irakasleek askotariko curriculum-alderdiak landu dituzte ikasgelan.

pintando

Artearen eta Eskolako Agenda 21en arteko lotura aspaldikoa da Gernika BHIn. Duela hamarkada bat inguru, ikastetxean Agendaren ardura zuenak laguntza eskatu zien irakasle batzuei, ingurumenaren babesa eta artea bateratuko zituen proiektu bat gauzatzeko. Luze pentsatu gabe, lanari ekin zioten azken ideia biribiltzeko. Ikasturtean landutako gaia, biodibertsitatea, oinarri harturik, estalitako jolastokiko lurzoruan marrazki handi bat egitea erabaki zuten.

Goitik (lehen eta bigarren solairuetatik) ikus zitekeen irudi handi bat izan behar zuen eta ikastetxea dagoen ingurunearekin zerikusia izan behar zuen. Horrela, Urdaibaiko itsasadarra eta bertan ibaiaren eta itsasoaren artean gertatzen den lotura harrigarria bilakatu ziren obrako protagonistak. Uraren joan-etorria eta hondarraren mugimendua izan ziren lanaren gai adierazgarrienak. Arte Batxilergoko Adierazpen Teknikak ikasgaiko ikasleek hartu zuten parte ekimenean. Oso lan berezia izan zen, marrazkiaren tamaina eta talde-lanari emandako balioa kontuan izanda.

Gernikako ingurumenaren eta artearen arteko adiskidetasunaren lehen urratsak besterik ez ziren izan haiek. Ondorengo urteetan, eta hein handi batean lehen ekimen haren arrakastaren ondorioz, beste proiektu batzuk gauzatu ziren. Hala, adibidez, zaharkitutako diskete informatiko pilo batek hartu zuen geroago marrazki erraldoia egiteko erabilitako espazio bera. Lan horrekin batera hainbat gai landu zituzten Batxilergoko ikasleek, esaterako, baztertutako materialen berrerabilera, material horien kontsumo oso handia eta egungo gizartean objektu batzuk zein azkar garatzen diren desfasatuta.

pintando

Plastikozko poltsak objekturik kutsagarrienetakoak dira eguneroko bizitzan duten erabileragatik. Hortaz, nahitaez, hori ere aztertu zuten ikasleek. Jarduera berri horri ekiteko, ikastetxeko ikasleei laguntza eskatu zitzaien, haietako bakoitzak etxean erabilitako poltsak ekarri eta jolastokian pilatzeko. Haiekin guztiekin alfonbra erraldoi bat osatu zuten, eta horren bidez, adin desberdinetako ikasleekin kontsumoa eta publizitatea bezalako gaiak ikasi zituzten.

Izan ere, ikastetxeko jolastokia guztien espazioa izanik, hainbat jarduera gauzatzeko lekurik egokiena da. Espazio guztiz aktiboa da, agerikoa denez. Bertan, egunkari-orriek, artileak eta argizarizko pinturek ere izan dute protagonismoa. Egunkari-orriak birziklapena eta berrerabilera lantzeko abiapuntua izan ziren. Hala, horien bidez horma-irudi handi bat osatu eta horren gainean marrazki handiak egin zituzten.

pintando

Artileari dagokionez, parte hartu nahi izan zuten guztiek artile-harizko sare handi bat egin zuten, eta sare hori bigarren solairuko barandatik eseki zuten. Bestalde, zaborretara botatzekoak ziren argizarizko koloretako pinturen hondar txikiekin, Bigarren Hezkuntzako hirugarren mailako ikasleek beste era batera landu ahal izan zuten kolorea. Gainera, lan hori txoko berdean egon zen ikusgai.

Orain arte gauzatutako jarduera guztietan, hainbat curriculum-helburu lortzeko abiapuntua arte-adierazpena izan da. Baina ezin dugu ahaztu ekimen horiek beste batzuk ezagutarazteko balio dutela. Horren adibidea dugu ikastetxeko konpostarekin osatutako kiribila, hain zuzen konposta sortzeko prozesua ezagutarazteko erabili zutena. Kiribil horren ondoan, Xabier Letek birsorkuntzari buruz egindako poema bat idatzi zuten.