Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

logo
45 Zbk..
servicios
Cuaderno de Bitacora
Artea, etikaren eta iraunkortasunaren aldeko ikasgaia
Arrasate BHIko ikasleek alderdi positiboak eta negatiboak bereizten ikasteko egindako artelan bat oinarri harturik, kontzeptu etikoak, ingurumen-babesari lotutakoak eta dibertsitateari buruzkoak landu zituzten.

esperientzia arrasate

2012-2013 ikasturtean, Arrasate BHIko Eskolako Agenda 21en koordinatzaileek eta GaraiON Naturartea Elkarteko arduradunek artearen eta naturaren arteko loturan oinarritutako proiektu bat abian jartzea proposatu zioten ikastetxeko zuzendariari. Ekimen horren lehen helburua ikasleak eskola-curriculumeko ohiko balio batzuen inguruan kontzientziatzea zen: natura sormenerako eredu eta baliabide-iturri gisa erabiltzearen eta ingurumenarekiko errespetuaren inguruan, hain zuzen. Beste helburu bat sormen artistikoaren bidez esperientzia batzuk bultzatzea zen.

Helburu horiek betetzeko, Eskolako Agenda 21 programari atxikitako ikasleak aukeratu ziren, baita Bigarren Hezkuntzako laugarren mailako Hezkuntza Plastikoko ikasleak ere. GaraiONeko teknikariek izotzaldia urtu zuten, ikastetxean bertan egindako bi orduko saio baten bidez, parte-hartzaileei ekimena aurkezteko. Zera proposatu zieten: elkartearen kanpoaldeko instalazioetan, naturan bertan, artelan bat egitea, naturako berezko osagaiak erabiliz. Horretarako, lehenik, taldean ideiak partekatzeko eskatu zieten ikasleei, eta ondoren, ideia guztien artean deigarriena aukeratu zuten. Ordutik aurrera lantzeko prozesua hasi zen benetan: lantaldeak eratu, beharrezko materialak bildu eta proiektuaren garapena zehaztu zen.

Aukeratutako proposamena eskultura handi bat zen. Artelan bakar bat zen arren, bide luze bat zuen, eta horren erdian, arku bat. Arkuaren alde batean alderdi positiboak kokatu ziren: maitasuna (bihotz-forma eman zioten), natura (lore batzuen bidez) eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna. Beste aldean, berriz, alderdi negatiboak, hala nola indarkeria eta ustelkeria (sua, lokatza eta harriak aukeratu zituzten horiek irudikatzeko). Alderdi horiek desagerrarazteko su eman zieten.

Bai irakasleentzat bai ikasleentzat oso esperientzia pozgarria izan zen eta ideiari onuragarri iritzi zioten. Ikasleek aktiboki hartu zuten parte ideia garatzeko prozesu osoan. Horrela, talde-lana eta auzolana landu zituzten, baita proiektu bati atxikita egoteko sentimendua ere, beti ere pertsonen arteko dibertsitatearekiko errespetuaren agindupean.

Samaniegoko horma-irudia, gure jarrera ekologikoa hobetzeko konpromisoa
Ingurumenarekiko kontzientziazioa helburu zuela, Samaniego IPIko zuzendaritzak proiektu bat eraman du aurrera, hainbat ikasleren parte-hartzearekin. Horren bidez, gainera, hondatutako gune bat txukundu egin dute ikastetxean.

esperientzia samaniego

Eskolako Agenda 21en parte hartzen duela hamar urte bete zirela ospatzeko, Gasteizko Samaniego IPIk ikastetxearen atzealdean horma-irudi bat egitea proposatu zuen, hamar urte horietan landutako gaiak irudikatzeko. Gainera, jarduera horren bidez, nahiko hondatuta zegoen gune bat txukuntzea lortu nahi zuten. Izan ere, gune horretatik nahitaez igaro behar zuten ikastetxeko txikienek, Haur Hezkuntzako bi eta hiru urteko haurrek.

Ideia mamitu eta ikasturteko funtsezko lana bihurtu zen. Ikasleekin elkarlanean, azken urteotan landutako gaiak berreskuratu zituzten: energia berriztagarriak, kontsumo arduratsua, ura zuzen erabiltzea, biodibertsitatea, hondakinen tratamendua eta birziklatzea, berotze globala, mugikortasun iraunkorra...

Aldi berean, ikastetxea harremanetan jarri zen eskolaz kanpoko jarduera-monitore batekin (Gasteizko "Fill in Culture" enpresarekin), jarduerari forma emateko. Une hartan, monitore hark marrazketa irakasten zien Lehen Hezkuntzako ikasleei.

Nahiz eta gaiak ziklo guztietan landu ziren, protagonistak Lehen Hezkuntzako 3. eta 5. mailetako ikasleak izatea erabaki zuten. Hasiera batean proiektua azaldu eta bi taldeen artean zirriborro batzuk egin zituzten. Proiektuaren diseinuan erabiltzeko lema batzuk pentsatu zituzten, eta ikastetxeko blogak (http://samaniegoagenda21.blogspot.com.es/) proiektua erkidego osora hedatzeko deialdia plazaratu zuen. Ikastetxeko korridoreetan ekarpen guztiak jarri ziren ikusgai erakusketa gisara, eta lankidetza horretatik muralerako ideiak jaio ziren.

Tutoreek lagunduta eta monitoreek lanak zuzenduta, horma-irudia ere bi maila horietako ikasleek egin zuten.

Lanak egoera ezin hobean jarraitzen du eta bi helburu lortu ditu: alde batetik, hondatutako gune bat txukuntzea, eta bestetik, ingurumena zaintzearen garrantziaz kontzientziatzea, hurbileneko ingurunetik hasita, eta gure jarrera ekologikoa hobetzeko konpromisoa hartzea.