Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Partaidetza-prozesu zientifiko teknikoa
Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilpenerako eta Kudeaketarako Egitamu Gidaria

1984an deklaratu zuen Unescok Urdaibai Biosfera Erreserba hurrengo helburu honekin: bertokoen eta bisitarien ongizaterako ondare naturala eta kulturala eta garapen jasangarria uztartzea. 22.000 hektareako lur-eremuan elkarbizi dira ondare natural (ibaiak, itsaslabarrak, mendiak, lurpeko urak, baso naturalak...) eta kultural (aztarnategi arkeologikoak, Erdi Aroko dorretxeak, baserriak, arrantza-portuak...) garrantzitsua eta 22 udalerrietako 45.000 biztanleak.

Erabilpenerako eta Kudeaketarako Egitamu Gidaria (EKEG), Urdaibaiko Biosfera Erreserba Babestu eta antolatzen duen uztailaren 6ko 5/1989 Legea garatzeko testu arautzaile garrantzitsuena da, eta lurraldea eta baliabide naturalak antolatzeko eta gizakia eta naturaren arteko oreka bermatzeko tresna da.

Egitamu Gidariak helburu orokorrak eta ildo nagusiak ezarri eta landa lurraren erabilera arautzea du helburu, betiere iraunkortasun-irizpideen arabera. Horrenbestez, Biosfera Erreserbaren lurraldea modu egokian kudeatzeko oinarria da EKEGa.

Partaidetza-prozesua 2011n abiatu zen; horretarako UPV/EHUko Garapen Iraunkorra eta Ingurumen Hezkuntzari buruzko Unesco Katedrarekin elkarlanean, aditu eta zientzialariekin jardunaldi zientifiko-teknikoak antolatu zituen Urdaibai Biosfera Erreserbako zerbitzu teknikoak. Parte hartzeko prozesu zientifiko-tekniko horren helburua izan zen etorkizuneko EKEGaren oinarri zientifikoak ezartzea eta Urdaibaiko Egitamu Gidarian jorratzen diren gaietan adituak diren pertsonen ekarpenak jasotzea. EKEGan jorratzen diren gai bakoitzeko adituak hautatu ziren eta aditu bakoitzak diagnostiko bat egin zuen honako hiru galderetan oinarrituta:

- Zer ikuspegi duzu Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren gaur egungo egoeraz?

- Zein dira gaur egungo EKEGaren arazo eta gabezia nagusiak?

- Zer aldaketa egin beharko litzateke egungo EKEGaren araudian?

Diagnostiko horietatik aztergaiak atera ziren eta ondoren, gaikako mintegiak antolatu ziren (Babes Bereziko Eremuak eta Babestutako Eremuak; Lurraldearen antolamendua; Nekazaritza eta Basogintzarako Eremuak eta Turismoa, Merkataritza, Industria eta Energiarako Eremuak; Alderdi juridikoak). Mintegietan hainbat proposamen egin ziren eta EKEG berrian sartzeko proposamen zehatzak jaso ziren.



Pdf formatuko dokumentua:
Biosfera Erreserbaren Erabilpenerako eta Kudeaketarako Egitamu Gidaria. Partaidetza-prozesu zientifiko teknikoa (1,16 Mb)