Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila

Administrazioa

administrazioa, goiburu-irudia

Eguneko tximeleten Euskadiko jarraipen-programa [LEPEUS]

Egun argitako tximeleten lehen jarraipen-programa Erresuma Batuan jarri zen martxan 1976 urtean. Ondoren, programa analogoak abiarazi ziren Europako beste herrialde eta eskualde batzutan. Espainian, tximeleten jarraipen-programa Katalunian hasi zen 1994an. Gaur egun, halako 15 programen datuak erabiltzen dira European Grassland Butterfly Indicator-a lortzeko; hain zuzen, adierazle bat, aintzat hartzen dituena zuhaitz gabeko landa, larre, eta landazabaleko habitatei berezkoak zaizkion espezieak.

Euskadiko egun argitako tximeleten jarraipena egiteko programak datuak biltzeko erabiltzen duen metodologia Britainiako programak hasieran proposatutakoa du oinarri. Hau da, luzera eta zabalera finkoko transektuak egitea, oinez, ikusitako tximeleta-kopurua eta haien identitateari buruzko oharrak kontu handiarekin hartzen diren bitartean. Tximeleten hegaldi-hiletan (maiatzetik irailera) hamabosteroko maiztasuna dute ibilaldiek.

Ezinbestekoa denez transektu berak, behatzaile berak lagindurik, urteetan mantentzea, erraz iristeko moduko eremuak lehenesten dira, aukeren arabera. Transektu bakoitzak kilometro bete eta bi kilometroren arteko luzera du, gutxi gora behera ordu betean ibiltzeko moduan, eta baso-eremu zuhaiztunak alboratzen dira. Orobat, transektu bakoitza 200 m-ko luzerako sektoretan zatitzen da, aintzat hartuz zeharkatzen dituen habitatak. Hala, parte-hartzaile bakoitzak sektoreka bereizirik jasotzen ditu behaketa-oharrak, datu-prozesamendu estatistikoa errazteko eta batez bestekoak eta tarteak fidagarriki kalkulatzeko.

Parte-hartzaileei, beste landa-materialen artean, entomologia-mahuka bat ematen zaie, hegaldian zehar identifikatu ezin dituzten aleak aldi baterako harrapatu ahal izateko. Ez dira, inondik ere, tximeletak biltzen; aitzitik, identifikatzeko behar adina denboraz gordetzen dira eta topatu ziren leku berean ahalik eta lehen askatzen.

Programaren helburu nagusia biodibertsitate-adierazle fidagarri bat edo gehiago finkatzea denez, hobe da banaketa-eremu zabala duten eta erlatiboki ugaritsuak diren espezieak erabiltzea; hau da, arruntenak eta tximeleta-zaleek gehien ezagutzen dituztenak. 

Adierazlea: Tximeleten ugaritasuna eta banaketa

Parte-hartzaileak: (ikusi kolaboratzaileak)

 
 
Bildumako aipu-kopurua:
 
Nola aipatu:
 
OPENDATA bildumako fitxa:
GBIF bildumako fitxa: