Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Europako zazpi eskualdetako 45 adituk elkarrekin trukatu dituzte esperientziak Bilbon, biodibertsitatea eta ingurumenaren kontserbazioa hobetzek

2017.eko ekainak 14

  • Euskadiko Artxibo Historikoak BID-REX: Biodibertsitateari buruzko datuetatik erabakietara. Informazioa premietara egokitzea eskualdeen arteko mintegia hartuko du.
  • Elena Moreno Ingurumeneko sailburuordeak topaketa inauguratu du; ekainaren 14an eta 15ean izango da.

Naturaguneak eta biodibertsitatea babesteko politika egokiak sortzeko, biodibertsitateari buruzko informazio koherentea, beharrezkoa eta egituratua behar bezala mobilizatu behar da. BID-REX proiektuaren helburua da balio naturalaren kontserbazioa hobetzea, eskualdeko garapen-politika hobeei esker eta, horretarako, biodibertsitateari buruzko datu garrantzitsuen eta kontserbazioari buruzko erabakiak hartzeko prozesuen arteko lotura sortzea edo sendotzea. Zehatzago esateko, xedea da biodibertsitateari buruzko informazioaren erabilera erraztea eta FEDERen funtsek Europako natura-ondarearen kontserbazioan duten inpaktua areagotzea eta, horretarako, erabakiak hartzeko prozesuak ematea, biodibertsitateari buruzko informazio egokiarekin.

BID-REX eskualdeen arteko ikasketa-prozesu elkarreragilean oinarritzen da, ikuspuntuak, tresnak eta metodoak elkarrekin trukatzeko, kontuan hartuta ikuspuntu, tresna eta metodo horiek naturaren kontserbazioarekin lotutako erabakien eta informazioaren eskuragarritasunaren artean dagoen aldea libratzeko baliagarriak izan direla. Zehatzago esateko, lan-plana diseinatu da tokian tokiko eta eskualdeen arteko ikasketa-prozesua izateko, modu logikoan eta antolatuan planifikatuta, jardunbide hobeak aztertzeko eta trukatzeko hitzaldi, mintegi eta bisita zehatzagoen inguruan.

Eskualdeen arteko lehen mintegia Valonian egin zen, otsailean; bertan, erabakiak hartzeko informazioaren premiaz mintzatu ziren eta eremu horretako indarguneak eta ahuluneak identifikatu ziren. Eskualdeen arteko bigarren mintegi hau Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak antolatu du; helburua izango da aztertzea informazioak nola lagundu dezakeen antzemandako premiak asetzen eta gaur egun sortzen dugun informazioak premia horiei erantzuten ote dien. Abiapuntua lehen mintegian identifikatutako ahuluneak eta indarguneak eta hobekuntza-proposamenak dira.

Funtsezko agenteen ordezkariek, Bilbon egingo den topaketa honetan, ingurumenari eta biodibertsitateari buruzko informazioa hainbat testuingurutan –herritarren plataforma zientifikoak zein ikerketa-inguruneak– nola sortzen den erakusten duten esperientzia eta ikuspuntuak elkartrukatuko dituzte. Informazioa nola batzen, mantentzen eta baliozkotzen den aztertuko da, eta arrakasta-esperientziak trukatuko dituzte elkarrekin, eta horiek beste eskualde batzuetan garapen berriak egiteko oinarri izango dira.

16an Zuzendaritza Batzordearen bilera egingo da Madariaga Dorreko (Busturia) Ekoetxean; ondoren, bisita zientifikoa egingo da Urdaibaitik –Natura 2000 espazio babestua, Biosferaren Erreserba eta Ramsar nazioarteko garrantziko hezegunea–.

BID-REX Europako proiektua

BID-REX Europako proiektua Interreg Europe programak finantzatzen du; 5 urteko iraupena du (2016ko apiriletik 2021eko martxora). Eusko Jaurlaritzarekin batera, Europako beste 6 eskualdek parte hartzen dute –Katalunia, Norfolk-eko konderria (Erresuma Batua), Marche eskualdea (Italia),  Ljubljana Marsh (Eslovenia), Iparraldeko Ordoki Handiaren eskualdea (Hungaria) eta Valonia (Belgika)–. Ekimen hori “Euskadiko demokraziari eta herritarren parte-hartzeari buruzko Liburu Zuria”ren zabalkundearen barruan ere jaso da. Liburu zuria dokumentu ofiziala da eta Eusko Jaurlaritzak, horren bidez, aurrera egin nahi du gobernamendu onaren balioen gainean duen konpromisoan: gardentasuna, herritarren parte-hartzea erabakiak hartzean, publizitate aktiboa, kontuak ematea etab. Innobasqueren laguntza teknikoa du, kontuan hartuta esperientzia handia duela gizarte-berrikuntzan –balio publikoaren eta sozialaren sorrera partekatua erantzukidetasunaren bidez–.