Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila

Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak

34/2007 Legearen arabera, honako hauek hartzen dira Atmosfera Kutsa Dezaketen Jardueratzat (aurrerantzean, AKDJ): "Berezko izaera dela-eta, kokapena edo erabilitako prozesu teknologikoak direla eta, kontrol eta jarraipen zorrotzagoko araudia behar dutenak".

Urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuak, bere eranskin bakarrean Atmosfera Kutsa Dezaketen Jardueren Katalogoan eguneratzen du (aurrerantzean, AKDJK), eta, Katalogo horretako jarduerak AKDJtzat hartzen ditu. Abenduaren 23ko 1042/2017 Errege Dekretuak eta horren zuzenketak, 2018ko martxoaren 15ekoak, 01, 02, 0301 zenbakiz hasten diren kodeko jardueren katalogazioak aldatu zituzten.

Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak (AKDJak) eragin dezaketen kutsaduraren arabera sailkatzen dira, taldetan: A, B, C edo “marra” (100/2011 Errege Dekretuaren 4. artikulua).

Jarduera bat zein talderi dagokion jakiteko, bi gauza garrantzitsu hartu behar dira kontuan katalogoan:

  • Talde jakin batekoak diren jarduera batzuek disolbatzaileak kontsumitzeko potentziak edo gaitasunak batu ditzakete, adibidez, eta instalazioaren jardueraren katalogazioa maila bat igotzea eragin dezakete
  • Jarduera batzuetan oin-ohar bat dago eta oin-ohar horrek adierazten du agintaritza eskudunaren iritziz, jarduera horren katalogazio-maila igo ahal izango dela (hiriguneetatik edo naturagune babestuetatik hurbil egoteak edo substantzia arriskutsu jakin batzuen emisioak kalteak edo eragozpenak sortzeko arrisku handiagoa eragiten duten kasuetarako). Horregatik, horrela katalogatutako jarduera bat izateagatik ez badakigu jarduera osoari baimenik edo jakinarazpenik ote dagokion, Aire Zerbitzuari kontsultatu beharko diogu aurretik.

Laburbilduz, atmosfera kutsa dezaketen jarduerak dauzkan edota edukiko dituen instalazio batek egin behar duen lehenengo gauza honako hau da: katalogoa aztertu, bere enpresan gauzatuko dituen eta katalogo horretan bilduta dauden jarduera guztiak sailkatu, eta bere instalazioari baimenik eta jakinarazpenik ote dagokion, edo izapideren bat egitea derrigorrezkoa ez ote den jakin, eta horren arabera jardun.

Instalazioren batek ez badaki baimenik edo jakinarazpenik ote dagokion jardueretakoren bat 100/2011 Errege Dekretuan (2) edo (5) baldintzatzaileekin katalogatuta dagoelako (PDF, 97 KB), kontsulta bat egingo du aurretik; horretarako, behar den informazioa emango du Ingurumen Sailburuordetzak instalazioaren administrazio-erregimena ezar dezan. Horretarako, aurretiko kontsulta-eredua (DOC, 99 KB) bete beharko du (dokumentazio-atalean dago eskuragarri), eta honako helbide honetara bidali beharko du: airea@euskadi.eus.

Kontsulta aztertu ondoren, Ingurumen Sailburuordetzak bitarteko bera erabiliz erantzungo du instalazioari baimenik edo jakinarazpenik ote dagokion.

Jardueren kode-aldaketak, 1042/2017 Errege Dekretuak katalogoa aldatzearen ondoriozkoak: honako formulario sinplifikatua osatu, eta airea@euskadi.eus helbidera bidali kodeen eta taldeen aldaketak jakinarazteko, eta, behar izanez gero, zer izapidetu behar duzun galdetzeko.

Errekuntza-instalazio ertainak (ICM): Instalazioan ≥1 MWt eta <50 MWt potentzia termiko izendatuko errekuntza-instalazioren bat egonez gero, honako ezarritako epe hauek kontuan hartu behar duzu, abenduaren 23ko 1042/2017 Errege Dekretukoenak: erregistratzekoa, emisioen gehieneko balioak betetzekoa eta emisioen kontrolak egitekoa. Errekuntza-instalazio ertainak izena-emateko eskaera AKDJ baimenaren eskaerarekin edo jakinarazpenarekin batera bidali behar da, zure instalazioari dagokion AKDJ prozedurarekin, hain zuzen ere.

Atmosfera gehien kutsa dezaketen jarduerek (A eta B taldekoek) Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren berariazko baimena behar dute. Baimen hori jarduera hori eraiki, muntatu, ustiatu, lekualdatu edo jarduera horretan funtsezko aldaketaren bat egin aurretik eskatu behar da.

C taldean katalogatutako jarduerek, hau da, A eta B taldekoek adina kutsa ez dezaketenek, izapide sinplifikatua dute: nahikoa dute jakinarazpen bat aurkeztearekin. Jakinarazpen horretan erantzukizunpeko adierazpen bat bilduko da, baita tximiniak eragiten duen kutsaduraren neurketa bat ere, erakunde egiaztatu batek (IKE) egindakoa, atmosferara egiten diren emisio-mugak - aplikatzen zaizkienak- betetzen dituztela bermatzeko.

Jarduera batzuek eragin dezaketen kutsaduraren ondorioz, ez da administrazio-izapiderik beharko, eta, horregatik, instalazio horiek ez dute inolako izapiderik egin beharko administrazioarekin (instalazio horiek “-“ gisa katalogatuta daude).

Azken aldaketako data: