Osasun Saila

Aurretiazko Borondateen Dokumentua (ABD)

Zer da ABDa?

Dokumentu bat, idatziz egina, eta ekipo medikoari zuzendua. Bertan, pertsona batek jasota uzten ditu jarraibide batzuk, etorkizunerako, une horretan bere borondatea adierazteko gai ez bada erabil daitezen. Dokumentu hori edozein momentutan aldatu edo atzera bota daiteke, erabakiak hartzeko gaitasunari eusten zaion bitartean. Une horretara arte, pertsonaren erabakiak izango du lehentasuna dokumentuan jasotakoaren gainetik.

Nork egin dezake?

Edozein pertsona, adin nagusikoa, judizialki ezgaituta ez dagoena eta askatasunez jarduten duena.

Kontuan hartzea komeni dena:

  • Bizitzaren amaierari buruz dauzkan balio eta lehentasunei buruzko hausnarketa. Ideiak antolatzen laguntzeko, “Pentsatu, hausnartu...”, (Gastelaniaz, PDF, 706 KB) dokumentu laburra irakurtzea gomendatzen da.
  • Hurbileko familiarekin eta zure ordezkariekin hitz egin ABDan jaso nahi dituzun erabakiei buruz.
  • Kontsultatu eta komentatu zure osasun-etxean ABDak zer nolako edukia izan dezakeen. Izan ere, bertan informatuko zaituzte ondoen gaixotasun batek izan dezakeen bilakaeraz eta erabaki bat edo bestea hartzearen ondorioez.
  • Kontuan izan behar duzu, zuk hala adierazi arren, ez dela onartzen legez kontrako jokabiderik.
  • Zure dokumentua etorkizunean ezagutu dadin eta eraginkorra izan dadin, ABDa erregistratzea komeni da.

Nola egiten eta formalizatzen da ABDa?

  • Bizitzako azken uneekiko eta ezintasun fisiko edo psikiko larriko egoerekiko dauzkazun balioak eta aukera pertsonalak jaso behar ditu ABDAk. Zehazki, mediku-jarduketekin lotutako jarraibideak eta mugak adierazi behar ditu. Organoak emateko eta abarrerako borondatea duzula ere adieraz dezake. Mugak: Borondateak ez dira aplikatuko legearen aurkakoak edo praktika kliniko zuzenaren aurkakoak badira, ezta agiria egin duenak adierazi ez duen ezertan ere.
  • Komeni da, halaber, adin nagusiko ordezkari bat edo gehiago izendatzea, behar izanez gero dokumentua interpretatzen lagundu dezaten, ordezkaritza hori onartzen dutela jasota utziz. Inpartzialtasuna bermatze aldera, ezingo dira ordezkari izendatu ez lekukoa, ez notarioa, ez erregistroaren arduraduna, eta ezta aurretiazko borondateak aplikatu behar dituzten osasun-arloko langileak edo agiri-emailearen arreta sanitarioa finantzatzen duten erakundeetako pertsonala ere.
  • Azkenik, ABDa ez baduzu notario aurrean edo zuzenean Aurretiazko Borondateen Erregistroan egiten, lekukoen deklarazioa gehitu behar duzu, haien identitatea argi zehaztuz.

Hiru apartatu horiek egiten laguntzeko, eskuragarri jarri dizugu ABDaren eredu orientagarri bat.

Nola egiten da baliozko ABDa? Bizi-testamentua egiteko hiru aukera:

  • Hiru lekukoren aurrean egin behar da. Adin nagusikoak izango dira, jarduteko gaitasun osoa dutenak, eta ez dute izango testamentu-egilearekiko bigarren gradura arteko ahaidetasunik (ikusi beheko taula), edo ezkontza, elkartze libre edo izatezko bikote bidezko harremanik, ezta ondare-harremanik ere. Hiruek jardungo dute testamentu-egilea aurrean dutela, zeinak dokumentuaren orri guztiak sinatuko baititu.

Mailak Titularra/Ezkontidea
1 - EZ Gurasoak Aitaginarrebak/Amaginarrebak Seme-alabak Suhia/Erraina
2 - EZ Aitona-amonak Anai-arrebak Koinatuak Bilonak
3 - BAI Birraitona-amonak Osaba-izebak Ilobak Birbilobak
4 - BAI Lehengusu-lehengusinak - - -
  • Notarioaren aurrean. Ez da lekukorik behar.
  • Aurretiazko Borondateen Erregistroko arduradunen aurrean, Osasun Sailaren egoitza batean; zehazki, testamentua egiten duenaren helbideari dagokionean. Dekretu berri bat indarrean sartzearekin batera, Osakidetzako medikuek eta erizainek, beren borondatez hala eskatzen badute, aukera izango dute Erregistroko arduradun gisa gaitzeko ABDaren agiri-ematea formalizatzeko. Ez da lekukorik behar.

Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa.

Aurreztiako Borondateen Euskal Erregistroa tresna bat da, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak sortu duena, Aurretiazko Borondateen Dokumentuak erregistratzeko eta eraginkor egiteko.

Erregistroan eskaintzen diren zerbitzuei herritarren sarbidea errazteko, bere funtzioak Osasun Saileko (Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko Zuzendaritza) eta lurraldeetako Ordezkaritzei esleitutako administrazio-unitateetako organo eskumendunen artean banatzen dira. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde esparruekin.

Euskal Erregistroa Estatuko Aurretiazko Jarraibideen Erregistroarekin (RNIP) konektatuta dago, erregistratzen diren deklarazio guztiak edozein autonomia-erkidegotatik kontsultatu ahal izateko.

Erregistroaren oinarrizko funtzioak.

  • ABDak erregistratzea eta zaintzea.
  • Medikuari horiek eskuratzen laguntzea, eta, hala badagokio, baita egileari berari eta/edo bere ordezkariei ere.
  • ABD bat Erregistroan inskribatu gabe badago, dokumentu horren egileek, horien ordezkariek, senitartekoek edo hurbilekoek eman behar dute horren berri, dokumentua eraginkorra izan dadin.

Aurretiazko Borondateen Agiria inskribatzea Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroan.

A) Erregistroko arduradunaren aurrean. Arduradunak izapide guztiak egiten ditu, baita erregistroan inskribatu ere.

Kontsultak, hitzordua eskatzea eta harremanak

B) Hiru lekukoen aurrean:

  1. Izapidetze elektronikoa. Ordezkarien (ordezkariren bat izendatuz gero) eta lekukoen ABA eta NANak eskaneatuta erantsi beharko dira.

    Tramitazio elektronikoa

  2. Izapidetzea paperean.
  • Erregistratzeko eskaera, hemendik deskarga daiteke; bestela, Osasun Sailaren edozein ordezkaritzatan daukazu eskuragarri.
  • Gutun-azal itxian, aurretiazko borondateen jatorrizko dokumentua, testamentu-egileak eta lekukoek sinatua, eta parte-hartzaileen NANaren kopiak (testamentu-egilea eta lekukoak). Ordezkaririk balego, bere NANa eta telefonoa. Notarioaren aurrean formalizatutako ABDen kasuan, dokumentuaren kopia baimendua eta egileslearen NANaren fotokopia bidali behar dira.

Eta posta ziurtatuan bidali Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistrora:

edo beste administrazio batzuen bidez bidali (sailaren lurralde-ordezkaritzak, udalak, Gobernuaren ordezkariordetzak, osasun-zentroak, etab.), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitakoaren arabera.

ABDa aldatzea, ordeztea edo baliogabetzea

  • Aldatzea: nahi baduzu, zure ABDaren xedapen edo zatiren bat alda dezakezu, eta gainerakoa indarrean utzi.
  • Ordeztea: zure ABDaren edukiaren aldaketa garrantzitsuak dira, komenigarritzat jotzen dituzunak, eta praktikan, zure jatorrizko ABDa beste batek ordeztuko duela esan nahi du.
  • Errebokatzea: Erregistroko zure ABDa deuseztatzea da, eta beraz, eraginik gabe gelditzea.

Jarduketa horietako edozein egin daiteke emate-ekintza egiten den bezala: hiru lekukoren aurrean, notarioaren aurrean/erregistro-arduradunaren aurrean.

Izapide horiek egiteko, lehen inskripzio bateko dokumentazio bera aurkeztu behar da.

  1. Izapidetze elektronikoa.

    Tramitazio elektronikoa

  2. Izapidetzea paperean.

Jarraian, inprimaki bat ikusiko duzue. Izapide horietako edozeinetan, agiri berriari inprimaki hori erantsi behar zaio, eta dokumentazio guztia Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistrora bidali.

Datuak aldatzea

Helbide edo telefono aldaketa soila izango balitz, inprimaki honen bidez eska dezakezu.

Zure ABDaren kopia bat eskatu

Zure ABDaren kopia bat eska diezaiokezu Euskal Erregistroari, inprimaki hau erabiliz.

ABen Aurreztiako Borondteen Erregistroan inskribatutako ABDa kontsultatzea

Zuk edo zure ordezkariak Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroan inskribatutako ABDa kontsulta dezakezu telematikoki, aurrez identifikatuta, hemendik (arazorik izanez gero, gidaliburu hau kontsulta dezakezu).

Erregistroan inskribatutako ABD bat kontsultatu

Baita Aurretiazko Jarraibideen Erregistro Nazionalera (leiho berri batean irekitzen da) zuzenean sartuz ere.

Osakidetzaren web orritik ere egin dezakezu, zure osasun-karpetaren bidez.

Zure ABDaren lehen inskripzioa eskatzeko izapidea has dezakezu esteka honen bidez.

Baita Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroan inskribatuta dagoen ABD bat ordezteko edo errebokatzeko eskaera ere egin daiteke.

Tramitazio elektronikoa

Aurretiko hitzordua ABDa kudeatu edo aldatzeko.

Zure ABDaren inguruko edozein gestio egiteko (erregistratzea, aldatzea, ordeztea edo errebokatzea), hitzordua eska dezakezu Erregistroaren helbide eta telefonoen bidez, edo telematikoki, hemendik:

Hitzordua eskatu

Arazorik izanez gero, gidaliburu hau kontsulta dezakezu.

Hitzordua eska dezakezu dagokion Lurralde Ordezkaritzara deituta.

  • Arabako Osasuneko Lurralde Ordezkaritza
    • Olagibel kalea, 38
    • 01004 Vitoria-Gasteiz
    • Telefono-zenbakia: 945 01 71 48
  • Bizkaiko Osasuneko Lurralde Ordezkaritza
    • Errekalde zumarkalea 39
    • 48008 Bilbao
    • Telefono-zenbakia: 944 03 15 00
  • Gipuzkoako Osasuneko Lurralde Ordezkaritza
    • Antso Jakitunaren kalea, 35
    • 20010 Donostia-San Sebastián
    • Telefono-zenbakia: 943 02 30 06

Deskargatu daitezkeen ABDen eta beste eskaera batzuen eredu orientagarriak dauzkagu:

Formulario horiek ondo eta zure behar eta nahietara behar bezala egokituta betetzeko, irakur ezazu orri honetan dagoen informazioa, bakoitzari dagokion erlaitzean sakatuta.