Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Gizarte zerbitzuak, biztanleria guztia

Informazio-, balioespen-, diagnostiko- eta orientabide-zerbitzua

Definizioa eta helburua

Zerbitzu hau Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek eskaintzen dute, eta honako eginkizun hauek ditu:

  1. Pertsonei eta familiei honako alderdi hauei buruzko informazioa ematea:

    • Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren zerbitzu etab prestazioei buruz: zer premia eta egoerei erantzuten dieten; norentzat diren; haiek lortzeko baldintzak eta prozedurak; hala badagokio, aplikatutako prezio publikoa; eskaintzen duten arretaren intentsitatea; hainbat prestazio eta zerbitzu konbinatzeko aukera; prestazio eta/edo zerbitzu bakoitzaz arduratzen den admi- nistrazioa.

    • Beren eskubideak eta betebeharrak, premien balioespen bat eta, hala badagokio, gizarte- diagnostiko bat eta Arreta Pertsonalizatuko Plan (APP) bat izateko eskubidea bereziki azpimarratuta.

    • Prestazio eta zerbitzu bakoitzak, eta, hala badagokio, haien modalitateek tartean sartutako pertsona guztiei eragiten dizkieten kostuak eta etekinak, ekonomiari dagokionez ez ezik, denborari, osasunari eta lan-gainkargari dagokionez ere.

    • Eskaeraren bilakaera.

  2. Dagokion pertsonaren eta haren testuinguruaren hasierako balioespena egitea, eta, balioespen horren oinarriaren gainean ondorioztatzen bada beharrezkoa izan litekeela jarraipena egitea eskatzen duen esku-hartze bat, hasierako gizarte-diagnostiko bat egitea; horretarako, pertsona eta familia interesdunen eta haien laguntza-sarearen partaidetza izango da beti, ahal den neurrian.

  3. Pertsonari edo pertsonei informazioa ematea Zorroaren prestazio ekonomikoari eta/edo zerbitzuari edota prestazioen eta zerbitzuen konbinazioari buruz, haiek dituzten premiei erantzuteko egokiena zein den jakin dezaten, eta/edo, bidezkoa bada, arreta emateko beste sistema edo politika batzuetako baliabideetara bideratzea.

  4. Diagnostikoak horrelakorik gomendatzen badu, kasuan erreferente gisa jardungo duen profesional bat izendatzea. Profesional horrek, pertsona eta/edo familia erabiltzailearen partaidetzarekin, Arreta Pertsonalizatuko Plan bat egingo du eta Plan horren kudeaketa hartuko du bere gain, tartean sartutako beste sistema eta agente batzuekin koordinatuta, Arreta Pertsonalizatuko Planean aurreikusitako jardunak abian jarriz eta Plan horren jarraipena eta aldizkako ebaluazioa eginez. Hori guztia, kasuaren erantzukizuna erreferentziazko beste profesional baten esku uzten ez denean izan ezik, Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearen 19. artikuluan eta Dekretu honetan aurreikusitakoaren arabera.

  5. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren zerbitzuak eta prestazio ekonomikoak lortzeko aukera antolatzera bideratutako izapidetze-, kudeaketa- eta koordinazio-eginkizunak gauzatzea.

  6. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren arreta eta babesa eska dezakeen biztanleriaren gizarte-premiak atzematea eta behar diren jardunei hasiera ematea.

  7. Zerbitzuaren helburu nagusia pertsona eta familia erabiltzaileei Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema lortzeko informazioa ematea da, eta, hala badagokio, beste arreta-sistema batzuetara bideratzea.

Prestazioak

Gizarte-zerbitzuenak

  • Informazioa.
  • Premien hasierako balioespena, eta, hala badagokio, jarraipen-balioespena.
  • Hasierako gizarte-diagnostikoa.
  • Orientabidea.
  • Lagun egite soziala.

Hartzaileak

Egoera: Biztanleria osoa.

Adina: Adin-mugarik gabe.

Lortzeko baldintzak

Administraziokoak

Baldintzarik gabe, Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearen 3.3 artikuluaren arabera.

Premiazkoak

Diagnostikoari lotutako prestazioa balioespenetik esku-hartzeak jarraipena beharko lukeela ondorioztatzen den kasuetan baino ez da lortuko. Orientabidea, bideratzea eta lagun egite soziala honako kasu hauetan soilik lortuko da: diagnostikoan egiaztatzen bada jarraipena behar duen esku-hartzea beharrezkoa dela eta, beraz, Arreta Pertsonalizatuko Plan bat egiten bada.

Argibide gehiagorako, jarri dagokizun oinarrizko gizarte-zerbitzuarekin harremanetan.

Gizarte-zerbitzuen eremuko parte-hartzea eta gizarteratzea sustatzeko zerbitzua

Definizioa eta helburua

Zerbitzu honek komunitatearen parte-hartze antolatua sustatzen du, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren berezko helburuak lortzeko eta gizarte-zerbitzuen bidez erantzuteko moduko premiei aurrea hartzeko eta erantzuteko. Bereziki, honako hauen parte-hartzea sustatuko da:

  1. beste gizarte-zerbitzu batzuen erabiltzaileak izanik edo izan gabe taldeen, sareen edo elkarrekiko laguntzako beste ekimen batzuen bidez premia horiei aurrea hartzen eta erantzuten parte hartu nahi duten pertsonena;

  2. herritarrena, oro har, helburu horietara bideratutako boluntariotza-jardueren bidez (gizarte-bolun-tariotza);

  3. toki-eremuan diharduten Gizarte Ekintzako Hirugarren Sektoreko erakundeenak;

  4. zerbitzuen eta zentroen erabiltzaileena eta, hala badagokio, ahaideena.

Honako jarduera hauek garatzen ditu: a) parte hartu nahi duten pertsonei informazioa eta orientabidea ematekoak; b) sentsibilizatzekoak, herritar guztientzat bideratuta daudenak; c) prestakuntzakoak, hala badagokio.

Zerbitzua ematen edo sustatzen deneko udalerria hartzen dute jarduerek jarduteko eremu geografikotzat edo udalerri hori hartzen dute eremu geografikotzat.

Prestazioak

Gizarte- zerbitzuenak

  • Informazioa eta orientabidea.
  • Prestakuntza, hala badagokio.
  • Bestelako prestazio teknikoak: sentsibilizazioa.

Hartzaileak

Egoera: Biztanleria osoa.

Adina: Adin-mugarik gabe.

Lortzeko baldintzak

Administraziokoak

  1. Pertsona fisikoen kasuan: ez da baldintzarik eskatzen.

  2. Erakundeek beren figura juridikoari dagokion erregistroan erregistratuta egon beharko dute, baita haiek jarduteko lurralde-eremuari dagokion Gizarte Zerbitzuei buruzko Erregistroan ere.

Premiazkoak

Ez dago baldintza gehigarririk, baldintza bakarra gizarte-zerbitzuen eremuan modu antolatutan parte hartzeko premia eta nahia da.

Argibide gehiagorako, jarri dagokizun oinarrizko gizarte-zerbitzuarekin harremanetan.

Mendetasuna, desgaitasuna, bazterkeria eta babesgabetasuna balioesteko eta diagnostikatzeko zerbitzua

Definizioa eta helburua

Zerbitzu honen bitartez, mendetasuneko, desgaitasuneko, babesgabetasuneko eta bazterkeriako egoerak identifikatu eta, hala badagokio, mailakatzen dira. Halaber, eskatzaileei orientabidea ematen die eta beren premietara hobekien egokitzen den zerbitzura edo prestazio ekonomikora, edo zerbitzu eta/edo prestazio ekonomikoen konbinaziora bideratzen ditu, betiere baldintzak betetzen badituzte. Honako hauek biltzen ditu:

  1. Eskaerak balioestea edo, hala badagokio, beste erakunde batzuek jakinarazitako egoerak balioestea, mendetasuneko, desgaitasuneko, babesgabetasuneko eta/edo bazterkeriako egoera posibleei dagokienez;

  2. Hala badagokio, gizarte-diagnostiko espezializatuak egitea, eta, kasuan kasu,Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren baliabideetara –egokiak direnetara– bideratzea, eta/edo egokitzat hartzen bada, erabiltzailea beste arreta-sistema edo arreta-politika batzuetako baliabideetara bideratzea.

Prestazioak

Gizarte zerbitzuenak

  • Gizarte-balioespen eta gizarte-diagnostiko espezializatuak.
  • Orientabidea.

Hartzaileak

Egoera: Biztanleria osoa.

Adina: Adin-mugarik gabe.

Lortzeko baldintzak

Administraziokoak

Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearen 3. artikuluan aurreikusitako titulartasun- baldintzak eta eskaera egiten denean Lurralde Historikoko udalerri batean erroldatuta egoteko baldintza ezin izango dira eskatu esku-hartzea adingabeei eragiten dieten babesgabetasun-arriskuko edo babesgabezia-arriskuko egoerak artatzeko bada.

Premiazkoak

Mendetasuneko, desgaitasuneko, babesgabetasuneko edo bazterkeriako egoeran egoteko aukeraren zantzuak izatea, premia-egoerak eta arriskuak balioesteko tresna komunetan zehaztutako baldintzen arabera.

Argibide gehiagorako, jarri dagokizun oinarrizko gizarte-zerbitzuarekin harremanetan.

Zerbitzuari Lotutako Prestazio Ekonomikoa – ZLPE

Eskumena

Udalena, aldundiena edo Eusko Jaurlaritzarena, lotzen den zerbitzuaren eskumena nork duen kontuan izanik.

Helburuak

Prestazio honen helburua honako hau da: Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistematik kanpo sistema horren Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoko prestazio edo zerbitzu baten antzeko ezaugarriak dituen eta erabiltzaileak horretarako eskubidea duen baina sistema horretan bildutako zerbitzuen esparruan une jakin batean, adibidez zerbitzu hori behar adina ezin denean estali, lortzeko aukera bermatu ezin zaion prestazioa edo zerbitzua lor dezan erraztea. Aurrekoa Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren plangintzan aurreikusitakoaren arabera beren hornidura garatzen ari den zerbitzuei bakarrik aplikatuko zaie.

Prestazioen ezaugarriak eta haiek jasotzeko baldintzak

  1. Mendetasun-egoeran dagoen pertsonaren bati arreta emateko bada, Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren barruan kokatuta dago. Beste prestazio ekonomiko edo zerbitzu batzuekin bateragarria edo bateraezina den erabakitzeko, batera-garritasun- eta bateraezintasun-araubidean lortu nahi duen zerbitzuari dagokionez ezarrita dagoena izango da kontuan.

  2. Aldian behingoa da.

  3. Aldi baterakoa eta salbuespen modukoa da, eta erabiltzailearen eskubidea aitortzen den unetik Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren barnean dagokion prestazioa edo zerbitzua efektiboki lortzen duen unera bitarteko aldirako bakarrik ematen da, Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearen 16.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

  4. Prestazioa pertsonak Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman txertatutako zerbitzuren bat lortzen duenean iraungitzen da.

Zenbatekoa

Gehieneko zenbatekoa urtero finkatzen dute administrazio eskudunek.

Mendetasun-egoeran dauden pertsonentzat denean, Estatuak ekitaldi bakoitzerako ezarritakoa hartuko du zenbateko horrek erreferentziatzat.

Gehieneko zenbateko horiek murriztu egiten dira honako hauek kontuan izanik:

  1. Zerbitzuaren kostua, aipatutako gehieneko zenbateko-mugarekin.

  2. Eskatzailearen banako gaitasun ekonomikoa, erabiltzaileek Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen finantzaketan ordaintzera behartuta dauden pertsonen partaidetza ekonomikorako irizpide orokorrak erregulatzeko araudian horri dagokionez zehaztutako moduan.

  3. Arreta emateko gizarte-zerbitzu bat edo bestelakoren bat aldi berean erabiltzea, telelaguntza-zerbitzuaren kasuan izan ezik; telelaguntza-zerbitzua prestazio ekonomikoarekin batera egin daiteke, horren zenbatekoan eraginik izan gabe.

  4. Antzeko izaera eta helburua duten bestelako prestazioak –gizarte-babeserako erregimen publikoetan ezarritakoak– kobratzea: a) baliaezintasun handiko osagarria; b) % 75eko edo hortik gorako desgaitasun-gradua duen 18 urtez gorako ardurapeko seme edo alaba bakoitzarengatiko esleipen ekonomikoaren gehigarria; c) hirugarren pertsonak kotizazio gabeko baliaezintasun-pentsioa behar izateagatiko gehigarria.

Hartzaileak

Egoera: Kasu bakoitzean prestazio ekonomikoa lotuta dagoen zerbitzuari dagozkion egoerak aplikatuko dira.

Adina: Kasu bakoitzean prestazio ekonomikoa lotuta dagoen zerbitzuari dagozkion adin-mugak aplikatuko dira.

Lortzeko baldintzak

  1. Prestazioari lotutako zerbitzuak eskuratzeko baldintza propioak betetzea.

  2. Eskaera aurkezten den egunean, prestazioa eskatzen den administrazioari dagokion Lurralde Historikoko udalerriren batean erroldatuta egotea eta bertan erroldatuta egoten jarraitzea prestazioa jasotzen den denbora guztian, prestazioa lortzen duten pertsonak gizarte-premiazko egoeran daudenean salbu, betiere 1.9.1 fitxan biltzen diren terminoetan.

  3. Izaera horretako behar bezala baimendutako zerbitzu batean plaza edo zerbitzu pribatua duela egiaztatzea.

Argibide gehiagorako, jarri dagokizun oinarrizko gizarte-zerbitzuarekin harremanetan.