Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Azken eguneratzea: 2010/02/16
Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialeko mahaiak Zamudion elkartu dira datozen urteetarako alokairuen politikaz eztabaidatzeko

Etxebizitzaren aldeko itunaren hirugarren jardunaldian, Innobasquek Zamudion duen egoitzan egin baita, gizartearen arlo guztietako 60 pertsonatik gora elkartu dira, datozen urteetan ezarri beharko litzatekeen alokairu-politikaz eztabaidatzeko.

Lanari ekin aurretik, Mari Paz Larrumbide Etxebizitzako sailburuordeak eta Mario Yoldi Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendariak sarrera bat egin dute Euskadin alokairuaren egoera egun zertan den eta Etxebizitza Sailak horren inguruan egindako hausnarketak azaltze aldera.

Sailburuordeak esan duenez, Saila alokairuko etxebizitzak bultzatzearen alde dago, baina baliabideak mugatuak direla eta egun bizi dugun egoera ekonomikoa bentan zaila dela kontuan izanik, ezinbestekoa omen da jabetzako etxebizitzak eraikitzen jarraitzea, eta aldi berean alokairuko etxebizitzak sustatzeko politika ahalbidetuko duten finantzaketa-tresnak lortzeko modu berriak bilatzea.

Horrela bada, Sailak tresna berri bat jarri du martxan; sustatzaile pribatuek etxebizitzak eraikiko dituzte, baina Jaurlaritzari alokatuko dizkiote 30 urterako. 30 urteko epe hori igarotakoan Jaurlaritzaren eskura igaroko dira, eta hartara Jaurlaritzaren alokairuko etxebizitzen parke egonkorra handitu egingo da. Hain zuzen ere, aurten alokairuko 1.600 etxebizitza eraikiko dira, emakida bidezko tresna berritzaile honen bidez; eta beste 1.000 Sailaren baliabide propioak erabiliz. 

Alokatzeko etxebizitzak eraikitzeko baliabideak lortzeko beste tresna bat, Iñaki Arriola Etxebizitza sailburuak iragarri bezala, azalera-eskubidearen salmenta izango da.

Larrumbidek bereziki azpimarratu du alokairuko etxebizitzen sustapenerako neurri fiskalak berrikusi eta hobetu beharra dagoela, bai jabeari, bai maizterrari dagokienean. 

Etxebizitza Sailak alokatzeko etxebizitza libreen parkea handitzeko kontua ere jarri du mahai gainean; horretarako, etxebizitza hutsak mobilizatu beharko lirateke, zaharrak nahiz berriak, eta jabeari nahiz maizterrari bermea eta segurtasun juridiko osoa eskainiko dizkioten tresnak sortu. Era berean, eragileen paperaz ere mintzatu dira, batez ere, udalena bultzatzeaz, eta erakundeen arteko lankidetza areagotzeaz.  Alde horretatik, erakunde batzuek eta besteek bideratutako etxebizitza-politiken inbentarioa egitea komeni dela aipatu dute.

Bestetik, horrelako etxebizitzak egiteko merkatuan lurzoru gehiago jartzeko beharraz eztabaidatu da, eta behar bereziei erantzuteko nahikoa izango den alokairuko etxebizitza-parke bat lortzeko moduaz.

Gaur egun, Euskadiko etxebizitza-parke publikoa 58.067 etxebizitzak osatzen dute, eta horietatik 19.995 dira alokatzekoak; hau da, etxebizitzen % 34,43 alokairukoa da.

Jardunaldi honekin hiru ditugu etxebizitzaren inguruan adostasun zabal bat lortu eta etxebizitzaren aldeko itun bat mamitzeko egindako jardunaldiak. Aurreko bietan babes publikoko etxebizitzen sustapena eta birgaitze-politika izan ziren eztabaidagai.

Datozen urteetan aplikatuko den alokairu-politikaren inguruko akordioa lortze aldera, hona hemen gaurko lan-taldeek aztertu dituzten gaiak, besteak beste:

  • Alokairuko parkearen sustapena
  • Alokairuko etxebizitzako berme eta segurtasun juridikoa
  • Babestutako etxebizitza-parkearen gizarte-eginkizuna bermatzea.
  • Kolektibo behartsuenen trataera espezifikoa
  • Alokatzeko zuzkidurazko bizitokietarako lurzoruen erabilgarritasuna
  • Eragile publikoen lankidetza
  • Etxebideko eskatzaileek erabil ditzaten baliatutako eta alokairuan dauden etxebizitza libreen arautegi- eta arbitraje-bermeak
  • Txandakako etxebizitza erabilgarrien inbentarioa
  • Irisgarritasuna
  • Bizi ibilbidea eta trukatzeko mekanismoak

Gaurko jardunaldian parte hartu dutenak: eraikitzaileen elkarteetako ordezkariak, sustatzaileak, jabeak, auzokideak, finantza-erakundeak, udalak, Eudel,  sindikatuak, aparejadoreak, Gizarteratze Zuzendaritza, arkitektoak, alderdi politikoak, hirigintza-elkarteak, etorkinen laguntzarako GKEak, Guraso Banatuen Elkartea, Kontsumitzaileen Elkartea, Udal Etxebizitzak, etab. 

Aurkezpen-jardunaldia 2009ko azaroaren 23an egin ondoren, beste bi jardunaldi egin dira, babes publikoko etxebizitzen sustapena eta birgaitze-politikak aztertu eta eztabaidatu direlarik. Parte hartu zuten erakundeen ondorioak eta ekarpenak aztertu dira eta bihar egingo den jardunaldian datozen urteetan aplikatuko den alokairu-politika aztertu eta eztabaidatuko da sakonean.
 
Hasitako prozesuaren helburua da etxebizitzaren arloan inplikaturiko agente publiko, sozial eta pribatu guztien arteko adostasuna lortzea, Euskadin hurrengo urteetan garatu beharreko ildo estrategikoak eta jardun-eremuak bideratzeko aukera emanez, eta Sailak aurten Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko duen Etxebizitzari buruzko Lege Proiekturako oinarri gisa balio dezan.

Jaurlaritzak uste du parte-hartzaile guztien lankidetza eta ekarpenak funtsezkoak direla helburu handi hori lortzeko.

Ospatuko diren jardunaldietan erakundeek, eragile ekonomikoek eta gizarte eragileek, alderdi politikoek, sindikatuek, era guztietako hainbat elkartek, sustatzaileek eta abarrek hartuko dute parte hainbat lan-mahaitan banatuta.